Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago Bizkarsoro filma, XX. mendean. Euskarak eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. «Euskararen aurkako jazarpenaren eta euskaldunen bizitzeko gogoaren historia» kontatzen du. Hain zuzen. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istorio gurutzatzen dira pelikulan istorio bakarra osatuz. Euskarak batzen ditu denak, euskaldun izateko nahi eta ezina da filmaren haria. Euskararen desagertzea hezurmamitzen badu ere, istorio lokal bat baino istorio unibertsal bat da Bizkarsoro, Josu Martinez zuzendari eta gidoilariaren hitzetan. “Ruper Ordorikak kantatzen duen bezala, 5.000 kultura desagertu dira historian zehar eta ez da euskalduna izan behar hau ulertzeko”.

Aspaldi zuen gaia buruan bilbotar zuzendariak eta Bernardo Bertolucci zinemagilearen Novecento pelikula erreferentziatzat hartuta pentsatu zuen polita izan zitekeela halako zerbait egitea euskal jendearekin. “Nola belaunaldi ezberdinen artean langile mugimendua garatzen den, eta nola harreman-tzen diren burgesiarekin”. Bestalde, doktore tesia egin zuenean asko landu zuen Iparraldeko XX. mendeko testuinguru sozial eta kulturala.

Halaber, dokumentalista izanik, beti egiten du dokumentazio eta ikerketa lan handia Martinezek. Bere lehen film luzea du hau. Hala, Bizkarsoro fikzioa dela argi utzi nahi izan duen arren, nabarmendu du asko duela errealitatetik. Dokumentazio lana ezinbestekoa izan baitu. “Aldi honetan ere oso gauza gutxi asmatu dut, istorioak eta pertsonaiek esaten dituzten esaldiak adibidez han edo hemen bildutakoak dira”. Lekukotza asko idatzietatik, gutunetatik eta idazleen testuetatik hartu ditu. Bestalde, eta, bereziki, azkeneko istorioetan ahozko lekukotzetatik abiatu da, hamaikaelkarrizketa egin ditu, ostean denak istorio batetan iraultzeko.

Herritarrak protagonista

Pelikula osoan zehar bost istorioekin istorio bakar bat osatu, eta estilo aldetik ere garapen bat egon zedin saiatu dela adierazi du Martinezek. “Garai bakoitzak bere estiloa izan zezan baina konexioak ere bai batetik bestera”. Filmak irauten duen ia ordu eta erdian leku berdinak ageri dira. Urtaro eta garai ezberdinetan lekuak edota pertsonaien artean familien arteko harremanak aldatzen dira. Horrez gain, atal bakoitzean belaunaldi batek du protagonismoa, batean gerra garaian semearen zain dagoen ama, besteetan amatxi bat, seme-alabak edo legez kanpoko ikastola batean ikasle diren haurrak ageri dira. “Mosaiko bat osatu nahi nuen belaunaldi ezberdinei emanez hitza garai ezberdinetan”. Hala, azpimarratzekoa da gehienetan protagonistak emakumeak direla. Zuzendariaren ustez, euskararen transmisio horretan zapalkuntzak metatu egiten dira.

Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago filma, XX. mendean. Gastibeltza filmak

Bilbotar sortua, Baigorrin bizitzen daramatza zenbait urte eta ezagu-tzen zuelako erabaki zuen pelikula bertan lekukotzea. Auzolanerako dagoen tradizio handia azpimarratu du. “Tradizio militante handia dago eta horri esker jendea ekimenei lotzen da, horregatik izan da posible Bizkarsoro egitea”. Hain zuzen, bertako herritarrak dira Bizkarsororen unibertsoa osatzen dutenak. Hala, prozesu ederra izan dela aitortu du zuzendariak. “Hasieratik garbi nuen polita izango zela egiazko istorio bat zenez egiazko pertsonaiak izatea egiazko historia kontatzen zutenak”. Kasu askotan, jokatuko zuten pertsonaiekin bizipenetan antza zuten herritarrak bilatu dituzte. “Horrek errealismo bat eman dio eta pertsona horiek jokatzen duten pertsonaiarekiko konexio bat eman die”. Martinezek aitortu du seguru asko beste istorio baterako herritar askok ez zietela baietzik emango. “Uste dut oso hurbila sentitzen zutela, beraien historia propioa kontatzen ari zirela sentitzen zuten”.

Bost urteko lan prozesua

Guztira, bost urte luzeko lan prozesua izan da Bizkarsoro filma osatzea. Martinezek aitortu du ahal zuen eta zekien bezain ongi egin duela eta pozik dagoela emai-tzarekin. “Sentitzen dut jendeari iristen zaiola”. 2017.urtean Joseba Sarrionandiaren poema batzuetatik abiatuta egin zuen lehenbiziko zatia. “Hastapenetik pentsatu nuen ez nintzela geldituko 1914an, eta polita litzatekeela kontatzea mende oso batetan herri txiki batek nolako bilakaera izan duen kulturari dagokionez”. Ze aldaketa kosmiko eman den eta hori zergatik gertatu den ikus zedin nahi zuen. “Azken finean, ez dela heriotza natural bat, baizik eta botere harremanek baldintzatutako gutxitze edo amiltze bat”.  

Urte bakoitzeko atal bat grabatu dute. “Urtero filmaketa txiki bat egin dugu lauzpabost egunekoa”. Orotara filma osatzeko hamazazpi bat egun eman dituzte. Horregatik, Martinezek uste du beste pelikula mota bat dela; herri zinematzat deskribatu du. “Aipatutako arrazoiengatik egiteko moduan dudarik gabe pelikula arraroa da, ez da inolaz ere konbentzionala. Herritarrei esker atera ahal izan dugu aurrera pelikula hau”. Halaber, film luze batek normalean kostatzen duena baino askoz baliabide gutxiagorekin egin dute. “Azkenean, ez da zenbat dirurekin egiten duzun baizik eta ze gaitasun duzun jendearengana iristeko”.

Pelikularen xehetasunak eta datozen asteetako emanaldiak pelikularen webgunean kontsulta daitezke: bizkarsoro.eus atarian, hain zuzen ere. Saioak gehitu ahala eguneratuko dute zerrenda. Halaber, UEMAko parte diren herrietan ere eskainiko dute filma.

“Iruditzen zait garai batean euskararen zapalkuntzarekiko zegoen kontzientzia apaldu egin dela”

Euskaren egoera minorizatua nabarmentzea garrantzitsua iruditzen zaio Martinezi, eta uste du euskararekin memoria lan bat egitea beharrezkoa dela. Euskarak bizi duen zapalkuntza izan da filma egiteko arrazoietako bat

Josu Martinez / Gastibeltza filmak


Irailean Donostiako zinemaldian aurkeztu ostean, urtarrilaren 12an estreinatu zuten Bizkarsoro Euskal Herriko hainbat herritan aldi berean. Halaber, estreinaldiko lehen asteburuan 3.000 pertsonek ikusi zuten. Josu Martinez (Bilbo, 1986) zuzendaria pozik dago pelikulak izandako harrerarekin. “Jendeak asko parte hartu du emanaldietan, nolabait berea egin du filma, bere bizipenekin konektatu du eta hori asko da”. Zinemagileak zapalkuntza baten istorioa ekarri nahi izan du pantailara bere lehen film luzean. Dioenez, beta ematen du gai batzuk mahai gainean jar-tzeko eta euskarak behar du horretaz hitz egin, eztabaidak sortu eta defendatuz oldarraldiei erantzun. “Ez da konplexuekin eta inor ez molestatzeko kontuz ibiltzeko momentua”.




Euskal Herriko hainbat herritan une berean estreinatu zen pelikula. Ze garrantzia du horrek?


Ez da askotan gertatzen den zerbait. Orokorrean pelikulak Hego Euskal Herrian estreinatzen dira eta handik eta hilabete batzuetara Ipar Euskal Herrian, banatzaileekin zaila izaten delako. Bi edo hiru kilometroren aldean pelikula bat ikusi ahal ez izatea Gastibeltza ekoiztetxeko kideei ez zaigu oso zen-tzuzkoa iruditzen. Horregatik beti saiatzen gara aldi berean estreina-tzen, nahiz eta beti erraza ez izan. Kasu honetan ,gure pelikula zenez, posible izan da.


Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Euskaldun guztion istorioa da?


Guztiona ez dakit, baina askorena bai. Lehen aste hauetan horrela demostratu da. Tolosa, Itsasu, Durango zein Gasteizko emanaldietan, besteak beste, askok esaten zuten errealitate hori hurbiletik ezagutu dutela. Horregatik ez da soilik Baigorriri buruzko pelikula bat, nolabait Obaba edota Gabriel Marquezen Macondo herrixkak bezala edonon egon daitekeen herri bat sortzea zen helburua.




“Jo, aspergarria da euskalduna izaitea” esaldia entzuten da pelikularen azken minutuetan. Egun, Auzitegien oldarraldiak, Seaskako ikastolen ixteak ditugu, besteak beste. Lau hamarkadaren ondoren. egoera zertan aldatu da?


Dudarik gabe gauza askotan asko egin dugu aurrera. Hori ukaezina da eta tontakeria bat litzateke esatea duela hainbat urte bezala gaudela. Gauza batzuetan askoz hobeto gaude, baina beste batzuetan beharbada, ez hainbeste. Alde batetik, iruditzen zait garai batean euskararen zapalkuntzarekiko zegoen kontzientzia apaldu egin dela, jende askori ahaztu egiten zaio euskararen zapalkuntza hori izan dela eta segitzen duela izaten. Halaber, hori izan da pelikula hau egiteko arrazoietako bat. Gaur egun askok uste dute euskara gaztelaniaren edo frantsesaren mailan dagoela armonia perfektu batean, eta ez dute ulertzen zertaz kexatzen garen. Garrantzitsua da azpimarratzea euskararen egoera minorizatua ez dela gertatzen euria egiten duelako, baizik eta zapalkuntza baten historia delako. Beste zenbait gairekin memoria egiten den bezala uste dut euskararekin ere egin behar dela lan hori eta ez dela egiten.




Bestetik, uste dut zapalkuntza horrek ez hain modu begi bistakoekin agian, baina dudarik gabe, segitzen duela. Oraindik ere oso errotuta dagoen ideologia bat dago horren azpian, ideologia bat ez balitz bezala onartuta daukaguna, baita euskaldun askok ere. Euskara hizkuntza txikia eta zaharra delako ezin dela dena egin defendatzen duena. Hori da egun aipa-tzen den oldarraldi horren azpian dagoen arrazoi nagusia, jende asko eta askorengan dago ideologia supremazista sartua. Horregatik , agerian utzi behar da, ez baitu ez hanka ez buru zientifikoki.




“Badakit batzuei ez zaiela filma gustatu, eta biziki kontent naiz horrekin” adierazi izan duzu. Zergatik kontatu behar da euskara jazarria eta zapaldua izan zela?


Batzuei ezeroso sentiarazten die gauza hauetaz hitz egiteak, senti-tzen dutelako erasotuak direla. Ez daukat inor erasotzeko asmorik baina pozten nau erosotasun egoera horretatik ateratzeak eta horiei aurre egiteak. Garrantzitsua da eztabaidatzea eta desmuntatzea. Bestela gaur egun inork ez du esango euskararen kontra dagoenik, ai-tzitik, denek esango dute maite dutela. Euskararen inguruan erroetara ez doan kontsentsu bat ageri da, eta azalean gelditzen den horrek ito egiten du momentu honetan euskara. Diskriminazio bat dagoenean soluzioa ez da isilik gelditzea.




Euskarak merezi duela demostratu nahi izan duzu nolabait?


Merezi duela ez da demostratu behar. Euskaraz egiten dugu frantses batek frantsesez edo daniar batek danieraz egiten duen bezala. Filma honek egin den moduagatik erakusten du egin daitekeela euskaraz. Hain zuzen, ba-tzuetan euskararen egoeragatik gauzak ezinezkoak ziren posible izan diren arte edota norbait saiatu den arte.