Iruran jaiotako tolosarra. Irrati esataria eta telebista aurkezlea. Ahots eta aurpegi ezaguna euskaldunon etxeetan; gu lanean, kotxean edo lanean, eta bera irratiaren zein telebistaren beste aldean. Bera gure ahots, gu bere belarri. Gazte-gaztea zela hasi zuen bere ibilbide profesionala, Gaztea saioan, hain zuzen ere: musika jartzen lehendabizi, programa desberdinetan gero, eta azken zazpi urteak goizetako Dida programa gidatzen. Telebistara ere egin zuen salto; Gu Ta Gutarrak eta Gure Kasa saioetako aurkezle aritu zeneko momentuak gogoratuko dituzte askok eta askok. Orain ere ez dago geldi, udako Gora Bihotzak saioa aurkezten ari da eta. Irratian zein telebistan, entretenimenduan aritzen da Julen Telleria; izan ere, horrek definitzen du gehien arlo profesionalean. Sarri askotan erakutsi izan du: kirolzalea da oso; orain, bereziki, korrika aritzen da. Eta korrika ez, patxadaz erantzun ditu bere kultur gomendioak.
Julen Telleriaren kultur gomendioak
Abesti bat: Zilibito Records taldearen Malibu. Astero aldatzen dut nire abesti gustukoena, eta orain honek nauka harrapatuta. Dantzari txarra izan arren, abesti dantzagarriak gustatzen zaizkit.
Musika talde bat: Tatxers. Goizean oskorri lehendabizikoz entzun nuenean jakin nuen maitasun harreman bat hasiko nuela talde honekin. Betiko estilo bat inoiz ez bezala landua.
Liburu bat: Ander Izagirreren Beruna patrikan. Aitor dezadan ez naizela batere irakurzalea, baina zerbaiti ekitekotan, era honetako istoriei heltzen diet. Oso tour-zalea naiz, gainera.
Antzezlan bat: Nekatutak bakarrizketa. Akaso, Antton anaia dudalako izango da, baina esango nuke beste ezerk ez didala taula gainetik horrenbeste emozio eragin. Emozio eta barre.
Film/telesail bat: Tarantinoren denak. Berdin dit Inglourious Basterds edo Once upon a time in Hollywood, edota Pulp fiction. Quentinena bada, gustatzen zait.
Kultur espazio bat: Bilboko Kafe Antzokia. Ikasle garaian astero joaten ginen, eta asko gustatzen zait hango mugimendua. Beti sentitzen naiz bertan etxean bezala.
Aurkezle bat: Gustatuko litzaidake euskal erreferentziaren bat aipatzea, bai baitaude, baina, nire buruarekin zintzoa izate aldera, Andreu eta Berto izendatu behar ditut.