Itsasoa osatzen duten olatuek haien bidea eraikitzen dute mihiseraino iritsi arte. Pintzelkadek uhin hauen mugimenduak harrapatzen dituzte argazki kameraren laguntzaz. Bi erremintak funtsezkoak bilakatzen dira galeriaren ateak irekitzerako orduan, ur masa nagusi duen erakusketaren denboraldizko etxe bilakatu baita. Aparraz, mugimenduz eta baretasunez jositako margolanek eta fotografiek talka egiten dute, ikusleak erakusketaren bagetan murgiltzeko asmoz.
Korronteak erakusketa osatzeko elkartu dira Oaia Peruarena margolaria (Irun, Gipuzkoa, 1972) eta Patxi Laskarai argazkilaria (Izpura, Nafarroa Beherea, 1967). Artisten bi ogibideak batu dira bertan, obren emaitza berezia lortuz. Argazkiak eta margolanak mihisean topo eginez, tarteka bata bestearen gainean jarriz, beste batzuetan parean, itsasoak igarri ditzakeen sentimenduak kaleratzen ditu. Artisten elkarlana urrutitik datorrela esan daiteke. Laskarairen arabera, interesgarriagoa iruditzen zitzaion kolaborazioz jositako lan batean jardutea bakarkako lan bat gauzatzea baino. Bestetik, Peruarenak argazkilaria lehenagotik ezagutzen zuela azaldu du: “Beste hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu dugu”. Azkenean, kafe baten inguruan, elkarrekin lan egitea interesgarria iruditu zitzaienez, erakusketa honen sorketan abiatu ziren.
Erakusketa publiko guztiarentzat irekia egongo da Donostiako Ekain Arte Lanak Galerian uztailaren 8a arte. Kokalekuaren hautaketa ez da ausazkoa izan gainera: “Jada bertara erakusketa pare bat eraman ditut”, adierazi du Peruarenak. Hori dela eta, proposamena Rita Unzurrunzaga galeriaren zuzendariari erakutsi zioten, haren interesaren aurrean erakusketa bertan kokatzea erabakiz.
Korronteak osatzen
Maiz entzuten da artisten hasierako zirriborroa azken emaitzaren oso ezberdina izan ohi dela, eta hau ez da salbuespena. Korronteak erakusketaren jaiotzara joateko hiru-lau urte atzera egin beharra dago, pandemia aurretiko garaira, hain zuzen ere. Peruarenak kontatu duenez, lehenengo lanean proiektua hiru gaitan zegoen sailkatuta, hala nola, txoriak, etxea eta itsasoa. Korronteak erakusketaren kasuan, itsasoa etxearen testuinguruaren barruan sartzen da: “Etxearen ideia bi modutan ulertzen genuen; etxe fisikoa edo guk etxea hitzarekin lotzen dugun eraikina, eta natura gure etxea bezala”.
Mendikoa izanez, argazkilariak itsasoarengan duen ikuspuntua ezberdina da: “Nire ustez bai mendia, baita itsasoa, paisaiak izateaz gain, bortitzak ere badira”. Ikuspegia ezberdina izan arren, proiektua aurrera eramateko garaian ez dutela inolako arazorik izan nabarmendu du Laskaraik. Hasiera batean berak egindako argazkiak Peruarenari bidaltzen zizkion, ondoren honek gainean margotuz. Honen aurrean argazkilariak oraingo honetan zerbait ezberdina egiteko beharra nabaritu zuen, beraz bi arteak beste modu batean batzea erabaki zuten, azken emaitza lortuz.
Behin gaia zehaztuta, obrek haien forma hartzen zuten argazkien eta margolanen kokalekua zehazten joan ziren heinean. Argazkiak hasieran atzealde gisa finkatuta egon arren, azkenean beste ibilbide bat hartu zuten, arte formatu bakoitzaren kokalekua aldatuz. Tarteka biak parekatuta daude, besteetan margolanaren atzealdea argazkiak osatzen duen bitartean. Izenari dagokionez, margolariak korrontea “norberak erabakitzen ez duen mugimendua” dela uste du, “norbanakoa mugitzen duena”, hain zuzen ere. Hortaz, izenburuak itsasoaren izaera islatzen du, era berean erakusketaren sortze prozesuaren irudikapen gisa funtzionatuz.
Barruko indarra
Materialak ezinbestekoak izan dira korrontearen norabidea ezartzeko garaian. Margolariak azaldu duenez, eskuz eginiko paperak erabiliz lortu dute argazkiak modu egokienean gauzatzea. Horren eragina nabarmena suertatu da margolanak egiteko materialak hautatzerako orduan, bateragarritasuna ezinbestekoa baita. Hori dela eta, margo akrilikoak eta arkatz akuarelagarriak erabiltzea erabaki zuen Peruarenak. Akuarelak keinu azkarragoa eta arkatzak emaitza arinagoa eman arren, ekarpenak artistak egiten duela azaldu du: “Egia da margo batek indar handiagoa ematen diola besteak baino, baina ekartzen duena zuk barruan duzun indarra da”. Materialez gain, argazkien kokalekuak ere ezinbestekoak izan dira proiektu hau osatzeko. Hauen artean Jaizkibel, Hondarribia eta Ziburu aurki daitezke.
Artelanez hitz egiterakoan, teknikak eta hauek gauzatzeko materialak etortzen dira burura, baina artista bakoitzak funtsezko elementu bat bilatzen du honen baitan, onargarriak izan daitezen. Peruarenaren ustez, artelanek “egia” eduki behar dute. Itsasoa, egia, etxea, bortizkeria, elementu horiek guztiak dira Korronteak erakusketako obren abiapuntua. Ikusleek osagaien nolakotasuna igartzea lortzen dute artistek, mihiseak irudikatzen duen munduan murgilduz.