Musikariak eta lagunak dira Joseba Zupiria (Bilbo, 1996) eta Jon Benjamin Aurrekoetxea (Bilbo, 1996). Errima eta erritmo artean sortu zuten Sigeruban eta Pulagzon proiektua 2019an. Pasioz eta ilusioz, rap doinuetatik doinu elektronikoetara egin dute salto azkenaldian. Hiru album plazaratu dituzte batera, Zupiria abeslari lanetan eta Aurrekoetxea ekoizle lanetan. Orain, ordea, bien ahotsak tartekatzen dituzte zuzenekoetan.
Musikaren munduan norbera bere aldetik murgildu zen ala batera ekin zenioten bideari?
Jon Benjamin Aurrekoetxea: Bakoitza bere kabuz. Ni hasi nintzen lehenago, 13 bat urterekin, etxean ordenagailuarekin inprobisatzen. 15-16 urterekin ja lehenengo singleak atertzen hasi nintzen eta Josebarekin musika egiten beranduago, 19 urterekin edo animatu zen.
Joseba Zupiria: Ni txikitan hasi nintzen baxua jotzen. Gero lagunekin eduki nuen talde bat institutuan, eta handik hasi nintzen abestiak egiten, lagunekin. Beti tiratu izan dut raperantz eta Jonekin probatzera animatu nintzen.
Nola sortzen de Sigeruban eta Pulagzon binomioa?
J.A.: Kasualitatez. Lagunak gara eta antzeko musika gustatzen zaigu. Gogoko dugu rapa egitea. Nahiz eta orain beste estilo batzuk jorratu, hortik sortu zen.
J.Z.: Guk inoiz ez dugu ikusi gure artekoa talde bat bezala, baizik eta bi pertsona kolaboratzen proiektu komun batean. Horregatik ez da taldearen izena hitz bat edo kontzeptu bat, baizik eta bi musikarien izenak.
Zein asmorekin jaio zen Sigeruban eta Pulagzon?
J.Z.: Ez dugu inoiz izugarrizko espektatibarik eduki gure musikarekiko. Badakigu zein partida jokatzen ari garen. Egiten dugu musika bat guri asko gustatzen zaiguna, baina orokorrean oso zalea izan behar zarena kontzertu oso bat ikusteko. Euskaraz egiten dugu, etxean ekoizten dugu, beti egin izan dugu dena gure kabuz. Guretzat proiektu polita da eta laguntzen digu gauzak kanpora ateratzen, baina aukerak mugatuak dira.
Zergatik dira aukerak hain mugatuak?
J.A.: Panorama dela eta. Euskal hip hop-ak edo musika urbanoak Euskal Herrian presentzia gutxi dauka eta zaila da tokia egitea.
J.Z.: Eta, horrez gain, Euskal Herrian musikariak kokatu ditzakegu bi taldetan: batetik, politizatuagoak dauden taldeak; eta, bestetik, guztiz bizitza profesionala egiten dutenak eta ez direnak sartzen eta dauzkatenak beraien plazak eta proiektuak. Bi munduak, era berean, oso mugatuta daude horren atzean dagoen industriarengatik. Plaza, jai zein ekintza zehatz batzuetan parte hartzen baduzu, beste toki oparoago batzuetatik ez zaituzte deituko.
Estiloari dagokionez, bilakaera bat egon dela aipatu duzue…
J.A.: Hasieran rapa egiten hasi ginen eta denborarekin dena transformatu egin da. Trap musikarantz egiten hasi ginen tarte batez, baina gero reggaetoi edo musika elektronikoago batera joan gara.
Zerbaitek eragin du aldaketa?
J.Z.: Osagai asko dituen zopa bat da. Bakoitzaren hazkuntza pertsonala, kanpoko erreferentziak, modak, bakoitza zein tokitan ibiltzen den eta ibiltzen den toki horietan zein musika jartzen den, inguruko jendeak zer entzuten duen… Lehen ginen boom bap garbia (danbor kutxa, baxua eta melodia), eta orain, berriz, gara autotunez blai.
Zenbait album kaleratu dituzue, baina azkenaldian formatu fisikoa alboratu duzue, ezta?
J.A.: Ni nire kabuz singleetara joan naiz batez ere, bideoak edo kantak Youtuben botatzera. Baina, Sigeruban eta Pulagzon gisa aurkeztu ditugunean album formatua jorratu dugu batez ere.
J.Z.: Jon beti ibili izan da gauza ezberdinak egiten eta probatzen modu jarraiago batean. Nik ditudan lanak daude oso mugatuta. Lehen diskoa da oso rap, bigarrena da trap eta hirugarrena da drill. Eta orain ez dugu ezer album moduan aterako, ja dena kanta moduan aterako dugu. Jonek baditu lanak bereak bakarrik direnak, baina nire lan guztiak bionak dira.
Orain zer duzue esku artean?
J.Z.: Gure proiektu berria zuzenekoetara bideratuta dago. Erritmo dantzagarriak dira. Biok ibiltzen gara abesten eta biok ibiltzen gara pintxatzen. Gure ustez formatu berritzailea da, ezberdina. Gainera, egiten dugu guregatik, ez besteen gustuan pentsatzen. Musika elektronikoaren bitartez topatu dugu barrenak askatzeko bidea.
J.A.: Gehiago sentitzen dugun zerbait da, pasioz bizi dugu.
Zer da transmititzea gustatuko litzaizuekeena?
J.A.: Letrak zaintzen saiatzen gara eta nahi duenak entzuteko egiten dugu musika, ez publiko zabal batera heltzeko.
J.Z.: Euskaraz musika entzuten den tokietan gau giroa oso monopolizatua egon da beti. Orain badago korronte berri bat elektronikoagoa gazteek bultzatuta. Hori bai, lehen zegoena ahaztu gabe. Gitarretan baino gehiago, aurkitu dugu gure tokia musika elektronikoagoan. Inoiz baino gehiago gustatzen zaigu egiten duguna. Oso pozik gaude egiten dugunarekin eta gure emaitzekin. Emozionalki inoiz baino gehiago asmatzen ari gara.