Postadatarik gabeko gutunak an-tzezlanean Mikelen istorioa ezagutu ahalko dugu. Protagonistak, bost urte eman ditu kartzelan, eta azkenengo hilabeteetan hainbat gutun jaso ditu. Gutun guzti horiek edukian ezberdinak dira, baina ez formatuan: postdatarik eta igorlerik gabeko mezuak dira.
Mikelen azalean Kepa Errasti aktorea jarri da, eta antzezle lanetan ez ezik, gidoilari gisa ere aritu da. Errastik eta Nerea Ariznabarretak oholtza bete dute, baina era oso ezberdinetan: Bakarnek (Ariznabarretaren pertsonaia) ez du hitzik esango obra osoan, Mikelek sortutako lagun imajinarioa izango da. Soinuekin eta mugimenduekin antzeztuko du papera, Charlot gisa jantzita. Zentzu honetan, bakarrizketa ez den bakarrizketa bezala definitu ahalko genuke Xake Produkzioak-en lan berria.
Zuzendaritza lanetan Getari Etxegarai egon da. Berriz elkartu dira bera eta Errasti Xake Produkzioak konpainiaren aterkian. Etxegarairentzat beldur handiena bi pertsonaien arteko ezberdintasuna izan da: batek testu asko dauka eta besteak ez du testurik. Helburua izan da Errastiren pertsonaiaren bidez obra guztiz narratibo bat ez sortzea.
Postdatarik gabeko gutunak obran, Mikelek kartzelan beteko duen azkenengo orduaren kronika biziko du ikusleak. Azkenengo ordu horretan, azken gutunaren berri jasoko du. Gutun horretan igorlea nor den jakin ahalko du, baina Mikel beldurrez josita dago, eta ez du gutuna irakurri nahi. Bakarnek azkenengo gutun hori irakurri edo ez erabakitzen lagunduko dio.
Bakardadetik abiatuz
“Bakardadea idazten hasteko inpultsua izan zen”. Inpultsu horretatik, Errastik beste hainbat gai txertatu ditu obran: bizitzako aldaketa handiek eragiten diguten beldurra, zaintza, sare bat izatearen garrantzia, kanpoko begiraden eragina… “Gai ezberdinak dira, baina modu batera edo bestera, denek daukate zerikusia bakardadearekin”.
Postdatarik gabeko gutunak bakarrizketa bezala jaio zela kontatu du sortzaileak, baina prozesuan konturatu zen oholtza gainean kide bat behar zuela. Bakarneren pertsonaia berez noiz agertu zen ezin du zehaztu Errastik, baina zergatia bai: ez zuen nahi oholtzan bakarrik egon, “beldur propioagatik edota nagikeriagatik”. Sortzailearentzat aukera bakarra kide bat gehitzea zen, eta pertsonaia mutua izatea polita iruditu zitzaion. Berez, bakarrizketa formatuko zenbait ezaugarri mantendu ditu, baina joko eszenikoan ere zentratu da lantaldea Bakarneren ezaugarriak aprobetxatuz.
Hala ere, Etxegaraik ez dauka bakarrizketa bat zuzendu izanaren sentsazioa. Bere hitzetan, dialogo oso bat existitzen da, istorio bat dago. Hasieran beldurrez hartu zuen ideia, ez zuelako nahi zerbait “narratiboegia” sortu, eta emaitzarekin pozik gelditu da: narratiba hutsetik ateratzea lortu dute, eta sortu duten kontakizuna elementu ezberdinen bidez osatu dute. Bakarrizketa bat ez duela zuzendu argi dauka, Xake Produkzioak-en zuzendu duen obrarik zailena izan dela bezain argi.
Hitzik gabe, komunikatu Bakarne pertsonaiak, bere isiltasunetik gidatuko gaitu. Horretarako, musikaz eta mugimenduaz baliatu da. Nerea Ariznabarretak pianoa zuzenean jotzen du obran, musikaren bidez kontakizuna elikatuz: “Bakarnerentzat komunikatzeko beste modu bat izango da musika, Mikelek botatzen dituen galderei eran-tzuteko modu bat, edo oroitzapenak bere lekuan eta garaian kokatzeko modua”. Adibidez, Mikelen kontakizunaren bidez bere iraganera bidaiatzen dutenean, Ariznabarretak Nikaraguako abestiak interpretatuko ditu pianoan. Gainera, Mikelek gutuna irakurtzen dituenean, Bakarnek pianoan jazz musika joko du, gutunaren edukiaren misterioa handitzeko, igorle ezezagun batek daukan erakargarritasunari soinua emanez.
Mugimenduak ere berebiziko garrantzia izan du Bakarne pertsonaiaren garapenean. Etxegaraik hi-tzik egiten ez duen baina (oso) ondo komunikatzen den pertsonaia bezala deskribatu du Bakarne, eta ondo komunikatzeko gaitasun horretan hainbat gako egon dira, besteak beste, lan fisiko handia eta bien artean mugimenduei eman dieten garran-tzia. Ariznabarreta antzerki fiskotik dator, eta gorputzarekin adierazteko erronkak erakarri zuen: “Jakin gabe, orain arte egin ditudan paperek lagundu didate Bakarne sortzen. Klaustrofobia mendian antzezlanean, adibidez, ez nuen gehiegi hitz egiten eta gorputza ere landu behar izan nuen”.
Getari Etxegaraik onartzen du buruhauste bat izan dela pertsonaia garatzea: Zer egiten du hor? Zelan lagundu ahal du Mikel? Pertsonaiak funtzio zehatz bat izan behar zuen: Mikel dagoen egoeratik ateratzen laguntzea.
Zuzendariak Fadoak entzuten zituen gizona obrako Masku ekarri du gogora, eta Errastik, ordea, Lur obran agertzen den ama. Bi pertsonai horiek hitz egiten zuten, baina modu batez edo bestez, errealitatetik urruntzen ziren. Errastik kasualitatez agertu diren pertsonaiak direla dio, baina kasualitate polita izan dela argi dauka, horrelako ezaugarriak dituzten pertsonaiak protagonistarentzat “giltzak” direlako. Kasu honetan, Bakarne Mikelen giltza bihurtuko da datorren bizitzako garai berriari aurrez aurre begira-tzeko.
Hemen eta orain
Mikelen istorioa ordubetean gertatzen da, konpainiaren Mami Lebrun-en bezala. Lur eta Fadoak entzuten zituen gizona obretan, berriz, denbora ez zen ezaugarri nagusi hori izan, elipsiak egon zirelako, baina Errastik bai aipatu du Xake Produkzioak-etan istorioak “hemen eta orain” direla.
Bada berebiziko ezaugarri bat Xake Produkzioak konpainian: umorea eta hausnarketaren arteko elkarbizitza. Kepa Errastik sortutako an-tzezlanetan, bi faktore horientzat beti lekua egongo da. Nahiz eta bere lehenengo esperientzia izan konpainian, Ariznabarretak azkar harrapatu zuen dinamika hori, bere mugimenduekin lortu behar zuelako ere umore puntu hori: “Mikelek amonari buruz hitz egiten duenean, Bakarnek atsoa gorpuzten du”. Etxegarairen hitzetan, nahiz eta gai pertsonalak lantzen diren, Bakarne bezalako pertsonaiek lortzen dute surrealismo puntu bat ateratzea.
Umore hori obran zehar sortzen diren tentsio momentuei aurre egiteko eta gai serioak lantzen direnean sortzen diren korapiloak askatzeko baliagarria da obran kontraste puntu bezala: “Dena dramatik eginez gero, publikoa urrundu egiten da, ez da lotzen istorioarekin”, azaldu du Ariznabarretak. Bat dator zuzendaria: “gai pertsonalak landuko dira obran, baina Bakarne bezalako pertsonaien bidez, gure buruaz barre egitea lortzen dugu, nahiz eta askotan ematen duen ezin dugula gai horiei buruz barre egin”.
Hain zuzen, umorea Etxegarai-Errasti binomioaren ondorioa dela azaldu du sortzaileak. Egindako obra guztietan, umorea kontakizunean txertatzeko denbora hartu dute biek. Gainera, Errastik berriz azpimarratu du istorioak “hemen eta orain” gertatu behar direla: “umoreak lortzen du publikoa beste inon ez egotea, barrukoa lasai-tzeko modu bat da, inkluso fisikoki”. Lasaitasun horretatik beste emozio batzuk errazago sartzen dira, eta beste gaiak lantzeko prestakuntza moduko bat da. Barre egin lasaiago jasotzeko etorriko dena.
Bikote artistikoa
Xake Produkzioak-en eskutik Getari Etxegaraik eta Kepa Errastik bikote artistikoa sortu dutela esan genezake. Bakoitzak bere ibilbide profesionala du, baina konpainian haien bideak elkar-tzen dituzte. Xake-k sortutako lau antzezlanen zuzendaria izan da Etxegarai. 2021ean izan zen bien arteko azken aldia, Fadoak entzuten zituen gizona obrarekin. Iñigo Aranbarrirekin eta Ane Gabarainekin partekatu zuen oholtza Errastik road play bezala definitu zuten obra horretan. Bidaia horretan, oholtza kamioi batean transformatu zuten eta publikoari maskulinitateari eta gizonen sentimentalismoari buruz hausnartzeko gonbitea egin zioten.
Oraingoan, artista bikotea berriz elkartu da haientzat etxea den Xake Produkzioak konpainian, eta berriz “itzelezko plazera” bezala definitu dute esperientzia, ez bakarrik bien artekoa, baizik eta obra honetan profesionalki ezagutu duten Nerearekin sortu dutena.
Xake Produzkioak-en markoan sortu diren obra guztiak ezberdinak dira, eta gai anitzak lantzen dituzte, horregatik dio Etxegaraik beti konpainiarekin lan egiten duenean ikaskuntza zati bat dagoela. Proiektu guztiak ezberdinak direnez, beti erronka puntu bat dago. Hala, sorkuntza prozesu honetara Ariznabarreta lehen aldiz gehitzea esperientzia oso positibo bezala definitu dute hirurek.