Ezezagun batzuekin auto batean sartu eta soilik argazki pare bat ikusiak ditugun inguru batera joan, bertan zer aurkituko dugun jakin gabe. Hori da gure plana. Plan zehaztu gabea bezain irekia. Irekia bezain interesgarria. Ez naiz bidaiak gehiegi planifikatzearen aldekoa. Batzuetan sentsazioa dut egun informazioa lortzeko dauzkagun baliabide guztiekin, hainbeste irudi eta bideo irentsi ditzakegu begien kliska batean, leku berri batera iristen garenean (bertatik bertara ikusteko hainbeste gogo genuen leku polit hura!) soilik “umm, bai, argazkietan bezain polita” esateko tartea eskaintzen diegula gure buruei. Harridurarako aukera gutxi uzten dugula, alegia.  

Gogoan dut Hego Amerikan egindako bidaia luze batean, bidaia agentziaren batera informazio eske gerturatzen ginenean (gero gure kabuz joaten saiatzeko), saltzaileak segituan hasten zirela argazki mordoa erakusten. Guk beste aldera begiratzen genuen. Saltzaileek ez zuten ulertzen, baina gure harridurarako gaitasuna babesten ari ginen.

Ekialderantz

Venezia atzean utzi dugu, (Piazza San Marco, Ponte Rialto eta Canal Grande argazkietan bezain politak direla berretsiz) eta ekialderantz jo dugu, Esloveniarantz. Gorizia herrian sartu gara eta Nova Gorican irten, gurutzatutako zebrabideren batean italiar-esloveniar muga igaro dugula ohartu ere egin gabe. Hortxe ikusi dugu lehen aldiz inguru hauetara erakarri gaituen arrazoia, Soça ibaia, Isonzo ere deitua Italian.

Lehen aldiz Soça ibaiaren argazki bat ikusi nuenean, argi nuen irudia manipulatua zegoela, photoshop pixka bat zuela. Bigarren aldiz ibai beraren beste argazki bat ikusterakoan, “Hara! Filtro berbera erabili dute” pentsatu nuen. Hirugarrenez kolore bereziko ur lerro hura ikusi nuenean, Interneten bila hasi bezain laster bilaketa eten nuen. Soça ibaia eta bere harroa ezagutu nahi nituen.

Argazkian, piraguistak Soça ibaian.

Argazkian, piraguistak Soça ibaian. Eneko Eizagirre

Juliotar Alpeetan barrena sartu gara autobusean, Tolmin herriraino. Soçara isurtzen duen Tolminka ibaian gora joatea gomendatu digute, ‘Deabruaren zubia’ (klasiko bat) eta Dante Alighieri idazleak Divina Commedia idazteko inspiratu omen zuen Zadlaška jama kobazuloa ikusteko aukera izango dugulakoan. Bidean baina, zelai bitxi batek atentzioa eman digu. Belar alfonbra samurrean, hormigoizko bloke txiki batzuk zelaiaren oreka apurtzen dute. Lehen Mundu Gerrako hilerri bat da eta bertan irakurri dut lehen aldiz Alpeetako bailara eder honi kontrastea egiten dion esaldia: Battles of Isonzo, Soça/Isonzo-ko guduak. 

Haranean gora joanda, mendi garaien artean irekitzen diren lautada berdeetan jostari ikusten dugu ibaia, ur lerroaren apeta hutsa diruditen bihurguneak eginez eta errekarri zurixkako zelaiak zabalduz bazterretan. Kobarid herritik gora, jolaserako tarte gutxiago du ibaiak baina mendien artean estuago igarotzean, kayak eta rafting zaleena bilakatzen da jostalekua. Isonzoko guduak hamabi izan omen ziren, eta hamabigarrenari Caporetto-ko gudua deitzen zaio, Kobarid-en izen italiarra erabiliz. Italiar eta austro-hungariar soldaduek bailara honetan izandako aurrez-aurreko odoltsu hauek, Lehen Mundu Gerrako italiar armadaren heriotza erdien erantzule izan ziren, ehunka milaka pertsona. Austro-hungariarrentzat, beste hainbeste. 

Argazkietako Soça ibaia

Bovec herrixkan giro bikaina topatu dugu. Bailarak azken zabalgunea du bertan eta han eta hemen barreiaturik dauden bospasei kanpinetan jende dezente dabil. Iraganeko ankerkeriak bazterrean utzi eta turismoari begira bizi da Bovec, natura zalea eta ipurtarina den edozeinentzat eskaintza ezin zabalagoa baitu inguru honek. Rafting jaitsiera batean eman dugu izena, haran hau zizelkatzen duen ur-lerrotik mendi berdezko labirintoan ibiltzeko. Ura oso garbia da eta patroiak esan digunez, Bovec-etik gora joanez gero ‘argazkietako Soça ibaia’ ikus dezakegu, ziur baitago, arrazoi handiz, honezkero ehunka argazki ikusi ditugula Interneten zein herriko edozein denda edo karteletan. 

Soça ibaia Juliotar Alpeetan barrena igarotzen.

Soça ibaia Juliotar Alpeetan barrena igarotzen. Eneko Eizagirre

Bovec atzean utzi eta basoa gurutzatzen duen xenda batetik metro batzuk egin ostean, kareharrizko argigune bat ikusi dugu eta harkaitza modu sigi-sagatsuan pitzatuz bere bidea egiten duen Soça erreka agertu da. Lainoen artetik eguzkia atera eta bere izpiek ur putzuak argiztatu dituztenean, kolore leherketa baten lekuko izan gara. Turkesa, berdea, esmeralda, urdinxka. Ikaragarria. Kolore horiek guztiak, baina garden-gardenak era berean. Filtro beharrik ez dago, naturak berak du bere photoshopa.

Hamar bat kilometro egin ditugu errekaren parean, zein baino zein txoko ederragoak ikusiz. Tarte hori guztia ibili behar izan dugu erreka hotzean bainatzeko kuraia biltzeko. Izotz likidoan sartu gara eta airean flotatzen ari garela dirudi. Muskerren modura, harkaitz baten gainean eguzkitan, bailara eder honek bizi izandako izugarrikerietan pentsatzen jarri naiz. Kolore bereziko ur hari baten bila etorri ginen, eta soka luzeko ibai bat topatu dugu.