“Komedia lotsagabea” egitea gustatzen zaie Anodino Teatroa konpainiako Aitor Fernandino eta Aiora Sedanori. Bada beste bereizgarri bat ezaugarritzen dituena: euskara hutsean egiten dituzte antzezlan guztiak. Eta, horrelaxe, lotsagabe, jostalari, gordin eta euskaraz, aurkeztuko dute datorren apirilaren 28an Muxikebarri Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroan euren azken lana: Obsoletus. Lokarturiko borrokentzako komedia.
2015ean sortu zuten Anodino Teatroa Aiora Sedanok, Aitor Fernandinok eta Iosu Florentinok. Azken hau kanpora bizitzera joan zela-eta, konpainia utzi behar izan zuen. Geroztik, Sedanok eta Fernandinok jarraitzen dute, eskuz esku. “Mina kentzen edo arintzen duena” da anodino terminoaren bigarren adiera. Lehenak “sustantzi bakoa, garrantzirik gabekoa” adierazten du; eurek argi dute zeinen alde egiten duten. “Umorezko antzerkia egitea da gure asmoa, lotsagabea eta freskoa, konplexurik gabekoa”, diote konpainiaren webgunearen deskribapenean. “Mina kentzen edo arintzen duen antzerkia”, alegia.
Gaitegiaren aldetik, denetarik lantzea gustatzen zaiela azaldu du Aitor Fernandinok, konpainiako kide eta Obsoletus-en antzezle eta gidoilari denak. 2016an Zerura eroria estreinatu zutenetik, askotariko gaiak jorratu dituzte: erlijioa, feminismoa, bikote harremanak, langile borroka, norberaren eromenak… Haiei ikustea gustatzen zaien komedia egiten ahalegintzen dira: lotsagabea eta euskaraz.
Borrokaren zilegitasunaz
Fernandinok idatzi du testua, eta antzezle ere ibiliko da eszenatokian. Urteak zeramatzan langile gatazkaren inguruko obra bat egin nahian. Izan ere, azaldu duenaren arabera, askotan haserretzen da greba bat dagoenean herritarrak trena berandu datorrelako edo haurrek jantokian bazkaldu ezin dutelako kexaka hasten direnean. Bere iritziz, horixe bera da greben muina, eta eskubideak borrokaren bidez aldarrikatu behar dira. “Bestela ez dizute kasurik egingo”, azpimarratu du.
Bada beste ertz bat kezkatzen duena: langile borroka terrorismotzat jotzea. “Borroka egiteak esan nahi du batzuetan gustatzen ez zaizkigun gauzak egitea; baina, egungo testuinguruan badirudi gauzak soilik era baketsuan egin behar direla. Hori ondo dago, baina beste aldeak kasurik egiten ez badu beste irtenbide bat aurkitu behar da, eta gaur egun ematen du zerbait indarkeriaren bidez eginez gero terrorismoa dela”, adierazi du testuaren egileak.
Gai horiei heltzeko, fabrika bateko greba bat hartu zuen ardatz. Ione, Elias eta Txarli grebalarien istorioa kontatu dute. Lantegiaren itxiera ekiditeko 168 egun darama-tzate greban, bertan itxita; baina, egun borrokari eusten dioten bakarrak Ione eta Elias dira, eta, gainera, ez dira ondo konpontzen haien artean. Gainerako langileak borroka uzten joan dira, nekeagatik, iraupenagatik, liskarrengatik… eta herritarren eta senideen babesa ere ahulduz joan da. Hartara, borroka bati noiz arte eutsi behar zaion eztabaidatzen arituko dira. Txarlik itxaropena eramango die, baldintza amarrutsu batekin: lantegia lehenbailehen utzi behar dute.
“Hau ez da langileentzako lezio bat -argitu du gidoilariak-, beste aldean gaudenontzako mezua da, borroka bat kanpotik ikusten dugunontzako da. Eskubideak borrokatzen ari direnekin elkartasun handiagoa izan beharko genuke”.
Gordin bezain itxaropentsu
Gogoeta piztea eta ikusleak grebalarien azalean jartzea da Obsoletus antzezlanaren helburua. Umoreak dena lasaitzen duen arren, gaia gordin taularatzen ahalegindu dira. Horrela azaldu du Fernandinok: “Nik uste dut esperantza badagoela eta obran ikusten dela, baina jartzen dugun egoera ez da polita”. Egoera tristea den arren, antzezlana barregarria izango dela espero du.
Oraindik lanari azken ukituak ematen ari dira eta prozesuaz gozatzen ari direla azaldu du antzezleak. Horregatik uste dute, haiek entseguetan ondo pasatuz gero publikoak ere ondo pasatuko duela obra ikustean. Fernandinoren ustetan horrela izan ohi da, generoa edozein dela ere: antzezleek eszenatokian gozatzen badute, hala egingo dute ikusleek. Sedano, Otero eta Fernandino oso gustura daude egiten ari diren lanarekin, “gauza politak” sortzen ari dira eta “publikoak ondo hartzea” espero dute.
“Hau ez da langileentzako lezio bat, borroka bat kanpotik ikusten gaudenontzako mezua da”
“Obra ulertzen da, pertsonaiak ondo definituta daude, oso politak dira eta norberak ikusiko du zein pertsonaiarekin identifikatzen den”, bota du gidoilariak. “Guk obra prestatu bitartean beti pentsatu izan dugu pertsonaien artean zein izango ginatekeen. Egia esan, erantzuna ez dago oso argi, bakoitzetik gauza batzuk hartuko genituzkeelako”. Publikoari berdin gertatuko zaiola uste dute, eta horrela borrokalarien azalean jar daitezen bilatuko dute. “Langile borroka bat ikusten dutenean atzean dagoen arrazoia bilatzea nahi dugu”, erantsi du.
Edozein lantegi, edozein borroka
Obsoletus-ek ez du fabrika zehatz bateko gatazka jakin bat kontatzen. Kontrara, edozein lantegitan aurki daitekeena da. Pako Revueltas zuzendariak testua hartu zuenean horixe bera proposatu zien antzezleei, alde batera utz zezaten langileak zergatik eta zein lantegitan borrokatzen ziren adieraztea. Hori dela eta, taularatze xumearen aldeko apustua egin dute. Fabrika batean aurki daitezkeen elementuek apaintzen dute eszenatokia: aldamio batek, sabaiko-lanparek, abandonatutako kable-bobinek… Aldiz, oihala falta da: antzokia gordin ikusiko da, den modukoa, bere kableekin, sokekin eta abarrekin. Kazolak ere agertuko dira, horiek baitira Ione, Elias eta Txarliren borroka-tresnak, paradoxikoa izanagatik ere: lantegi barruan itxita daude, eta lapikokadak egiten dituzte inork entzuten ez badie ere.
Gustura jardutearen garrantzia
Aiora Sedanok eta Aitor Fernandinok urteak daramatzate elkarrekin lanean eta euren arteko komunikazioa “arina eta erraza” da. Antzezlanak egiten dituztenean kide guztien arteko giro ona lehenesten dute, eta honakoan ere lortu dutela deritzote.
Pako Revueltasi zuzendaritza lana proposatu ziotenean, baiezkoa eman zien zuzenean, eta Juanjo Otero proposatu zien hirugarren aktore gisa. Revueltas eta Otero askotan elkarrekin lan egindakoak dira eta Sedanori eta Fernandinori asko gustatzen zitzaien azken honen “komizidadea”. Behar zuten paperarekin bat egingo zuela pentsatu zuten, eta gustura aritu dira denak elkarrekin, “talde polita” osatuta.
Revueltas antzerki zuzendaria izateaz gain aktorea ere bada, Fernandinok horrela definitu du bere lana: “Taularatzen dituen ikuskizunak oso interesgarriak dira, kutsu garaikide oso politak dituzte eta normalean oso egiazkoak diren interpretazioak lortzen ditu”.
Kanpoko laguntza ere izan dute, eta benetan eskertuta daude. 2021ean Antzerkigintza Berriak proiektuaren laguntza jaso zuten eta, horri esker, Patxo Telleria eta Mireia Gabilondo antzezle eta gidoilarien mentoretza jaso zuten idazketa fasean, beste bekadunen iritzi-trukaketaz gain. Ez hori bakarrik, testua bukatu zutenean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko dirulaguntza bat lortu zuten, eta oso lagungarria izan zaie paperetik eszenatokira jauzi egiteko.
Getxoko Udalarekin ere esker oneko daude, estreinaldirako antzokia utzi dielako. “Oso eskuzabalak izan dira, argiekin entseatzeko aukera eman digutelako”, azaldu du Fernandinok. Apirilaren 28an egingo dute lehen emankizuna, ostiralean. Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroan izango da. Asteburu horretan bertan beste bi saio eskainiko dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira apirilaren 30ean, eta maiatzaren 1ean. Azken hori bereziki esanguratsua izango da, Langileen Nazioarteko Eguna baita. Ondoren, maiatzaren 8an Bizkaira itzuliko dira, Erandion aurkeztuko baitute lana.
Horiek dira orain arte lotuta dituzten datak, baina Obsoletus herri gehiagotara iristea espero dute. Euskara hutsean egingo dute beti, hori baita konpainiaren apustua eta horrela idatzita baitago obra. 75 minututan umoretik helduko diete langile borrokaren inguruko hainbat erpini hiru aktoreren artean. Ordu eta laurden horretan gertatuko da istorioaren narrazio guztia, denbora-saltorik gabe, eta ia dena lantegiaren barnealdean. Gakoa hori baita, azken finean: langileek kanpoaldearekin, herriarekin, lotura galdu dutela; baina, ez direla horretaz jabetu.
Fitxa teknikoa
- Aktoreak: Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandino
- Zuzendaria: Pako Revueltas
- Testua: Aitor Fernandino
- Eszenografia eta atrezzo diseinua: Atx Teatroa
- Argiztapen diseinua: Javier Garcia (Kandela)
- Soinu espazioa: Ruben G. Mateos
- Euskarazko egokitzapena: Nerea Lorente Usabiaga
- Kartelaren diseinua: Juli Cabanillas
- Ekoizpena eta banaketa: Anodino Teatroa