Gogoratzen Youtuben gai baten inguruan zeuden bideo guztiak buruz zenekizkienean? Adibidez: “Kortatu” hitza bilatuta eta norbaitek bideo berri bat igo duela ikusita, ezustea! Esteken URLak buruz ikasi ez dituenak ere… Bada, bideoak partekatzeko plataformak jada 18 urte bete ditu, eta baita ikus entzunezkoen erreferente global bilakatu ere. Bere unibertso propioa eratu du, eta askotan ohiko telebistak baino interes handiagoa pizten du, interakzio, berehalakotasun, sakontasun eta luzera mailak nahierakoak baitira. Eta noski, hasiera-hasieratik erabiltzaileok musikari buruzko edukiak bilatu eta igotzen genituen, gaur egun plataforma erreferentea bihurtzera arte. Gainera, batez ere hasieran ez zegoen eskubide intelektualak arautzen zuen mekanismorik (oraingoa ere oso bidezkoa ez da), beraz edozein dokumental, disko edo kontzertu osorik igotzeko aukera zegoen.
Hala, zigilu askok haien materiala edo besteena igotzen dute preskriptore bilakatzen (Houseum edo Tremendo Garaje kateak), eta DJ saioak bideo ederrekin eskaintzen dituztenak ere ugaldu dira (Boiler Room da famatuena, baina Circle edo Kexp ere ezinbestekoak dira). Gaur egun publizitatea ere heldu da webgunera, baina monetizazioak ere eduki berri eta landuagoen agerpena ekarri du. Tutorialak (Julien Earle oso gomendagarria Ableton erabiltzaileentzat), kritika eta informazio musikala (Anthony Fantanok sona handia jaso du “The _Needle Drop” orrialdearekin, edo hurbilago ditugun Los Xavales bikotea) edo denetariko esperimentu eta txorakeriak (Andrew Huangek ekoizpen saiakera zoroak egiten ditu, eta “Look Mum No Computer” sintetizagailuen xaman ero eta dibertigarria da). Hala ere, euskarazko Youtuberrak urriak dira, batez ere musika gaietan. Hemendik erronka luzatuta, gomendio batzuk proposatuko ditugu inspirazio gisa.
Music Radar Clan
Beltz txukun eta beti kapeladun musikazale amorratuak bere disko bildumaren aurrean aurkezten ditu bideoak. Modaren munduan egiten du lan Victorrek, baina bilduma bukaezina eta ezagutza mugagabea du. Bideo monografikoak egiten ditu, gai berezi eta interesgarriak jorratuz, ikuspuntu sozial, historiko eta testuinguruari berebiziko garrantzia emanez. Artista jakinei buruzkoak, adibidez Mac Miller hildako raperoari edo King Crimsoni eskainitakoak, baina baita ere eszenen ingurukoak (Studio 54ri edo Sobietar musikari buruzkoak) edo kontzeptu klabeei buruzkoak: Ipoda, payola… luzeegi egin gabe, baina sakonduz. Twiter bidez interakzio asko bultzatzen du, eta horrela “clan” edo komunitate melomanoa eratuz joan da. Gainera, ahots xarmagarria du, ASMR zaleontzat bikaina.
Jaime Altozano
Jaime Altozanok lekua egin du meritu propioz: musikari ezin hobea da eta komunikatzaile aparta. Gaiak ondo aukeratzen ditu eta azalpen sakon baina ulerterrazak ematen ditu, askotan abstrakzio maila handiko kontzeptuak era soilean irakatsiz. Musikaren munduko datu bitxi asko zabaltzen ditu, teknologiarekin erlazioa dutenak askotan: nola dabilen 8D audioa, Kanye Westen kontratuak, Shazamen erabilera, Minecrafteko musika… Baina baita serio edo klasikoagoak ere: zer diren tonalitateak, zelan irakurri partiturak edo erritmo eta konpasari buruzkoak. Edizioa oso azalgarria da, plano eta grafismo egokiak erabiliz, den dena jotzen du. Rosalia edo Jorge Drexler bezalako artista izugarriak era esklusiboan lortu ditu, eta baita telebistan agertu ere, musikaren apasionatu eta dibulgatzaile iaioa delako.
Luki Musika
Lehen aipatu bezala, oraindik itxaron egin beharko dugu euskal youtuberrek kultura musikala zabaltzeko tresna hau euren gain hartzeko, baina gomendio zerrenda honek euskararen beharra zuen. Luki Musika kate anonimoa 2016tik dago bizirik. “Euskal underground diskak” da deskribapen bakarra, txakur abeslariaren argazkiarekin, 300 bideotik hurbil, Euskal Herriko harribitxi ezezagunak aurki ditzakegu, disko osoak entzungai. Disko mitiko asko, bai: Los Clavos, Arrotzak, Etsaiak… Baina baita ahaztutakoak edo ezezagunak ere: Jon Iturbe & The Radio Gangsters, Sparteens swingeroak, Txorromorro… Baina kasu, hoberena ez dut aipatu eta: bilduma bikainak egiten ditu gure Lukik! Hamarkadaka (Euskal Herriak 80s), estiloka (Euskal Bakarlari Berria, Euskal Stoner) eta baita urteko diskorik onenen zerrendak ere!
Turning the Tables
Connor Kevinen semea da eta aitari gustuko dituen diskoak jartzen dizkio, lehen aldiz. Bideoetan ez dute esaten, baina aitak musikarekin erlazioa du eta, bakoitzak bere belaunaldiaren ikuspuntutik diskoari buruzko iritzia ematen du. Garrantzi handia du lehen entzunaldia izateak, horrela erreakzioa lehena eta benetakoa baita. Mota honetako bideoek arrakasta handia dute ematen duten zintzotasunagatik. Connorrek (semeak) disko garaikide garrantzitsuenak aukeratzen ditu (rap asko, baina baita ere indiea, rocka edo popa) eta biek kaskoekin entzuten dituzte, aitak letrak eskuan dituelarik. Momentu liluragarri asko eratzen dira, diskootaz ikasteaz gain, batek besteari maite duen musika erakutsi eta berdina sentiarazten dionean. Musika elkarbanatzea bezalakorik ez dagoelako.