Nafarroa iparraldetik dator 2022ko udazkeneko uzta musikalaren izenetako bat. Olaia Inziarte (Oronoz, Nafarroa, 1999) musikariak urteak daramatza teklatuan, ahotsetan zein gitarran zuzenekoak ematen. Pleura taldeko abeslari izandakoa, Chica Sobresalto eta Joseba Tapia artisten bandetan ere ibili izan da, hara-hona. Azaroan aurkeztu zuen diskoa: Lehengo lepotikan burua, Durangoko Azokaren ateetan. Estreinako lana du hauxe, poparen estiloan kokatzen den arren, musika herrikoitik, jotatik eta sintetizadoreen ukituak ere badituena. Inziarteren hitzetan, “diskoa eginda, bizitzako ametsetako bat” bete du.
Zeri kantatu diozu disko honetan?
Galdera zaila, hasteko. Nik uste dut kantu bakoitzak bere hartzailea duela. Ez dakit kantatzen diodan har-tzaile horri edo beregandik. Nik behinik behin sentitu dut besarkatu dudala Olaia ttiki bat hau egin ahal izateko: konfiantza hartzeko eta nigan gehiago sinesteko. Bizitza kutsatu gabe duen haur horretara itzuli naiz, eta saiatu naiz konekta-tzen ahalik eta gehien. Horretan lanketa handia egin dut. Horri esker egin dut eta hortik ere kantatzen dut, zin-tzotasunetik. Baina egia da kantu bakoitza bai eskaini diodala norbaiti, pertsona bat buruan. Baten bat kenduta, niretzako protesta egiteko modura edo egin dudana.
Aipatu duzu Olaia txiki hori, eta sareetan azaldu dituzu Olaiak zer jaso zuen txikitan gertukoengandik. Erreferentzia zuzena egin diezu horietako batzuei abestietan. Zergatik?
Niretzako ematen diote zentzu kontzeptual hori. Agian musikalki ez dago abestiak lotzen dituen hari bat, baina badaude erreferentzia klabe batzuk kantuen artean. Horiek dira niretzat lan hau borobiltzen dutenak eta zentzua ematen diotenak. Eta ez dira soilik erreferentziak, nire txikitako ingurua agertzen da ere bai. Ostatua aipa-tzen dut eta da nire aitatxi-amatxiek ostatu bat zutelako eta haur garaian denbora asko pasa dudalako bertan. “Ez dut inoiz atzenduko nor den aingerutzat ninduena” esaldia ere aitatxiri zuzendu nion, berak aingeru deitzen ninduelako. Horrelako ugari daude. Eta horiez gain, musikalki badira keinuak. Badago txistuka egiten dugun fandango bat, eta ez da propio nire estiloa, baina nire lehen instrumentua trikitia izan zen eta urte askotan konpainia egin didate estiloak eta instrumentuak. Horiek bezala beste asko. Jendeak ez ditu a priori denak ulertuko, baina nire-tzako arras garrantzitsuak dira denak.
"Hau nire bizitza guztian zehar buruan izan dudan zerbait da, eta orain arte ez naiz ausartu..."
Pertsonala geratu zaizu lana, kasik biluzteraino. Jendaurrean, kostatu egiten zaizu defendatzea ala gustura egiten duzu biluzte-ariketa hori?
Kostatzen zait eszenatokira igo aurretik, eta handik jaisten naizenean. Gainean nagoenean, disfrutatzen dut pila bat, izan ere, hain pertsonala da, bizi dezakezula pila bat. Eta eragin dezakeen arren, ikusle dagoen horrek ez du hainbertze inporta. Azkenean zu ari zara zure-tzat bizitzeko klabea dena konta-tzen, benetan sentitzen duzun edo bizi duzun zerbait. Badaude eragiten ahal dizuten faktoreak: musikarekin deseroso egotea, edo publikoaren artean gustatzen ez zaizun norbait... Baina hain pertsonala izateak uste dut egiten duela gehiago bizi-tzea hor pasatzen ari dena. Hortaz, igo aurretik nire urduritasuna puskaz handiagoa da, edo jaisten naizenean ere, orduan ohartzen naizelako jendeak nire kontuak badakizkiela. Baina ez da haien errua, nik kontatzen dizkiet, eta kantu eta kantu artean, nire bizitza kontatzen diet... Baina nahiko natural atera-tzen zait hori. Hala ere, hori kontrolatzen ikasten ere banabil.
Bakarkako lehen lana duzu ‘Lehengo lepotikan burua’, bakarka ere grabatu duzuna. Nola sentitu zara prozesuan zehar?
Grabatzerakoan, erabaki nuenean honetan zentratzea, zirrara senti-tzen nuen eta sentitu nuen izan behar zela momentu horretan. Agian denbora gehixeago eduki izana ongi legoke. Baina estudioa libre zegoen, beste kide bat aita izango zen eta dena egina utzi nahi zuen ordurako. Horregatik grabatu genuen ekainean, bi asteren buruan. Eta hasieran sentitzen nin-tzen oso urduri. Urduri baino gehiago, hauskor. Hau nire bizitza guztian zehar buruan izan dudan zerbait da, eta orain arte ez naiz ausartu edo ez da testuinguru bat egon, edozer... Estudiora joaten nintzen negarrez eta zer gertatzen ari zen ulertuko ez banu bezala zen. Eta orain sentitu naiz oso ahaldundua beti izan dudalako autoestimu baxua, edo hala sentiarazi naute behintzat. Eta oso jende onaz inguratu naiz. Disko honekin sentitzen dut autoestimu pila bat irabazi dudala musikari dagokionez. Oso nekagarria izan da, estudiora leher eginda joaten nintzen, apenas lorik egin gabe baina hori zen nahi nuena. Orain Pandarekin [Produktorea] nabil, baina garai hartan ez nekien haiekin ibiliko nintzenik. Egia da oso argi ez nuela. Baina Maialen Gurbindo musikariarekin hitz egin ostean, gauzak erraztuko zizkidala erabaki nuen.
Iker Lauroba, Tapia, Pleura... Proiektuak bazenituen honen aurretik ere. Horiekin jarraitzeko asmorik?
Pleura uztailean utzi nuen, bide honetan zentratzeko. Chica Sobresalto ere utzi behar izan dut, ez zuelako enkajatzen nik eskaini nahi nuenarekin. Baina gainerakoekin segitzeko asmoa daukat ahal dudan heinean. Iker Laurobak deitzen banau, eta posible baldin badut joango naiz. Tapiaren kasuan ni ordezkoa nintzen beste abeslariek haurrak izan baitzituzten. Baina hor ere segitzeko asmoa daukat deitzen nauen bitartean. Gainera horiek dira gehien disfrutatzen ditudan zuzenekoak, zalantzarik gabe. Azkenean, horietan zuzenekoa ez dut nik baldintzatzen eta ezkutuagoan nago. Baina oso prest nago, inauteritan hiru egun jarraian jotzeko deitzen banaute ere.
"Ez nuen espero izandako harrera. ‘Behe klasekoa’ kantarekin sustoa hartu nuen, telefonoa lehertzen nuen"
Kolaborazioak ere dezente egin dituzu diskoan. Nondik datoz horiek?
Lau kantu horietan lau kolaborazio horiek izan behar zuten. M.J kantua aspaldi egin nuen eta Leire [Leturiaga] eta Joseba [Tapia] taldekideei esan nien inoiz disko bat grabatuko banu ea nirekin egitera animatuko ote ziren. Hori aspaldi izan zen. Eta diskoa egin nuenean jota bat sartu nahi nuen amatxirendako, interludio modura. Kolaborazioa hala suertatu zen, gure arteko elkarrizketetan. Adibidez, Pettiren kolaborazioa nik nahi nuen. Txikitatik bere fana izan naiz, baita bere korronte musikalarena ere. Erreferente pila bat ditut Petti eta bere inguruarenak. Iruditzen zait identitate handia duela eta edaten duela iparraldetik eta hegoaldetik. Aspaldi ezagutzen genuen elkar baina errespetua nion, miresten nuelako. Eta azkenean berarentzat idatzi ez banuen ere, erabaki nuen estiloagatik Pettik kantu horretan abestu behar zuela. Bestetik, Hofe aspaldi ezagutu nuen, Kurosawa abestia atera zuenean. Elektronikaren munduak erakartzen ninduen eta abesti horren bertsioak egiten hasi nintzen. Sareetatik hitz egin izan dugu lehenago, eta proposamena egin nionean baietz esan zidan. Lagun handiak gara o-rain, eta pila bat laguntzen ari zait sareekin, kontzertuak lotzeko espazioekin... Olatz Salvadorrena, berriz, izan da babes gisa sentitu dudalako. Azkenean, berak badaki zer den bakarkako proiektu bat aitzin atera-tzea, kantugilea izatea eta aurpegia eman behar izatea. Bere fana izan naiz lehen diskoa atera zuenetik, eta gerora hainbat lekutan kointziditzen joan gara eta elkarri asko idatzi diogu. Eta ohartu naiz, musikaz gain bizitzarekiko sentsibilitate arras an-tzekoa dugula. Eta Behe klasekoa abestian, estrofa horretan Olatz egotea nahi nuen.
Zer moduzko harrera izan duzu o-rain arte?
Ez nuen espero. Hori da galdera honetarako titularra. Kantuak egin izan ditudanean, lagunek, familiakoek eta inor gutxik entzuten zituen, eta normalean jende berdina izaten zen. Nik banekien diskoa eginda neukanean entzuteko modukoa zela, niretzako zerbait berezia zen. Lasai sentitzen nintzen, lan on bat egin banu bezala. Hortik jendeari gusta-tzeraino, ba ez dakit. Oso harrera ona izan dut. Behe klasekoa abestiarekin susto handia hartu nuen, hala ere. Atera zen egunean, telefonoa ez nuen begiratzerik izan etxera heldu nintzen arte, eta zabaldu nuenean lehertzen ari zen. Telebistan ere agertu zen, eta ja ez da bakarrik jende gaztea, baizik eta herrietako andre zaharrek ere badakite ari naizela honetan. Jende perfil arras enteratu dira azkenean. Eta ongi. Topera. Baina sustoa hartu dut.
Eta Durangoko Azoka?
Antzeko. Ematen du ezetz baina bost egun dira, ordu luzez eta nekatuta bukatu dut. 300 disko eraman genituen, badaezpada. Eta egun gutxitan ikusi genuen igual gehiago beharko genituela. Hor ohartu nintzen baietz, agian gauzak gertatzen ari zirela. Azkenean, CD guztiak bukatu dira eta oso pozik, baina leher eginda fisikoki eta burutik ere bai.
Badituzu data batzuk iragarrita, baina non ikusten duzu zure burua erosoen?
Espazio ttikietan. Agian hor hazi naizelako, baina gustatzen zaizkit ostatuak, gaztetxeak, areto ttikiak... Jendea gertu sentitzen duzu, eta jende askorik etortzen ez bada ere, beroagoa da giroa.