Bueltan da Bilbon arte digitalaren kaleko erakusketa. Irailean hasi eta urri eta azaro bitartean ere luzatuko da egitasmoa. Bizkaiko hiriburua bigarrenez bihurtu da pixelez osatutako sorkuntzaren topaleku. Osotara, 12 txoko eta 30 artistatik gora parte hartzen ari dira aurtengo edizioan. Media Attack eta Develop ekoiztetxeek bultzatutako ekimena da Bideotikan. Ikus-entzunezkoen alorrean aritzen dira bi-biak, eta aspalditik daude harremanetan. Kale-erakusketaren egitasmoak, azaldu dutenez, euren bideoartearekiko zaletasuna eta "frikikeria" ditu oinarri. Artea egiteko molde tradizionalez gain, beste mundu oso bat dago Interneten eta teknologia berrien garapenarekin batera agertuz joan dena, askorentzat ezezaguna da. Hala bada, sorkuntza garaikidea ezagutaraztea helburu, iaz egin zuten erakusketaren lehenengo edizioa, pilotu modukoa. Aurreko urtekoa, hala ere, Ø izendatu zuten, hain justu, izan zuen izaera esperimentalagatik.

"Jendea gelditu egiten zen begira egoteko. Argazkiak eta bideoak ere egiten zituzten", azaldu du bultzatzaileetako batek iazko esperientziaz ari dela. Hari horri eutsita, erantsi dute iaz, ordea, zerbait anonimo edo anekdotikoaren modura ulertu zutela askok, hau da, proiektatzen ziren lanak ez zirela ekimen oso baten parte. Udazken honetarako, berriz, apustua igo, eta Bideotikan indartzea izan da asmo nagusietako bat. "Egunero eta etengabe pantailei lotuta egoten gara", kontatu dute antolatzaileek. Begirada pantaila horietatik altxa, eta hiriak berak dituen beste pantailetan arreta jartzeko proposamena da, beraz.

Azkuna Zentroko pantaila, metro eta bus geltokiak, eskaparateak… Ezohiko atrezzo dira denak erakusketa baterako. Hala ere, horren alde egiten dute antolatzaileek. Kalean, guztion eskura, eta doakoa izatea. Proposamen artistikoa, gainera, aitzindari gisa definitu dute. Europan eta Estatu Batuetan bada antzekorik, New Yorkeko Loeweren pantaila erraldoia, adibidez. Estatuan eta Euskal Herrian, abangoardian da Media Attacken eta Developek bultzatutako erakusketa-formatua.

Zigor 3D artista bisual gasteiztarraren abatarra.

Zigor 3D artista bisual gasteiztarraren abatarra. Bideotikan

Kripto ez da soilik txanpon

Askori oraindik ere kosta egingo zaie iraultza digitalarekin etorri diren berritasunak ulertzea. Azkenaldian, bereziki entzutetsua izan da kriptoen kontua, ekonomiari lotuta. Baina aurrizki horrek ere hartu du sorkuntzaren esparrua, kripto-arteari eta NFTei bide eginez. Nolabait esateko, pirateriarekin zerikusia duten kon-tzeptuak direla azaldu dute antolatzaileek eta egiletza eta obren egiazkotasuna bermatu egiten dituzte. Kripto-artelanak, izatez, era digitalean sortutako ilustrazioak dira, eta saltzean, NTF (Non Fungible Token, euskaraz, token ez-suntsikor) gisa egin daiteke, hots, datu-unitate aldaezin batean, zeina kontabilitate-kontu modura merkaturatu baitaiteke. Horiei esker, egilearen esku geratzen da bere sorkuntzaren erreprodukzioa, mugatuak baitira piezetako bakoitza.

Mikel Lauki arduratu da komisario lana egiteaz eta hiru gai hartu ditu abiapuntu lan-sorta osatzeko: Partikulak, Hiri-paisaiak eta Erresonantziak, bakoitza hilabetez ikusgai egongo dena. Antolatzaileen ustez, artea molde berri horietan egitearekin estuki lotutako gaiak dira Laukiren proposamenekoak. Han-hemengo artisten sorkuntzak erakutsiko dituzte pantailetan udazken osoan zehar. 

Hain zuzen ere, Internetek, klik gutxi batzuetan, munduko edozein puntara eramateko duen gaitasuna hizpide, globoko artista ugarirengana heltzeko aukera goraipatu dute. Hain zuzen, hori da erakusketaren beste helburuetako bat: mundu osoko lanak eta artistak bilbotarrei eta gerturatzen direnei ezagutzeko aukera ematea. Horien artean daude, besteak beste: Marc Ferrer Vives, Mikhail Sedov, Balkan Karisman, Clement Morin, Rune Brink, Yuma Yanagisawa, Paola G. Olea eta Dimitri Thouzery.

Ekimenean obrak erakutsi ez ezik, Bilbao Bizkaia Desing Week ekitaldiarekin batera ere amaituko da. Bertan diseinu grafikoaren munduko gonbidatuen artean, kripto gaiari lotutako bi hizlari izango dira: batetik, Thomas Vanz artista frantziarra, eta bestetik, Zigor [Samaniego], 3D artista bisual gasteiztarra. Horiez gain, zuzeneko emankizun bat ere izango dela iragarri dute Media Attackeko kideek.

Zigor 3D artista bisual gasteiztarraren abatarra.

Zigor 3D artista bisual gasteiztarraren abatarra. Bideotikan

Kokalekuak 

Hiru hilabeteetan zehar, 12 izango dira erakusketa honen kokalekuak. Bilboko txoko ezberdinetako pantailetan ageriko dira kripto-artelanak, Abando, Alde Zaharra, Indautxu edota Erriberako auzoetan sakabanaturik.

AsFabrik: Olagorta kalea, 26

BBF: Uribitarte kalea, 6

My Led: Jesusen Bihotza, 5

De Diseño: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia, 51

Comunicatic: Moyua Plazaren eta Elkano kalearen arteko bidegurutzea

Bang Olufsen: Rekalde zumardia, 48

Pangea: Gregorio de Revilla zumardia, 25

BBK aretoa: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia, 19-21

Abandoko turismo bulegoa: Plaza Biribila, 1

Erriberako merkatua: Erribera kalea, z/g

Media Attack: Garcia Salazar kalea, 2