Metro eta hogei zentimetroko altuera duten egurrezko listoiak plataforma txikien gainean. Listoi bakoitzaren goiko aldean motor bat eta motorrari lotuta umeentzako jostailu txiki bat, zilindrikoa, behi soinuak egiten dituena. Guztira hamabi, abesbatza bat bailira kokatuta, zirkulu erdi bat osatuz pareko horman zintzilik dauden partitura orriei begira. Nora Goyalde artista donostiarraren Behi Korua instalazioa maiatzaren 8a bitarte bisitatu daiteke Gasteizko Montehermoso jauregian.

Artea, elektronika eta programazioa uztartu ditu Goyaldek 32 minutu irauten dituen instalazioan. Behiak dira protagonista. Aretoan kokatuta dauden hamabi potoak sistema elektroniko baten bidez biratzen dira, gizakiaren laguntzarik gabe, eta behien marrua egiten dute melodia bat osatuz. Azaldu duenez, "behi" bakoitza izendatu eta ostean programatu egin ditu paretan dauden zortzi partiturak jarraitzeko.

Estetikari dagokionean, nolabait Euskal Herriko paisaietan askotan aurkitu daitekeen egoera bat irudikatu nahi izan du artistak: behi talde bat larre berdetan marruka. "Soinu horiek arte areto batera eramateak duen harrotasuna gustatzen zitzaidan", adierazi du Goyaldek. Hala, jolas dibertigarri baten bidez, ikuslearengan sorpresa lortu nahi luke, eta nahi duenari edo gai denari partitura jarraitzeko aukera eskaini. "Esperientzia ezberdin bat bizitzeko aukera eskaintzen du instalazioak. Ikusleak tramankuluekin kuxkuxeatu, probatu eta kuriositatea bilatuko du". Horretarako, nahiko forma sinpleak erabili ditu eta aretoa ez du asko bete. "Minimala eman dezake, saiatu bainaiz behar ziren elementuak bakarrik sartzen, eta soilik kolore berdea erabiltzen". Azken finean, estetika zaintzen saiatu da, ikuslearen beharretara egokitzea xede.

Soinuekin jolasean

Arte Ederretan graduatua da Goyalde, eta kantua du afizio. Koruetan aritu izan da haurra zenetik, hori horrela, bere bi pasioak uztartu ditu bere lehen erakusketan. Berak aitortu duenez, bi pasioak edo interesak elkartzea nahigabe gertatu den zerbait izan da: "Ez da intentzionatua izan. Koruetan esperientzia izanik esango nuke nahigabe horretara jo dudala". Proiektu honen aurretik alta, ez zuen elektronika eta programazioaren inguruko ezagutzarik. Hain zuzen, potoak duen mekanismoak gizakiaren ahotsarekin duen paralelismoa edo antzekotasuna interesatzen zitzaion artistari. "Betidanik izan dut interesa soinuetan, ahotsetan. Proiektu honetan, nire helburua objektu hauek eta gizakiaren ahotsak soinua egiteko duten modua nahiko antzekoa dela erakustea zen", azaldu du Goyaldek.

Elektronika ikasten ari den lagun baten argibide gutxi batzuekin baina nagusiki bera bakarrik aritu da sorkuntza prozesuan. Batez ere Internet, foroak edota Youtubeko bideoak erabili ditu instalazioa eraikitzeko beharrezko zuen teknologia menperatzeko. "Pixkanaka ikasten joan naiz eta Graduan arteari dagokionez ikasitakoa eta nire aldetik egin dudan elektronikako formakuntza txikia uztartuta lortu dut aurrera ateratzea", azaldu du.

Listoien gainean dauden behi potoek zilindro forma dute, goiko aldean zuloak dituzte bozgorailuen antzera eta barruan hauspo bana dute. Hala, grabitatearekin biratzerakoan haizez betetzen dira eta berriz zuzen jartzean barruan duten haizea jaitsiz soinua sortzen da. Poto bereziak direla kontatu du Goyaldek, ezagunak, haurrei oparitzeko ohiko jostailuak. Etxeko ganbaran aurkitu zuen umetako jostailua, behi soinua egiten zuen poto bat, eta beste 11 erostea erabaki zuen. Bartzelonako denda berezi batean egin zuen eskaria. Normalean ia denek behi soinua egiten dute. "Potoek egiten duten soinua ez da elektronikoa, grabatutakoa, soinu mekaniko bat da potoak barruan duen hauspo batzuekin egiten dena eta haizea leku batetik igarotzean leku horretako presioaren arabera soinua mota batekoa edo bestekoa izango da", gaineratu du.

Marruetatik harago

Halaber, behi soinuez gain, instalazioan dezente entzuten da motorrek potoak biratzean egindako soinua eta Goyaldek dioenez artifizialtasun horrek ekarpen bat egiten dio instalazioari: "nolabait paisaia natural batetik arte espaziorako jauzian zubi lana egiten du". Bestalde, soinu naturala eta artifizialaren arteko erlazioaz gain, Goyaldek garrantzia berezia eman dio koru bat, talde bat, irudikatzeari, "Iruditzen zait banaka bakoitzak eman dezakeenetik taldean sortzen denera pauso handi bat dagoela eta indibidualitate bakoitz horiek biltzen direnean talde batean beste zerbait sortzen dela indartsuagoa", adierazi du.

Instalazioari ekarpen bat egin asmoz joan den apirilaren 22an 'Akelarre' abesbatzarekin batera emanaldia eskaini zuten Montehermoso jauregian. Behien koru artifizialaren eta 'Akelarre' abesbatzaren (ahots koruaren) arteko elkarrizketa bat sortu zuten. Oro har, ekitaldiaren zein instalazioaren emaitzarekin oso gustura dagoela aitortu du artistak. "Hasierako ideiak gauzatzeko zituen zailtasunak ikusita hori lortzeak ematen duen poztasuna itzela da, aspektu asko zeuden ez nituenak ezagutzen eta kontrolatzen eta, hala ere, lortu dut. Teknologikoki hainbat jakintza barneratu ditut eta etorkizunean ziur naiz berriz antzeko zerbaitekin saiatuko naizela".