NODE Donostiako dantza, performance eta ikus-entzunezko konpainia bat da, 2016an Ana Barrantesek (ekoizpena eta banaketa) eta Ion Estalak (zuzendaria eta sortzailea) sortu zutena. Horrez gain, LABO proiektua ere daramate, dantzaren eta performancearen inguruko elkarlan egitasmoa. Iragan martxoaren 27an 'Arachno' estreinatu zuten Donostiako Gazteszena aretoan.
Nolako lanak egiten dituzue NODEn?
Normalean urtean antzokiko pieza handi bat egiten dugu, ordu bateko dantza-performancea. Ahal denean, kaleko piezak egiten saiatzen gara; batzuetan zuzenean kalerako egiten ditugu eta beste batzuetan pieza handi batetik zati bat hartu eta kalekoa bihurtzen dugu. Laburbilduz, urtean 4-5 pieza handi egin ditugu eta kalekoak hortik ibiliko dira.
Non entseatzen duzue?
Gure bulegoa Egiako Virgen del Carmen kalean dago, baina entseguak beti Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantzagunean egiten ditugu. Normalean entsegu arruntak hor egiten ditugu, baina kanpoan egonaldiak bilatzen saiatzen gara. Adibidez, iaz, 'Arachno'-ren sortze prozesuan leku ezberdinetan egon ginen: Jaenen, Errenterian... Guk egonaldi artistikoak bilatzen ditugu, baina nukleoa beti izaten da Dantzagunea, eta azpimarratu nahiko nuke Gipuzkoako dantza munduan duen garrantzia. Hori gabe gure ingurunea dantzaren sektorean oso desberdina izango litzateke.
Harira etorrita, nola sortu zenuten 'Arachno'?
Berez, lan denboraldia 2021eko otsailean hasi genuen, baina 'Arachno' askoz lehenagotik dator. 2019an gure azken pieza handia estreinatu genuen Bilbon, 'Pugna'. Horren ostean hiru bolo izan genituen eta pandemia etorri zen, eta horrekin guretzako geldialdi handia. Nire kasuan, sortzaile moduan kristoren blokeoa izan nuen nire piezak ibilbiderik ez zuela ikustean. Oso hilabete bortitzak izan nituen, ez nekien nola atera. Hortik hasita, egoera horri zelan aurre egin ikusten ari nintzela, paralelismo bat suertatu zen nik armiarmei diedan beldurrarekin. Nik izugarrizko araknofobia daukat, armiarma bat ikusten dudanean paralisi moduko batean sartzen naiz. Orduan ikusi nuen zelan sentitzen naizen ni bi egoeren aurrean. Bat-batean hortik etorri zitzaidan sortzeko beharra eta desira, eta ezin nuen galdu momentu hori, oso preziatua zen, blokeo horretatik nentorrelako.
Hori izan zen 'Arachno'-ren germena?
Nolabait, bai. Ez neukan argi zer egin horrekin, baina gutxinaka-gutxinaka idazten hasi nintzen eta gero marrazten. Bat-batean ikusi nuen zerbait sortzeko oinarri bat zegoela, eta hor hasi zen 'Arachno'. 2020ko amaieran, pandemiatik ateratzean, beste pieza bat estreinatu genuen eta animoak eta egoerari aurre egiteko gaitasun boterea bueltatu zitzaizkidan.
"Pandemian blokeo izugarria izan nuen sortzaile gisa; orduan konturatu nintzen paralelismo bat suertatu zela nire araknofobiarekin"
Nolakoa izan zen sortze prozesua?
Hor hasi ginen martxan, 2021. urtea antolatu genuen 'Arachno' sortzeko eta hor hasi ginen ontzen zer eta nola kontatu nahi genuen. Taldea osatzen hasi ginen eta ni garatzen hasi nintzen hasierako ideia horrek zer nolako ibilbide dramaturgikoa izan zezakeen. Oso azkar agertu ziren puntu inportante batzuk: nik pieza lau estatutan zatitu nahi nuen eta nire beldurrak lau eszenatoki desberdinetatik abordatu nahi nituen. Heriotza, bakardadea, trantsitua eta egoa ziren lau estatu horiek eta, aldi berean, nire beldur hauek beste sortzaile batzuen begietatik ikusteko beharra sentitu nuen.
Nola ekin zenioten horri?
Lau artista desberdin gonbidatu genituen proiektura. Ordurako taldea sortuta zegoen, antzezleak erabakita zeuden: Oihana Vesga, Borja Borondabe, Iosu Yeregui eta ni; filmmakerra ere erabakita zegoen, jantziak Clara Virgilik egingo zituen... Baina, horrez aparte, kanpora ateratzeko behar hori nuen. Lau sortzaile gonbidatu genituen: Alberto Cortés, Oihana Varela, Ainhize Txopitea eta Emilio Manzano. Artistikoki lau profil desberdin dira, eta antzezleak ere oso profil ezberdinetakoak ginen. Poesiatik, arte plastikotik, koreografiatik, dramaturgiatik, operatik, dantzatik, zuzendaritzatik... gatoz, eta denak atera gara gure konfort espaziotik. Azkenean, segurtasun eremu bat sortu dugu gure konfort eremutik kanpo. Sortzaile bakoitzarekin egonaldi bana lotu genuen Anari esker. Bakoitzarekin bere partea landu genuen eta aurtengo otsailean laurak elkartu genituen puzzleko pieza guztiak batzen hasteko.
Nola urtzen dira lau atalak pieza bakarrean?
Hor hasi ginen piezari azkenengo ukituak eta ikuspuntu orokorra ematen. Obra lau zatitan dago banatuta eta ikusleek horrela jasoko dute, baina dramaturgia orokor bat dago. Trantsizioak asko zaindu ditugu, jantziek eta argiek paper garrantzitsua jokatzen dute. Estatu bakoitzak bere kolorea, jantziak eta abar ditu, baina osotasunaren parte dira dena. Obra bidaia bat da estatu horietan zehar.
Zelako unibertsoa sortu duzue elementu horiekin guztiekin?
Pieza autobiografia fikzionatu bat da. Nitaz ari gara, baina fikziotik eta orokortuta, horregatik edozeinek enpatia sentitu dezake gertatzen ari denarekin. Unibertsoa nirea da, nik sortzaile bezala beti eraiki dut zinematik, argazkitik, mugimendutik... eta unibertso hori oso nabarmena da piezan. Adibidez, zientzia-fikzioak eta pop kulturak leku oso inportantea dute piezan.
Hau guztia kontatzeko gorputzek zein soinuak berebiziko garrantzia dute. Nolakoa da soinu-espazioa?
Nik gogo handiak nituen Iosurekin lan egiteko, baina ez kantari bezala, antzezle bezala baizik. Lehenengo egonaldian, berean, ahotsa agertu zen, eta gerora kristoren garrantzia hartu du piezan, ez soilik testukoak, baita gorputzetatik sortzen denak eta kanpotik datorrenak ere: erresonantziak, guturalak... Denbora pasa ahala, konturatu ginen kanpotik soinua sartzen zenean, kanta batetik adibidez, gure gorputzean erresonantzia eta erantzun bat zeukala. Bi puntu hauek oso garrantzitsuak izan dira bai soinu materiala sortzeko eta bai gorputzetako koreografia sortzeko.
Zein beste elementuk dute garrantzia?
Denek egiten dute bat. Ni oso bisuala naiz, zinematik eta iruditik sortzen ditut formak eta koadro eszenikoak, eta horretarako elementu guztiek leku zehatz bat daukate. Lehendabizi material koreografikoa, testuak, ahotsa, eta mugimenduak sortu ziren eta paraleloki egin da jantzien eta argien lana. Elementu guztiak eskutik emanda ibili dira eta hori emaitzan nabaritzen da, eszenatokian oso ondo ezkonduta baitaude.
Nola aterako da ikuslea antzokitik?
Estreinaldia iragan martxoan izan zen eta oso erantzun positiboa izan zuen. Iritzi asko egon daitezke, baina denek azpimarratzen dute bidaia bat dela, erritmo oso desberdinak daudelako, momentu oro zeozer gertatzen da.
Zer ekarri dizu zure beldurrak antzerki pieza bihurtzeak?
Terapia oso ona izan da. Lehenengo aldia zen ni Ion bezala eszenatokira igotzen nintzela eta naturala izan da. Izandako blokeo horren ostean, niri buruzko obra bat egitea eta beste pertsona batzuek defendatzea zintzotasun gutxikoa iruditzen zitzaidan, horregatik nik defendatzeko beharra nuen. Ardurarekin eta urduri, baina zintzotasunez egin dudanez, oso natural atera da.
Bide horretan, zein izan da momenturik ederrena?
Sortze prozesuak beti dira politak, baina, zeozer esatearren, urtean zehar jendearekin lana partekatzeko egin ditugun erakustaldiak aipatuko nituzke. Gainera, nire lehenengo aldia zenez jende aurrean jartzen nintzena, urduritasun hori oso polita eta baikorra izan da. Hori asko disfrutatu dut, baita estreinaldia ere, bertan sortzen den magiak eta unibertsoak ez dauka konparaziorik. Talde bat garela ikusteak emozionatu egiten nau.
"Pieza autobiografia fikzionatu bat da. Nitaz ari gara, baina fikziotik eta orokortuta, beraz, edozeinek sentitu dezake enpatia"
Eta gogorrena?
Sortzen ari zarenean beti dago momentu bat pentsatzen duzuna: burua joaten ari zait? Kontatu nahi dudan hau ondo kontatuta dago? Beldur hori beti dago eta momentu batzuetan txarto pasatzen duzu. Gero, ardura ere badago, jende asko dago inplikatuta, ez zaude bakarrik eta horrek guztiontzako hoberen egitera bultzatzen zaitu. Eguneroko lanean oso ondo atera da dena.
Zeintzuk izango dira hurrengo saioak?
Madrilgo Teatros del Canal-en ere egon gara, eta hemendik aurrera Anaren lan gogorra dator, banaketarena. Momentuz, baikor gaude beste leku batzuetara joatearekin. Prozesua mantsoa da, lehenengo aurkeztu behar da erakusteko ikus-entzunezko materiala izateko.
Aldi berean, beste proiektu batzuekin ere bazaudete.
'Natura 2021' piezarekin gaude biratxo bat egiten. Iazko ekainean estreinatu zen Bilbon, Granadan egon ginen eta oraindik jarraitzen dugu, hau mantsoa da. Gero, LABO XL IV martxan jartzen ari gara, dena oso ondo doa, urriaren 20tik 22ra izango da. Kaleko pieza bat ere badugu udan estreinatzeko.
Etorkizuneko proiekturik duzue buruan?
Atseden hartu nahi dut. Urtero pieza berri bat estreinatzea, bai kalekoa eta bai salakoa... hiru urte daramatzagu topera, 'Emakumeak' pieza aurkeztu genuenetik, gero 'Arachno', 'Natura 2021'... Uste dugu aurten lasai ibili nahi dugula, daukaguna mugituz, baina ez dugu beste obra handirik egingo. Daukaguna zaindu, saldu, ibili, partekatu eta LABO festibala antolatuko dugu.