Lehenik etorri zen 'Besteek zer' kantuaren bideoklipa. Pop eta elektronika doinuen atzean nor zen ordea, arrastorik ez. 2020ko urrian kaleratutako lehen single haren atzetik iritsi dira beste kantak, gehienak bideoklipaz lagundurik, eta kolaborazioz josita. Martxoan ikusi du argia maskararen atzean ezkutatzen den hirukoaren lehen lanak: 'Zerua orain'. Lehen kontzertua, diskoaren aurkezpena, Donostiako Dabadaba aretoan eman zuten, soldout eta guzti. Horrez gain, hainbat emanaldi egingo dituzte euskal geografiako hainbat areto eta espaziotan.
Orain aste batzuk eman zenuten lehen kontzertua, Donostian. Aje emozionala izan zenuten hurrengo egunetan? Sold out egin zenuten egun gutxian, eta espektatiba handia zegoen zuen inguruan€
Pasada bat izan zen. Ezin hobeto atera zen dena, egia esatera. Tamalez espektatiba handiak genituen, baina zorionez jendearen jarrera hori ezin genuen espero. Gu baino beroago zeuden lehen minututik bertatik, horrela lan egitea gozada bat da. Hala ere, ez dugu horrelakoetara ohitu nahi, badaezpada. Gure publikoarekin lehen harremana izan zen, eta asko gustatu zitzaigun Dabadaban sortu zuten giroa.
Diskoaren aurkezpena zenuten, baina hasi, aspaldi hasi zineten ezta? Lehenengo aurrerapena 2020an, pandemiaren erdian, kaleratu zenuten€ Zertan aritu zarete urte honetan?
Hala da. Taldearen lehen kantua 2020ko urrian kaleratu zen, eta berriak garen arren, Merina Gris kontzeptua buruan zebilkigun duela urte batzuetatik. Azken urtean gelditu gabe ibili gara, eta aitortu behar dugu, gehiegizkoa izan da hainbat unetan. Pentsa, azpiegiturarik gabe, dena eraiki behar izan dugula zerotik. Alde batetik diskoaren konposaketa, gure burua ezagutzen joatea, lokal berri batera mugitu ginen€ Bestetik, gure musika zuzenera eramatearen prozesua egin behar izan dugu. Batez ere ordenagailu bidez egin diren kantuak izan arren, argi genuen banda bat bezala jo nahi genituela, hori garelako azken finean. Orduan, mila aukera zabaldu ziren. Hau ez da gitarra-baxu-bateria duen talde bat, eta hori nabaritu dugu. Milaka aukera daude, asko onak dira, beste asko txarrak€ Kosta zaigu eroso geunden formatu bat topatzea. Azkenean lortu dugu hori aurkitzea.
Diskoaren izenaz zer duzue esateko? Zer zatozte, zerua orain hartzera?
Beti dugu zerua gainean. Orain. Are gehiago, hori da dugun bakarra. Denok daukagu zeru berdina, baina bakoitzak bere modura ikusi eta sentitzen du. Zerua nahi dugu askotan, eta ez gara konturatzen dagoeneko badaukagula. Eta ez dakigu noiz arte gainera, beraz, hori baloratu beharko genuke.
Kantuetako batean, millennialtasunaren aldarri egiten duzue, eta esan daiteke nahiko ongi biltzen duela zuen proiektuaren esentzian, ezta?
Millennialtasuna aldarrikatzea baino, gehiago gure prismatik idazten dugu, gure errealitateetatik. Beraz, millennialak garen eta horrela sentitzen garen heinean, suposatzen dut zeharkako aldarri bat izan daitekeela, noski. Gure inguru sozialaren, politikoaren, emozionalaren eta existentzialaren inguruan eta ingurutik kantatzen dugu. Ez da lehen aldia esaten digutena belaunaldi konkretu baten diskurtsoa, edota identitate konkretu baten aldarri edo gogoeta egiten dugula. Hori, guretzako, oso polita da, egia esan. Naturaltasunez komunikatzen ari zarela sentitzen duzunean, horrelako ondorio edo kanpo apreziazioek asko indartzen dute gu gure identitatearekin gustura egotea.
Etiketa ugari jarri izan dizkizuete estilo aldetik, baina, zuek non ikusten duzue zuen taldea? Nondik edan du?
Popa egiten dugula esaten dugu, baina ez genero bezala, baizik eta estruktura "konbentzionalak" dituen musika talde modura. Hori bai, soinu aldetik eta tinbre aldetik, esperimentatzeko ateak zabalik ditugu. Musikari gisa esperientzia dugu, baina ez gara izan inoiz batere ortodoxoak. Horrek askotan mugatzen zaituen arren, bide interesgarrietatik eta alternatiboetatik eraman gaituela ikusi dugu. Mezua oso garrantzitsua da guretzat, baina mezu horren kodea baita ere. Mezuaren eraginkortasuna kontatzeko moduan egon daiteke askotan. Edertasunari, tristurari, malenkoniari eta abarrei kantatzen diogu. Gure eran, indar eta bortizkeria puntu horrekin. Hori da gure kodea. Horregatik diogu pop zakarra egiten dugula, estereotipoei begira oximoron puntu hori duelako eta gainera erdigune horretan sentitzen garelako: edertasunaren eta zakartasunaren artean.
Eraginei dagokionez, amaiezinak dira. Gauza askok eragiten digute. Artista asko jarraitzen ditugu euren komunikatzeko eragatik, euren jarreragatik€ Ez duzu beti soinuarekin edo musikarekin enpatizatzen. Hala ere, bi izen esan behar baditugu, azkenaldian Mura Masa eta Charli XCX-ekin gabiltza topera.
"Millennialtasuna aldarrikatzea baino, gehiago gure prismatik idazten dugu, gure errealitateetatik"
Merina Grisen, kantuek ez ezik, irudiak ere pisu handia du. Azken aldian ezin da ulertu proiektu bat estetikarik/kontzepturik gabe?
Esango nuke ezinezkoa dela gauza batek estetika edo kontzepturik ez edukitzea. Are gehiago, estetikarik eta kontzepturik ez izateak kontzeptu edo estetika bat izango litzake. Beste gauza bat da landua den ala ez, ala erabat kasuala, edo inkontzientea, den. Estetika lantzeak ez du esan nahi inposatua denik, bai ordea horri garrantzia ematen diozula. Gainera, polita da, kontzeptu bat lantzen duzulako, baina gero kanpotik ikertzen dutenean ikusten duzulako pentsatzen zenuena baino gauza askoz gehiago esaten ari zarela. Zorionez, estetika uste duguna baino gauza konplexuagoa dela uste dugu: ez da bakarrik jarri dituzun argi edo jantziak, zure mugimenduak, zure adierazteko era€ zaren hori horrek ere osatzen duelako. Gure ustez musika, eta artea orokorrean, zentzumen anitzen bitartez sentitzeko da, guri horrela sartzen zaigu. Hortaz, besterik gabe, musika egiten dugun garaian modu berean saiatzen gara adierazten esan behar dugun hori.
Luzaroan zuen identitatean ezkutuan mantendu duzue, edo saiatu zarete. Hain zuzen, maskaren garaian, maskarapean ezkutatu zarete. Zergatik?
Bidea egiten ari garen heinean ikusi dugu alde batetik identitatea ezkutuan eramatea eraginkorra izan dela entzuleak musikan eta mezuan zentratzeko. Bestetik, zuzenekoa beste mundu bat dela ere uste dugu. Aurrekoan eman genuen gure lehen kontzertua eta 'testeo' moduko bat izan zen, non gure ideiak lehenbiziko errealitatean irudikatu baikenituen. Kontzertuek mugikortasun bat dute, bakoitza berezia da eta esan dezakeguna da, hemendik aurrerakoak nolakoak izango diren jakiteko, bertan egon beharko dutela ikusleek.
'Reveal' publikoa egite aldera€ Zeintzuk zarete kideak, hortaz?
Egia esan anonimotasunean jarraitzeko asmoa dugu. Maskara kentzearena kontzertuetan geratzen eta gertatzen den zerbait izatea gustatuko litzaiguke. Kontziente gara gure kontroletik ihes egin dezakeela horrek, baina hori da gure asmoa. Gainera aurpegiak erakusteak ez du esan nahi gure izenak esan ditugunik, edo esango ditugunik. Esandakoa, sareetan, prentsan eta bestelakoetan horrela jarraitu nahi dugu.
Hiru zarete irudietan agertzen direnak... Baina oholtzan, laugarren kide baten laguntza izan zenuten, ezta?
Hori da, kontzertuan lau ginen. Zuzenekoetara gitarra-jole batekin joateko asmoa dugu, taldearen lagun on bat.
Eta Merina? Nor da Merina Gris? Nondik dator izen hori?
Merina Gris gu gara. Ez da pertsona bat, gune bat, fisikoa ez den leku bat izango litzake. Erdigune bat, eroso sentitzeko eraiki duguna. Eta zirkulukoaren parte sentitzen denarentzat atea zabalik dago, noski!
Merina Gris, ordea ez da zuen proiektu bakarra€ Nola uztartuko dituzue horiek eta hau? Zeinek hartuko du garrantzia?
Nola dakizue ez dela gure proiektu bakarra? Ez dugu horren inguruan hitz egin publikoki. Esandakoa, horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke.
Abestiak:
— Zerua orain
— sAIATZENnAIZ :)
— 90
— Ez Geratu Azalean
— Ardi Latxen Herrian feat Cris Belako
— ALMAR
— Besteek Zer
— hemen orain
— Antes No Era Más Feliz
Hurrengo kontzertuak:
— Apirilaren 7an
Arrasaten, Gaztetxean
— Apirilaren 13an
Gasteizen, Kubik Aretoan
— Apirilaren 28an
Bilbon, BBK Aretoan
— Apirilaren 29an
Iruñean, Rockollection Aretoan