Duela bi urte geldiarazi zuen birusak mundua. Askorako balio izan zuen hiru hilabetez etxean igarotzeko aldiak. Sormena lantzeko aukera izan zuten askok, baltsamo gisa. Erabakiak hartzeko probestu zuten beste askok. Beñat Goitiak (Gasteiz, 1991) ere atera zion probetxu etxealdiari, bai sortzeari, baita pentsatzeari ere. Ordura arte Montauk taldearekin ibili izan zen, baina bide berriak bilatzeko unea iritsi zela igarri zuen: "Erreferenteen eta gustuen aldetik beste norabide batean ari nintzen". Behar berriak ditu hizpide gasteiztarrak, aldaketarako gogoa.
Aste honetan kaleratu du lehenengo singlea "Benizze" sinadurarekin, bideoklipaz lagundurik: Bazatoz. Elektronika estiloan murgildu da Goitia. "Jendeak berehala harrapatu ditu erreferentziak", azaldu du. Musika estilo horretan berritzat dauka bere burua, "iritsi berria", baina argi izan ditu proiektu honetarako Euskal Herrira ekarri nahi izan dituen artistak: The Blaze bikote frantsesa, The XX, Monolink edo HVOB.
Sareetako jarraitzaileei, hain justu, playlist antzeko bat eskaini die azken asteotan, proiektuaren nondik norakoen pista modura. Talde horiei soinuak hartu dizkie, baina beste estilo batzuetako izenak ere izan ditu gogoan, trapmelodiko-elektronikoaren mundukoak hain zuzen, kantatzeko moduko abestiak egin asmoz. Horiek guztiak nahasturik, eta aurkezpen bideoan esaten duenez, "euskaraz, aitzakiarik gabe".
Estetika ardatz
Musika estilo modernoagoetan aritzeagatik ere, ez du alboratu nahi izan tradizioa. Soinu aldetik bainoago, iruditegian ageri dira -eta ageriko dira aurrerago ere- euskal kulturaren usadioaren hainbat elementu. Bazatoz kantuan, adibidez, Arabako lautadako Sorginetxe trikuarria, Momotxorroa eta Ziripot ageri dira. "Irudi kostunbristak edo folklorea, jantziekin kontrastean gustatzen zait", adierazi du Goitiak, eta ildo horretan gehitu du, diskurtsoa ere bere egiten duela, ohiturekiko irudikapena nolabait berritzeko asmoz.
Bestetik, modernitateak, eta kasu honetan bereziki, elektronikak Euskal Herrian izan duen "estigma" apurtu nahi du Gasteizkoak. Urteetan elektronikaren kontzeptua ordu txikietako pintxadekin lotu izan dela uste du, baina, hala ere, azkenaldian, aldatzen ari delako iritzia du. "Traparen eta reggaetoiaren munduek lortu dute pintxadaren espazioa kontzertuen eremura ekartzen". Benizzek adierazi du, bietan edo tartean ikusten duela bere proiektua: zuzenekoa izan daiteke, bakarka bere jostailutxoen eta gitarraren laguntzaz, nahiz gau sakonean dantza egiteko musika gisa. Entzuleen esku utzi du aukera.
Aurreratu du Erraia etxearekin kaleratuko duen diskoak zazpi kantu izango dituela, bakoitza bideoklip banarekin. Aurreneko bideoklipak Kauldi Iriondoren zuzendaritza izan du. Izen artistiko hartu duen izen bera izango du kantuak bilduko dituen EPa: Benizze. "Nire izenetik dator, ez du misterio handirik", esan du izenaz galdetzean.
Fonetikoki eta bisualki gustatzen zitzaiola gehitu du, eta aitortu du keinu txiki bat dagoela Alizz artista katalanarekin, hark egiten duen gustatzen baitzaio. Diskoan ere, hainbat kolaborazio izango ditu, oraindik iragarri ezin baditu ere, bi abeslari "mitiko" autotunearekin arituko direla esan du, beste talde "berriago" batekin duen kolaborazioaz gain.
Bakarkakoaren erronka
Piszinara salto egin du Goitiak. Bakarka arituko da, eta barrik egin du, halaber, proiektu osoa ere. Montauk taldearekin izandako esperientziatik abiatu da: "Baziren lehenagotik ezagutzen nituen zailtasun batzuk", esan du musikaren mundilloa ezagutzearen abantailez. Hari horri eutsita, ordea, gehitu du, bakarrik aritzeak gauzak are gehiago zailtzen dituela proiektuan mugitzerakoan eta ezagutarazterakoan.
Aitzitik, alde on gehiago ikusi dizkio, txarrak baino, bere kabuz aritzeari: "Balantzan jarrita, gauza onak gehiago izan dira". Edonolako erabakiak hartzeko orduan edota, pandemia-egoera kontuan hartuta, lan egiteko aukerak aipatu ditu adibidera. Hori dela eta, ondorioztatu du aurkeztera datorren lana "pertsonalagoa" dela.
Pozik dago azken bi urteetan, lana prestatzen eman duen denboran, lortu duen emaitzarekin. Aurrerantzean, etorriko denaren zain dago. "Bazatoz" estreinako kantuak duen harreraren arabera joango da kaleratzen hurrengoak, eta prestatzen emanaldiak. Prest du proiektua eta prest da "Benizze" bera ere. "Ez daukat ezer itxita, ez dakit ze kantu kaleratu hurrengoa, ezta noiz ere". Datorrenari datorrela, baietz esango dio, "baldintzak onak direnean, betiere".
Gasteiztarrak helbururik ez du, momentuz, eta areto txikienetik, jaialdietako eszenatoki handietara eramateko gertu da. Gonbita egin die, kantuan bezala, berarekin bidaia honetan murgiltzera: bazatoz?