Aspalditik hitz egin nahi nuen da arkitekto hauen lanen inguruan, eta orain arte kalabazak jaso izan ditut. Gutxien espero nuenean beraiekin elkartzeko hitzordua luzatu didate. Informazioa urria da, klasifikatua. Altxorraren mapa eskuetan abiatu naiz B-tik B-ra, tostoien herritik musikarien herrira, A pertsonarekin solasteko. Inkognitez beteriko bidaia dirudi. Estudioaren eta proiektuen inguruko informazio gutxi ageri da interneten, ez da ohikoa. Solasaldia bazkari batekin hasten da eta ezkutuko misterioak azaleratuz doaz.

2015aren hasieran, arkitekturatik kanpoko egoera batek bultzatuta, MUGARA arkitektura estudioa sortu zen eta egun hiru arkitektok osa-tzen dute familia. Bulegoa Nafarroan kokatzen da, Gipuzkoa eta Lapurdi mugalari dituelarik. Limite administratibo, soziokultural eta politiko batean kokatzen dira, geografikoki interesgarria izanik, bere abantaila eta desabantailekin. Muga horrek ematen dien posizionamendutik arkitekturaren inguruko filosofia mamitsua jorratzen dute. Egungo tendentzietatik at bizi dira, arkitektura lasaia, mimoz egina eta xehetasunak zaintzen dituztelarik. Haatik, Euskal Herri osoan aurki daitezke beraien lanak.

Bulegoak bere jarduera eta energia guztia objektu berrien bilaketara bideratzen du. Beraien hitzetan arkitekturaren ezinbesteko eginkizun-tzat jotzen dute aukerak aurkitzea. Aukera horiek askotan presente daude, baina gure begien aurrean ezkutuan. Jarrera horretatik abiatuta, bulegoak arkitektura espezifiko eta arrazoizkoen bilaketan lan egiten du. Sarean beraien inguruan informazio urria dago eta ez da kasualitatea, hautu pertsonal eta politikoa baizik. Gain-informazioaren gizarte honetan, isilpean lan egitea erabaki dute: Instagram, Facebook edo bestelako sare sozialak ez dituzte erabiltzen egindako lanak zabaltzeko. Horrek ez du esan nahi errealitatetik at bizi direnik, azken argazkiaren bilaketak (egungo arkitekturaren gaitzetako bat) baino, arkitekturaren esentziaren bilaketak garrantzia handiagoa du beraien jardunean.

Mugararen pentsaera filosofiko eta humanoa deskubritzen hasia naiz. Herritik eginiko ibilbidean xehetasun berriak ezagutzen ditut eta mapan kokatzen ez ziren beraien hiru altxor aurkitzen ditugu. Eraikinek zerbait xuxurlatzen dute, hasieran ulergaitzak izan daitezke elementu batzuk, eta hau joko baten adierazle da. Elementu eta espazioen segiden bidez gauzak erakutsi-ezkuta-tzearen jokoa planteatzen dute eta horrela sentsazioak sortzen dituzte. Behin arkitekturetan murgiltzean xuxurlak ulerkorrak dira eta elkarrizketa bat ahalbidetzen dute, erabiltzaileak partaide bilakatuz eta informazioaren absentziak bere lekua galduz.

Arkitekturen esentziaren bilaketan elementu minimoetara joaten dira. Baldintza anitzen neurria kontuan hartzen dute eta neurrira egiten dute dena, huskeria txikiena ere neurtuaz. Eta esan beharra dago, dena dagoela ondo orekatua. Materialaren propietateak ondo aztertzen dituzte eta horiek mugara eramaten dituzte. "X" proiektuan esaterako, egitura arrazional baten bidez grabitateari desafio egiten ari direla dirudi. Estalki arina lortzeko beharrezko elementuetara soilik joan dira eta soluzio egoki bat planteatzen dute. Perimetro irregularrari egokitzeko geometria borobila planteatzen dute, altzairuzko zertxarekin zutabe gabeko espazio bat lortuz. Kanpotik Objektu Hegalari Ezezagun bat iruditu arren, bertaratzean dena ulertzen da: egituraren kolore bakoitzaren esanahia, landarediaren erabilera, hormigoizko blokeen funtzioa

Mapa jarraituz bulegora iritsi gara, etorkizuneko proiektuak ezagutzeko parada. Altxor berriak ezagutzeaz gain, iraganeko proiektuen barrenak liluratu naute. Irakurketa bat egin daiteke beraien artean, erlazio bat dago. Mimo berezia nabari da. Ekidak ezartzeko modua adibidez asko zain-tzen dute. Lurraldearekin eta honen morfologiarekin erlazio espazial eta bisualak jorratzen dituzte. Argitasuna, orientazioa eta eguzkiak hasieratik garrantzia hartzen dute. "Y" proiektuan lekuaren potentzialtasuna eta erronkak aprobetxatzen dituzte. Barneko espazio guztiek etxebizi-tzako muga fisikoetatik harago zabaltzeko gaitasuna dute, inguruarekin erlazio ezberdinak planteatuz. Etxea modu garbian eraiki da, luxu handiko espazioak ahalbidetuz eta erabiltzaileari malgutasuna eskainiz. "Ekonomalista" da proposamena, ia ezinezko aurrekontu bati lotuta baitago eta erabiltzen diren soluzio tekniko-estetikoak horren adierazle dira, ondo erabiliak.

Orrialdea motz gelditu da. Eskerrak A, I , D, eta B proiektuen koordenadak lortu ditudala. Amu berriak. Lerro hauetan erakutsitako eta ida-tzitakoa ere zuentzako amu soil bat da, Mugaranen arkitekturek momentuan sorrarazten dituzten sentsazio eta bizipenak ezkutuan manten daitezen.