Hogei urte bete ditu Kerobia taldeak 2021. urtean. Eta hogeigarren horretan talde bezala aurkitu egin dira. Hori da Xabi Bandini abeslariak nabarmendu duena: "Lagunak baginen, baina talde bezala aurkitu gara. Urtea oso emankorra izan da arlo askotan eta, gezurra badirudi ere, aurretik planifikatu gabeko urtea izan da". Gauzak pausoz pauso egin dituzte. "Kalean solasean ginela ohartu ginen 20 urte bete behar genituela 2021ean. Eta momentu hartan binilo bikoitza ateratzearen ideia sortu zen".
Lan horrek harrera oso beroa izan duela onartu du Bandinik: "Guk lehenago ez dugu sekula binilo bat atera. Ez gara errekopilazioen oso zaleak, baina binilo bikoitza ateratzea izan zen gure apustua. Batean kantu ederrenetarikoak batu genituen, eta bestean diskoz disko deskartatuta geratu ziren kantuak". Argitaratu gabeko kantak bildu zituzten bigarren horretan, "eta ez argitaratu gabeak bakarrik, gaizki grabatutakoak ere, bere garaian kaleratzen ausartu ez ginen gauza horiek eskaini nahi genizkien gure zaleei". Grabatu zuten bezala aurkeztu dituzte, "Kerobiaren atzealdeko gela ezagutu dute gure zaleek, eta oso polita izan da". Era berean, lan horretarako Maite Gurrutxaga diseina-tzaileak egidako lana ere nabarmendu du Kerobia taldearen ahotsak: "berak egin dituen diseinu guztiak, nolabait, sintetizatzen dute Kerobiaren unibertsoa zer zen, eta gainera, Konstelazioa deitu genion. Lan txukuna izan zen".
Biniloak izandako harrera onak eraman zuen taldea eszenatokietara bueltatzera. "Kerobia talde arrunta da, kantu politak egiten ditugu, historiak kontatzen ditugu baina talde arrunta da". Baina biniloarekin Kerobiaren itzulerak izandako harrera hain izan da ona kontzertuak ematea ere erabaki zutela: "Hiru kontzertu ematea erabaki genuen, talde lana delako, eta hori da egitea gustatzen zaiguna. Oso bereziak ezan ziren guretzat, eta uste dugu zaleentzat ere".
Etena eten ostean, Kerobiari bide berria ireki zaio. Izan ere, taldeari jarraipena ematea erabaki dute. "Uda aurretik planteatu zuen Mikelek taldearekin aurrera jarraitzearena" -dio Bandinik-, "nik banituen abesti batzuk konposatuta, baina etorkizun bat gabe egin nituen, eta Mikelek Kerobia bezala jarraitzeko planteatu zuenean esan behar dut hasieran ez niola zentzu handirik ikusi". Baina 20. urteurrena ospa-tzeko elkartu zirenean ideia hori gorpuzten joan zen: "Eta horrek erakusten du nolako maitasunarekin lan egiten dugun. Izan ere, Mikelek talde bezala jarraitzea planteatzearekin batera jakinarazi zigun berak taldea utzi behar zuela".
Aurrera, aldaketekin
Jarraipena du Kerobiak, baina eraberrituta helduko da eszenara. Mikel Zorrilla bateriaz gain, Ruben Matilla gitarra-jotzaileak eta teklatuan aritzen zen Mikel Isabak ere taldea utzi dute. Xabi Bandini (ahotsa) eta Alberto Isabak (baxua) bidelagun berriak dituzte orain: Eneko Requetibate (bateria), Lur Larraza (gitarra) eta Carlos Colina (teklatua). "Uda aurretik hartu genuen erabakia, eta osatu genituen Hilak diskoaren abestiak". Izan ere, Kerobiak lan berria dauka esku artean. "Sekretupean joan ginen disko berria gorpuzten, eta sekretupean diot, askok esaten digutelako misteriora jolasten dugula beti, eta kontua da gauzak pausoka egiten ditugula. Hala ere, egia da Hilak diskoa sekretupean egin dugula".
Grabatu duten lan berri hori taldekide berriekin egin du Kerobiak. "Nire ustez Hilak Kerobia da %100, baina nabaritzen da Eneko, Carlos eta Lur daudela. Alegia, gorputza eta proposamena Kerobia da, baina tonu ezberdina ematen diote taldekide berriek. Eta hori ona da, musikari bakoitzak bere ekarpena egiten du beti".
Disko berriaren kantuak idazten hasi aurretik historia bat bazegoela azaldu du Bandinik. Komunitate txiki batzuek Lurra planeta abandonatu dute globo espazial batzuetan, beste etxebizitza baten bila. Baina misio horiek ez dute arrakastarik izan, eta eguzki sisteman zehar eskegita geratu dira ; "historia argazki bat da, zeinetan globo espazial bakoitza komunitate txiki bat den eta ba-tzuek denborarekin globo espaziala suntsituko dute, beste ba-tzuk erregimen totalitarioetan bizi dira...", azaldu du Kerobia taldearen abeslariak. "Gizakia eta pertsonaia haiei lurraren edo etxearen babesa kendu diegu, eta gure historian kendu dieguna da ametsa, etxe berri hori egitearen ametsa. Neptuno ondoan, edo orbitan eskegita geratzen diren globo espazial horietan zer pasatu daitekeen eta zer sentitu daitekeen kontatzen du diskoak: sakrifizioak daude, erritoak, maitasuna dago, gogoetak...
Zortzi abesti dira eta zortzi istorio kontatzen ditu Kerobiak Hilak lan berrian. Baina zortzi abestiek osotasuna egiten dute, abesti bakoi-tzak globo espazial baten historia kontatzen baitu. "Gure istorioetan pertsonen pasioei buruz hitz egiten dugu beti: zer den maitasuna, zer den bakardadea, zer den etorkizuna... Existentzialki ez, baina buruan, barruan zer dugun kontatzen dugu". Bandinik aitortu duenez, istorioak kontatzeko modua "desesperantea" izaten dela esan izan diote sarritan, "baina entzuleek aitor-tzen dute bukaeran beti esperan-tza irekitzen dela".
Taldeak gai abstraktuak edo metafisikoak jorratzen dituela entzuteak ez dio eroso sentiarazten; hala dio Bandinik. Dena den, onartu du bere letretan konfrontaziora jotzen duela: "Maitasun kontu bati buruz ari naiteke eta pozoiari buruz hitz egin... beti ari naiz konfrontatzen. Are gehiago, Hilak izeneko azken lan horretan pasioei buruz ari garenean erregimen autoritarioei eta sakrifizioei buruz ere ari gara, nola, idiosinkrasian, komunitate horietan eboluzionatzen joaten diren". Esku artean duten zortzigarren lan luze horretan bizitzari buruz hitz egiten du Kerobiak, maitasunari buruz, kooperazioari buruz, baina hitzak eta imajinak faxismoak direla azaldu du Bandinik: "Erregimen autoritarioak, hilketak, intolerantzia, uniformitateak... Ez da kasualitatea gure posterrean agertzen diren pertsonaiak gu izatea. Azken finean, niri interesgarriagoa iruditzen zait en-tzulea muturrera eramatea, han dagoela berak ikusi dezan zein-tzuk diren bere baloreak".
Bide propioarekin
Estilo hori lantzen joan dira Kerobia taldea hazten joan den heinean. Euskal rockaren eszenan hasi zen taldea. "Jende askok ez daki Kerobia jaio zela entzuten genuena imitatu nahian, euskal rocka eta abar, eta lehenengo diskoa rocka da. Baina normalean ez duguna esaten da, nik, adibidez, Laura Pausini ere en-tzuten nuela".
Rose Escargot lanak markatu zuen Kerobiaren ildo berria; "lan horretan nabaritzen da Germanek ekarri zigun indie musika hori". Lan horrekin ohartu ziren Kerobia hori zela, taldeak heldutasuna lortu zuela. "Guk egiten duguna da ahalik eta kantu politenak egin, istorio bat kontatu eta irudi bat eskaini. Eta hori da egin duguna bai Rose Escargoten, Trilogian, Supernovan... Eta horri eusten saiatu Konstelazioa LP bikoitzarekin eta, zalantzak gabe, Hilak lanarekin".
Bere filosofiari eta bideari leial, Kerobiak beti egin du nahi izan duena; eta horren froga da behin Kerobia aurrera zihoan heinean, autogestioaren aldeko apustua egin zuela, "bermatzeko nahi genuena egingo genuela". Trilogia da horren adibide: "Guk diskoetxe batzuei planteatu genien trilogiaren ideia; hau da, hiru urteko epean hiru album txiki ateratzea, eta ezetza eman ziguten. Ez zioten berme komer-tzialik ikusten. Horrek behartu gintuen gure zigilua egitera, Creative Commons-ekin lan egitera... Gauzak norbere erara egiteak kostu bat dauka, eta beste erabaki batzuk hartu behar dira. Eta, zentzu horretan, oso anekdotikoa da nola Rose Escargot diskoa atera ostean sentitu genuen Kerobia prudentzia handiarekin hartzen zutela zirkuituan. Baina bira amaituta eta diskoak urtebete zuela, erabat aldatu zen eszena. Beraz, nik uste dut Kerobiak bere ekarpenak egin dituela eta horietako bat izan da, nolabait, rocketik aparte, indie popa Euskal Herrira ekartzearena. Lehenik ere bazegoen, Itoitz bera, esaterako. Baina sentsazioa daukat estilo horri lagundu diogula".
Horrela sortu dute Hilak ere, autogestiotik, beraien filosofiari eutsiz. "Hartu ditugun erabakiak izan dira gauzak gure modura egin ahal izateko, presioetatik ihes egiteko, SGAErenak esaterako. Sasoi batean ez zen ohikoa diskoa saltzen jarri aurretik webean jaisteko moduan jartzea, eta guk egiten genuen, egiten dugu. Hilak diskoa ere webean dago entzungai, eta deskargatu daiteke, baita diseinu guztiak ere. Iruditzen zaigu komunitatearekin konpartitzea ondo dagoela proiektua sostengarria den heinean".
Bi maketa eta zortzi lan luze kaleratu ostean, etorkizunari begira dago Kerobia. Kontzertuak lotzen ari dira, baina badituzte dezente zehaztuta. Hala ere, oraingoz bi data baino ez dituzte eman jakitera: martxoaren 12an Bilboko Kafe Antzokian eta martxoaren 18an Basteron, Andoainen. Trilogiaren hasieran bezala, libre sentitzen dira orain: "Berriro ere erresonantzian dago dena".