Entseguetan harrapatu ditugu Duplako kide diren Gari Uriarte (Agurain, Araba, 1994) eta Beñat Oribe (Agurain, Araba, 1994). Urteari agur esaten hasiko dute euren lan berriaren bira: Nahieran tour. Zuzenekoetan mugitzen baita gusturen bikotea: "Kontzertu batean ikusi arte ez dakizu Dupla zer den!". Orain arteko ildo berean jarraitzen dute aguraindarrek, erritmo dantzagarriekin eta letra zuzenekin. Nahieran jarri diote izena disko berriari, hala egin baitute proiektu honen sorkuntza prozesuan, eurek nahi izan duten guztia eta nahi izan dutenekin. Pop, hip-hop, punk, rock, elektronika, trikitia, technoa, reggaetoia, baladak€ Eta zergatik ez? Inolako konplexurik gabe bueltatu da Dupla oholtzetara.
Oso argi zenuten ez zenutela disko fisikorik inoiz ere argitaratuko. Baina hemen dago 'Nahieran', 12 abestiko diskoa. Zer gertatu da?
-Hala da, bai. Kontraesanak abestian aitortu dugun bezala, ez genuen diskorik atera behar "ni pa ni pa la ostia". Baina bazen ordua zerbait luzea egiteko,lan luze bat atera behar genuen, hori zen bide naturala edo, orain arte egon gara singleak egiten, Youtubera bideoak igotzen, etab. Azkenean erabaki genuen, CD konbentzional bat egingo dugu, baina berrituko dugu barruan dagoenarekin. Guk ez ditugu diskoak kontsumitzen, baina egia da oraindik ere saltzen direla. Buelta asko eman eta gero, hortxe dago, Nahieran.
Musika entzuteko modua aldatu egin da?
-Nik adibidez, ezin dut nire diskoa entzun. Ez dut erreproduktorerik, ez kotxean, ezta ordenagailu portatilean ere€ Agian belaunaldi kontua izango da. Orain arte Spotifyn edo digitalean atera dugu dena, baina filosofia horregatik izan da. Guztiz aldatu da musika entzuteko modua, formatuaz aparte, presarekin entzuten dugu musika. Gutxi izango dira CD bat hasieratik amaierara entzuten dutenak. Orain zure playlista egiten duzu, talde bakoitzaren abesti onenarekin eta kitto. Eta hurrengo asterako jada zerbait berria bilatzen ari zara.
Nahi izan duzuena egin duzue lan honetan eta hori bera aldarrikatu duzue tituluaren bidez, ezta?
-Guk lagun artean askotan erabiltzen dugun hitza da "nahieran". Modu batean laburtzen du sorkuntza prozesua nolakoa izan den; diskoa egiten joan garen heinean genero ezberdinetako abestiak ateratzen joan dira, baita kolaborazio andana ere. Azken finean, ez diogu gure buruari inolako frenorik jarri. Nahi izan duguna egin dugu, nahi izan dugunekin.
Zer aurkituko dute entzuleek Duplaren lan berri honetan?
-Popurri antzeko bat topatuko dute, ez baikara estilo batera mugatzen, inondik inora ere. Erritmo ezberdinetako kantak daude, reggaetoia, trikitixa, techno€ Nahiz eta gero abesti guztiek izan "aura" berdina, diskoak badu osotasun bat. Hau da, entzuten duenak badaki Dupla dela.
Eta gaiei dagokienez, zeri buruz abesten du Duplak?
-Orain arteko bidea jarraitu dugu, gure letretan gure ingurua islatzen da. Gure adineko bi mutilek bizi dutena abesten dugu; kezkak, bizipenak, gure bizitzari buruz, azken finean.
Nolako harrera izaten ari da 'Nahieran'?
-Azaroaren 26an argitaratu genuen diskoa, duela hilabete eskas. Egia esan, harrera ona edukitzen ari gara, entzuleek esan digute disko ezberdina dela, denetarik aurkitu dutela bertan... Beraz, momentuz jaso dugun feedbacka ona izan da eta orain zuzenekoen zain gaude, hor mugitzen gara gu gusturen. Dupla zuzeneko talde bat gara eta oholtza gainean ikusiko dugu jendeak erantzuten duen edo zer moduz doan.
Durangoko Azokan egon berri zarete. Aurten, bigarrenez.
-Aurrenekoz 2019an egon ginen Durangoko Azokan. Orduan ez ginen hain ezagunak, hiru hilabete lehenago jaio baitzen Dupla. Aurtengo edizioan jendeak jada ezagu-tzen gintuen, bazekiten Dupla zer zen. Egoera berezia izan denez jende gutxiago ikusi da, baina hurbildu zaigu jendea, gurekin hitz egitera, diskoak erosi dizkigute€
Formatu fisiko berrien bila zabiltzate sortzaileak, hori argi ikusi da azokan€
-Gaur egun musika talde batek gehiago saltzen ditu kamisetak diskoak baino. Nik uste dut Durangoko Azokak pilak jarri beharko dituela hemendik oso gutxira eta zerbait aldatu beharko dela. Gero eta gehiago ikusten dira QR kodeak, kaseteak, USBak€ Azokak erabaki beharko du, baina nik uste dut espabilatu beharko direla ze garaiak ere aldatuz doaz. Egia da guk uste genuela diskoa hiltzear zegoela, baina badirudi oraindik baduela azken bide hori.
'Folklore', zuen lehen lana, 2019an argitaratu zenuten. Orain, 'Nahieran'. Nola aldatu edo garatu da zuen musika?
-Lehen ere ez genuen konplexu askorik baina Folklore-rekin askoz ere kontu handiagoarekin lan egiten genuen. Genero urbano honetan ez zegoen mugimendu askorik, duela urte bi izan zen, ez da luze joan. Nahieran-ekin, ordea, ikusi dugu produktua ona baldin bada jendeak onartzen duela eta orain ateratzen zaiguna egiten dugu eta jendeak ondo hartzen du, gusta-tzen zaio.
Aurreko diskoan aipatzen zenuten "arazo moral antzeko bat" dagoela musika dantzagarriarekin. Egoera aldatu da denbora honetan?
-Reggaetoiarekiko, musika edo erritmo horiekiko, beti egon da aurreiritzi bat, letren edukiarengatik. Baina musika musika da, eta entzutean jendea martxan jar-tzen da. Ez dut uste jendeak arazorik duenik dembow edo bachata batekin. Ez dakit gauean jendeak lotsa galtzen duen edo zer, baina larunbat gau batean edozein tabernatan entzuten den musikaren %80 reggaetoi komertziala izaten da. Eta jendeak dantzatu egiten du, baita herriko tabernan ere. Hori da nik ikusten dudana behintzat.
Aguraingoak izanik rockarekin hazi zarete. Zuek, ordea, denetik egiten duzue: pop, hip-hop, punk, rock, elektronika, trikitia, technoa, reggaetoia, baladak€ Nondik datorkizue hori?
Guk musika asko entzun dugu. Hasi ginen La Polla, Eskorbuto, Txapelpunk eta horrelakoak entzuten eta jada 14 urterekin talde bat osatu genuen, punk bertsioak jo-tzen genituen. 16 urterekin horretaz aspertu eta hasi ginen rock kutsu elektronikoa sortzen; gero ni hasi nintzen musika elektronikoagoa egiten ordenagailuan. Denetarik entzuten dugu, bestela tristea litzateke, ezta? Bizitza osoan erritmo zehatz batera "enkasillatua" egotea€
Kolaborazio andana duzue lan honetan€ Mota guztietako artistenak, gainera!
-Bai, azken finean askotariko erritmoak ditugu gure lanean eta horrek aukera ematen digu estilo ezberdinetako artistek gurekin kolaboratzeko. Normalean kantak sortzen ditugu eta orduan kantaren rolloa entzun eta ikusi ea nor datorkigun burura, eta orduan proposatzen dugu kolaborazioa. Juantxo Glaukoma, Tapia eta Leturia, Kaotiko, Evaristo eta Txiki (ex-Gatillazo, La Excavadora), Sara Zozaya, Pello Skakeitan, XSakara eta Pantxo Zoo izan ditugu gurekin lan honetan. Tapia eta Leturiaren kasuan, Eromeria abestia euren bertsioa zen eta azkenean ausartu ginen elkarlana proposatzera eta lortu genuen eurek animatzea.
Jada badituzue lan honetako abestien bost bat bideoklip. Musikaz gain, ikus-entzunezkoei garrantzia ematen diozue, horien aldeko apustua egin duzue? Gaur egun ezinbestekoa elementua da jendearengana iristeko?
-Hasieratik argi genuen kantu bakoitza bideoklip batekin joango zela, azken finean musika begietatik ere sartzen da. Guk beti defendatu dugu hori. Nik ikus-entzunezkoan egiten dut lan eta orain arte bideoez arduratu izan naiz. Oraingoan, Beittu ekoiztetxearekin batera egin ditugu Un mal día eta Eromeria kantuen bideoklipak, esaterako.
Orain arteko ibilbideari erreparatuz, zein-tzuk dira Duplaren gaur egungo erronkak eta etorkizunera begirakoak?
-Egia esan ez dugu leku zehatz batera heltzeko anbiziorik. Egunean bizi gara, orain Nahieran biraren hasiera aurkeztu dugu eta datorren urte osoan biran egotea espero dugu, Euskal Herrian zein hemendik kanpo ere. Ez dugu inor esateko zer egin behar dugun eta zer ez, beraz, ikusteke dago. Baina beno, seguru tartean abestitxoren bat ere aterako dugula. Horrelakoak baikara, ez dugu agoantatuko kanta berriren bat sortu gabe.
Urte bukaeran hasiko duzue aurkezpen bira. Nola prestatzen zarete horrelakoetarako? Ordubeteko murgiltze esperientzia dela aipatzen zenuten€
-Abenduaren 30ean dugu lehen kontzertua Ondarroako Beikozinin, eta hortik aurrera beste hainbeste emanaldi ditugu. Dupla Youtubetik ezagutzen duenak ez daki zer den Dupla. Kontzertu batean ikusi arte ez dakizu zer den. Irakurleei gure zuzenekoetara joateko gonbitea egiten diegu, orduan jakingo dute zer den Dupla benetan!