NIKOLASA Atxikallende (Sukarrieta, 1873-1952) "emakume arrunta" izan zen. XX. mendearen amaieran jaioa, baserritarra eta "bereizgarri handirik gabekoa". "Gure amak edo amamak izan zitezkeenaren modukoa" finean. Hala azaldu du Edorta Jimenezek (Mundaka, 1953), Nikolasaren historia bildu duen idazleak. Ostera, bazuen Nikolasak berezitasunik, bizitza osoan zehar eragin ziona. Izan ere, Sabino Arana Goiri EAJ alderdiaren fundatzaile izandakoaren emazte izan zen: "Ez balitz Sabino Arana izan zena izan zela, Nikolasa ez zitekeen historian nabarmenduko".
Kartzelan ere izan zen Gerra Zibilaren garaian, faxisten salaketa dela eta. Hala bada, Nikole Bijotzekua (Elkar, 2021) izeneko liburuan jaso ditu Jimenezek emakumearen historia, saiakera, eleberri eta itxialdiaren eguneroko formatuak uztartzen dituen monografikoan. Izena, Jimenezen arabera, jeltzale ezagunak Nikolasari idatzitako eskutitzetatik hartu du.
Ahanzturaren eta gezurren artean
Edorta Jimenezek adierazi du Sabino Aranaren emazte izanagatik emakume hark sona handiagoa merezi duela, gutxieneko biografia bat edo. Are, ildo horretan gehitu du, biografiarik ez izateaz gainera, politikariaren inguruko lanetan ezer gutxi aipatzen dela Atxikallenderi buruz: "mamu batekin ezkondu zela ematen du, izaki mitologikoa balitz bezala". Gainera, Sabino Aranaren argazki ikonikoetako baten ingurukoak ere gezurtatu ditu mundakarrak: "Zerura begira azaltzen da, aberriaren abstrakziora begira egongo balitz bezala". Aitzitik, argazkia eztei-egunekoa dela eta Nikolasa kendu egin dutela azaldu du, eta begirada hori emaztearen maitasunari zor diola gehitu. Ahaztua, halaber, hilarririk ere ez duelako. Bi aldiz ezkondu izanagatik ere, alargundu egin zen bietan Atxikallende, eta ez zuen seme-alabarik izan. Hartara, "omenaldirik ez zuen izan hil zenean", esan du Jimenezek.
Hiru urteko ezkontzaren ostean, Sabino gaitzak jota hil zen, eta ondasun guztiak emazteari utzi zizkion. Oinordetzak aitzakia, Luis Aranak, hots, Sabinoren anaiak, Nikolasaren inguruko gezurrak zabaldu zituela kontatzen du liburuan. Hori gutxi balitz, Jimenezek salatu du hala historialari ezagun baten lanean, nola Euskal Telebistako "saio ezagun batean" [ez ditu izenak eman nahi izan] Nikolasaren eta Guardia Zibil baten arteko harremanaren berri eman dela, baita harekin semeak izan zituela ere. Datu horiek "erabat gezurra" direla ziurtatu du Mundakakoak, liburua idazteko dokumentazio lana egin baitu: "Ez dute datu zipitzik ere bilatu. Nik haren prozesua, epaiketa, kartzelaldia eta beste jarraitu ditut".
Aspaldiko kontu
Nikolasaren berri, lehen aldiz, Brigada Antiterroristako buruaren partetik izan zuen Jimenezek. 30 urte zituela bere jardun politikoagatik atxilotu zuten, eta Audientzia Nazionalera bidean, hala esan zion, besteak beste: "Jakin ezazu Sabino Arana inpotentea zela, bere emaztea Guardia Zibil batekin ezkondu zelako". Hain zuzen, idazleak uste du Burgosko Prozesuan abiatu zen estrategia baten harira jaso zuela informazio hura, abertzaletasunari kalte egiteko asmoz. Gerora, Nikolasaren arrastoa jarraitu izan du, eta haren ahizpen ondorengoak ezagutzeko aukera izan du. "Haiek gorde izan dute Nikolasaren oroimena, nolabait" azaldu du, eta erantsi du ondorengoetako batek zaindu zuela Nikolasa hil arte.
Urteotan guztiotan, beraz, belarri atzean izan duen burrunba izan da Nikolasarena. Joseba Agirrezkuenagak Argia aldizkarian haren gutunetako batzuk kaleratu zituen, eta, gorde egin zituela azaldu du. "Emakumeren batek idatziko zuela uste nuen, baina ez zen hala izan". Itxialdiarekin batera, ordea, Nikolasaren bigarren senarraren heriotzarekin akordatu zen, zeina 1918ko gripearen eraginez hil baitzen. Egoeraren antzekotasunaz jabetuta bada, "zoro moduan" idazten hasi zela aitortu du: "Barruan neukana eta pilatutakoa idazten hasi nintzen. Kasualitate gurutzaketa izugarria izan zen". Emaitza, urri amaieran aurkeztu zuen, liburu formatuan eta Nikole Bijotzekua izenpean. Bertan, Atxikallenderen biografiaz gain, etxealdiaren eguneroko modukoa ere osatu du, betiere, gaiari hertsiki lotutako gogoetekin.
Aranaren beste alderdiak
Sabino Arana Goiri ezagun da bere jardun politiko eta ideiengatik. Hark sortu zuen Eusko Alderdi Jeltzalea eta baita gure hiztegiko eta izendegiko ordain ugari ere. Liburu honetan, Nikolasa Atxikallenderen ingurukoak gezurtatu eta haren bizitzaren berri emateaz gain, Aranaren hain ezagunak ez diren beste alderdi batzuk plantea-tzen ditu Jimenezek.
Sentimenduen aldetik "gigante" bat zela adierazi du idazleak: "Liburu hau idaztean, negar asko egin dut. Oso gogorrak dira Nikolasari gaixotasunari buruz idatzitako gutunak". Ggertuko baten galera ekarri du gogora idazleak, ezinbestean, maitaleen samina irakurtzen zuen bitartean. Horiez gain, Aranaren asmoak, marrazkiak eta amaitu gabeko antzerki-lan baten berri ematen zion bikotekideari.