SARI: "Egin den lanaren, egintza onaren edo zerbitzuaren ordaintzat har-tzen den ondasuna". Askotan, diru saririk ez, garaikurrik ez€ Hitz goxoak nahiko sari dira; norbera kontuan hartzea nahikoa da, eta egindako lanak bere aitorpena izatea pozgarria da. Hala sentitzen da Inhumano film laburraren zuzendari Iñigo Atxa;Inhumano bere azken lanak izan duen onarpen zabalak ematen baitio bermeotarrari poza.
Sitges: 54. Festival Internacional de Cinema Fantastic de Catalunya jaialdi entzutetsua da bai Europan eta baita mundu mailan ere. Urriaren 7an hasi zen eta urriaren 17an bukatu. Hainbat lan aukeratu zituzten jaialdian parte har zezaten, eta horietako asko saritu. Batekoak eta bestekoak izan ziren jaialdian, eta guztien artean, baita Bermeoko bat ere: Atxaren Inhumano. Saririk gabe geratu da aurtengo Sitgeseko jaialdian, baina ez dio horrek aurretik zuen poza galarazi. Izan ere, bere lana "jaialdian egotearekin soilik erabat pozik" sentitzen da.
Sitgeseko hautaketak ez daki film laburretan egiten ari den ibilbidean zerbait aldatuko ote dion, baina modu pertsonalean, behintzat, inoiz ahaztuko ez duen urtea izango dela argi dauka. Jendeak bere lana ikustea nahi du, eta horrekin gozatzea. Hori da bere benetako nahia. Eta horren ondoren etor daitezkeen sari edo bestelako aitorpenak ongi etorriak izango direla ezin du ukatu.
Beldurrezko generoaren barruan kokatzen da Inhumano, eta film labur mutua da. Hain da laburra, ezin duzula horri buruzko askorik aurreratu, guztia kontatzen duzulako bestela. "Ikusten hasi behar zara gero ezustekoak iristeko", aurreratu du lanaren zuzendariak. "Slasher azpigeneroko hasiera dauka, maskarak eta labana ageri dira, baina, segidan, zerbait aldatu egiten da", gehitu du bermeotarrak.
Inhumano izango zenaren ideia aurretik jada buruan zuen arren, 2019an hasi zituzten film laburraren grabaketak. Spookypheria Productions elkarteak antolatzen duen Gorefest jaialdiaren 20. urteurrenerako egitea pentsatuta zuten. Elkarteko kide da Atxa, eta urtero-urtero Beldurrezko eta Fantasiazko jaialdia antolatzen dute Bermeon. Pandemiaren ondorioz, baina, bertan behera utzi behar izan zituzten jaialdiaren prestaketak. Ekintza berezia prestatu nahi izan zuten urteurren borobil horretarako: Bermeoko eta kanpoko zenbait zuzendarik grabatutako film laburren antologia bat sortu eta argitaratzea zen asmoa. Egoerak, baina, guztia utzi zuen geldi. Inhumano, bestalde, prest zuten, eta berau mugitzen hastea erabaki zuten.
Arrakasta nonahi
Jaialdietara bidaltzen hasi ziren, eta arrakasta iristen hasi zen. Hainbat jaialditarako aukeratua izan denaren berriak iristen ari zaizkio bermeotarrari: Mexikoko Espanto Film Fest-en, Sitgeseko jaialdian, Gironan eta Bartzelonan€ Azken berri ona Rio de Janeirotik (Brasil) iritsi da, Rock Horror Film Festival-erako aukeratu baitute. Sariak ere irabazi ditu aipatu lanak: Singapurren eta Oporton (Portugal), kasuan kasu.
Urte dezente daramatza Atxak film laburrak sortzen eta zuzentzen. Ez ditu ahaztuko ibilbide horretako hasiera haiek: 1998. urtea, lagun artean, etxeko kamera sinple batekin. Ordutik, film labur asko grabatu ditu; ideia berriak pentsatu eta sortzeko denbora izan du, ikasteko, hobetzeko€ Garai haietatik kamerak eurak ere asko hobetu direla dio: "Gaur egun, amateurra denaren eta profesionala denaren arteko diferentzia ez dago hain argi. Are gehiago, egun, argazki kamera batekin ere bideo ikaragarria grabatu dezakezu". 1998an tripoderik ere ez zutela eta edizioa ere guztiz analogikoa zela gogoratzen du.
Urteen poderioz, Atxaren lan egiteko modua ere aldatu da: "Uste dut orain ideiak gehiago laburbiltzen ditudala; laburragoak eta eraginkorragoak egiten ditut". Hasieran egiten zituen film laburrak 20 minutu edo 30 minutukoak ziren, eta egun egiten dituenak, aldiz, 5-6koak edo 10 minutukoak. Hasierako urte haietatik askorik aldatu ez dena aurrekontua dela dio: "Aurrekontua beti da aurrekontu pobrea" - barre egiten du-. Diruarekin gauza hobeak egin daitezkeen zalantzarik ez dauka: "Esaterako, kamera hobeak alkilatu, makillatzailearentzat material gehiago eta hobea erosi, aktoreei hobeto ordaindu€".
Atzeko lana
Inhumano lanak ere iraupen motza du: 5 minutu eta 55 segundokoa. Baina lan labur horren atzean, lan handia dago. Hamabi orduko filmatzean aritu dira, gutxi gorabehera, Atxa eta baita berarekin lan egin duen talde osoa ere. Emaitza "nahiko ona" izan duen arren, film labur amateurra dela dio: "azken finean, lagunarteko proiektu bat da".
Euskal Herrian filmaz gozatzeko, badirudi, oraindik itxaron egin beharko duela ikus-entzuleak. 2022ko Gorefest jaialdian, gutxienez, izango du horretarako hitzordua. Horren aurretik, hala ere, Atxak badu bere azken lana FANT-Bilboko Zinemaldi Fantastiko-ra aurkezteko asmoa ere. Zortea izanez gero, beraz, bertan izango litzateke Euskal Herriko estreinaldia.