BERE ibilbide profesionalean aurrerapauso bat ematea egin duen erakusketa jarri du ikusgai Charo Garaigorta artistak Bilboko La Taller gunean: 1/400 Korridore Konplexuen Institutuan. Bertaratzen denak maketa edo pieza eskultoriko bat aurkituko du parez-pare; hori ezagutzeko aukerak, baina, azaroaren 26ra arte izango du. Erakusketarekin jendeak gozatzea espero du Garaigortak, eta baita buruari bueltak emateko balio izatea ere.

Ikusgai daukazu dagoeneko zure azken lana Bilboko La Taller gunean. Zer biltzen du '1/400 Korridore Konplexuen Institutuan' erakusketak?

-12 urte nitueneko nire marrazki batetik abiatzen da erakusketa eta bukatu berri dudan piezarekin amaitzen da. Txikitako marrazki horrek etxearen ideia du bere baitan, arkitekturarena, bizi garen espazioarena, eta gure bizitzaren eszenatokiarena. Oso garrantzitsua da ideia hori, arkitekturak konfiguratu egiten gaituelako, hirietako arkitekturak kultura sortzen, eratzen eta garatzen duelako. Ez diogu merezi duen garrantzia ematen. Behin eta berriz margotzen dena da etxea eta oso sinbolo garrantzitsua; marrazten hasten garenetik, etxeak eta pertsonak, tokiak eta gauzak marrazten ditugu. Zerbait eraikitzen lagundu du, kezka hori hor dago txikitatik. Beldurrak, segurtasuna, aterpea eta abarrak barne hartzen ditu, baina baita gai estetiko asko ere. Etxea gorputzaren luzapena da: eta pieza hau gorputz erdia da. Yoga-jarrera duen marrazki bat dago, zubia, gorputza alderantziz. Eta piezak jarrera hori du, gorputz konbultsionatu batena, errebelatzailea eta mugitzen dena.

Pieza handi bat da zure azken lana, baina zer da zehazki?

-Aparatu bat da, zeinak arkitektura, eskultura eta maketa nahasten dituen. Estudioko saioetan pentsatzeko tresna dela ere frogatu du, askotariko elkarrizketak sortzeko gai dena; agian, daukan eskalagatik, pertsona erraldoi baten tankera baitu. Arkitektura-lengoaia hau ere artista gisa hartu dut, uste nuelako arkitekturak maneiatzen duen kode hau ulergarriagoa dela, eta jendeak artearen hizkuntza baino ezagunagoa duelako hizkuntza hori. Ez dio kode bakar bati erantzuten, baizik eta hainbat koderen gurutzaketari. Kode horiek bateragarriak izan daitezke edo ez, baina dialektika eta jendearekiko lotura erraztu dute.

Artelan bat baino gehiago da€

-Niretzat oso erakusketa garrantzitsua da urtebeteko lana biltzen duelako, baina, gainera, erakusketa ezberdina ere bada. Oso obra handia lantzen aritu naiz, eta ia-ia artelan bat baino, jende askok parte hartu duen ariketa bezala irudikatzen dut, ez bakarrik gauzatze fisikoan, baizik eta beraren interpretazioan ere; izan ere, hainbat izan dira estudioan egin ditugun saioak. Bi ordu deritzon proiektuaren barruan egin dugu hori, non pertsona ezberdinak gonbidatzen genituen; filosofoak, artistak, arkitektoak€ Eta horien guztien artean pieza honi buruz hitz egiten genuen. Beraz, informazio asko jasotzen du lan honek, eta pieza horretatik eratorri diren elkarrizketak erakusketan jaso dugun argitalpen batean bildu dugu.

Orain arteko zure ibilbidean, marrazkiek garrantzia berezia izan dute.

-Azken urteetan marrazkigintzan lan egin dut, animazio pelikuletan€ New Yorketik bueltan etorri nintzenetik, ez nuen azken urtera arte eskulturarekin lanik egin. Hala ere, gaien arabera egiten dut lan, gai bat lantzen dut eta hainbat formatutan garatzen dut. Egun batean gauza bat eta bestean beste bat egin beharrean, edo estilo bat duen lerro batekin lan egin beharrean, proiektu ezberdinekin egiten dut nik behar. Zentzu horretan, askoz eklektikoagoa naiz, interesatzen eta kezkatzen zaizkidan gaien arabera jauzi egiten dut, eta nire buruarentzako esploratzeko eta esperimentatzeko grina izaten dut, epaituko nauten axola gabe. Horregatik alda dezaket norabidea une jakin batean, gogoa dudalako, erakartzen nauelako, interesatzen zaidalako eta pentsatzen laguntzen didalako. Nik uste dut azkenean artistoi arteak pentsatzen eta antolatzen laguntzen digula. Oso tresna garrantzitsua da.

Nolakoa izan da pieza sortzen aritu zaren urte horretako ibilbidea?

-Ibilbidea oso interesgarria izan da, parte hartzailea den lehen pieza delako. Ekoizpen beka bat eskatu nion Eusko Jaurlaritzari, pieza hau egiteko laguntza behar nuelako; izan ere, beste arlo ba-tzuetako profesionalekin lan egin behar dudan pieza da, burdina-teknikari batekin, arkitektoekin€ Jende askorekin lan egin dut. Elkarrizketarako elementu gisa balio izan du, hitz egiteko, pentsatzeko. Kaleko jendeak, artearen mundukoa izan gabe ere, estudiora sartu eta iritzia ematen zuen, eta hori oso interesgarria iruditu zait. Lan egiteko modu oso desberdina da. Hainbat eszenatokik osatzen dute pieza, eta, hiri bat eraiki baino gehiago, eszenatoki desberdinak eraikitzen dituzte, ia zinematografikoak, eskala desberdinak dituztenak. Hainbat gai lantzen dira, eta geometria eta organikoa elkarrekin bizi dira, eta, beraz, filmazio bat eskatzen du, bideo bat. Dron txiki batekin filmatzea pentsatzen ari naiz, bai goiko eta bai beheko eszenak, zoko ezberdinak. Hori izango da aparatu honek eskaintzen duenaren beste adar bat.

Pieza osatzen duten parteak bakarka ala taldean funtzionatzeko pentsatuta daude?

-Galdera ona da hori, ni neu ere pentsatzen bainabil, jarraipena izan behar badu honek, zein izango litzatekeen. Piezako eszena asko beste era batera gara litezke, edo etorkizuneko garapen baten gaia izan liteke. Pieza hau jaiotzear dagoen zerbaiten promesa da, DNA da. Begiratzen diozunean, ez dakizu suntsitzen edo eraikitzen ari den. Dena zuria bezalakoa da, oso misteriotsua, simetria du, baina simetria hori ez da oso simetrikoa aldi berean, eta, beraz, oso mundu filosofiko eta suberrealean sartzen zara, eta hurrengo pieza zer izango litzatekeen irudikatzeko aukera handiak eskaintzen dizkizu. Aukera asko daude oraindik eta honekin jarraitzeko aukera izatea gustatuko litzaidake.

Mundua modu batera edo bestera ikusten da begiratzen duten begien arabera. Zure piezarekin ere gauza bera gertatzen al da?

-Oro har, artelan bat begiratzen dugunean, ispilu-efektu bat gertatzen da, alegia, zerbait begira-tzean, gure beldurretatik begiratzen dugu, gure prestakuntzatik, gure kulturatik, gure hezkun-tzatik, gure psikologiatik. Proiekzio bat da. Oso dibertigarria da jendea artelanarekin haserre-tzen denean eta uste duenean ez duela ezertarako balio. Hor badago haserre bat norbere buruarekin, dialektika hori ezartzeko gai ez delako. Oso obra txarrak ere badaude, baina artelan batekin beti galderak egingo dizkiozu zeure buruari, dagoeneko buruan dituzunak. Pieza honetan, zehazki, hizkuntza hibridoagoa erabiltzean, sarrera errazten duela uste dut, denok bizi baikara arkitektura, plazak, etxeak edo horrelako espazioak dauden inguruan. Pieza honek konbultsionatzen duen gorputz bat dirudi, zeinak altxatu egin nahi duen. Hiriak non eta zertan bihurtu nahi duen erabakitzeko gaitasuna balu bezala irudikatzen du. Zientzia-fikzioaren kutsua izan dezake, agian. Etorkizuna eta utopia nolakoak izango liratekeen ikusteko aukera ematen didan momentutik erabiltzen dut nik zientzia fikzioa. Baina orainaldiko datuekin ere amets egiten duzu, eta datu horiek distopia batera eraman zaitzakete askotan, orainak hondamendia agintzen duelako maila askotan.

Jende askori entzun izan zaio esaten: "Ez dut artelan hau ulertzen". Baina, arteaz gozatzeko ulertu egin behar da?

-Liburu batez gozatzeko irakurri egin behar da, eta artearekin gertatzen dena da hiru minutuz begiratuta soilik ulertu egin nahi dela. Ahalegin bat egin behar da. Artea ez da ulertzea edo ez uler-tzea, metahizkuntzarekin funtzionatzen duelako, artea beste kontu bat da. Ezin dugu modu arrazionalean ulertu, hitzezko edo idatzizko hizkuntza erabiliz, orduan hil egiten baitugu. Artea askoz disfuntzionalagoa da zentzu horretan. Horregatik da hain zoragarria, beste era batera pentsa-tzeko aukera ematen digulako. Ihes egiteko balbula bat bezalakoa da. Baina artea egin egin behar da, une horretan piezarekin hitz egiten egon behar da, ulertzen hasteko nahia eduki behar da. Baina nik uste dut oso garrantzitsua dela, eta ez zaio garrantziarik ematen; hezkuntzatik ez zaio garrantziarik ematen, gizarteak artea oso elitistatzat hartzen du, eta artea munduan egoteko eta gai asko ulertzeko modu bat da.

Zure ibilbidean, inflexio puntu bat al da azken lan hau?

-Beti pentsatzen duzu azken lana onena dela, baina artean ez da obra hau edo bestea, baizik eta horien metaketa. Azken honek, adibidez, bere DNAn aurreko lanak ditu. Baina, era berean, o-raindik ikertu eta kuxkuxeatu behar dudan zerbait gertatuko denaren zantzuak ere jasotzen ditu. Marrazkietatik ere interesatzen zait nola denak duen zentzua. Piezaren zatiak maketaren beraren hondakinekin ere sortuta daude. Dena aprobetxatu da eta birziklatzen ari da. Dena lotuta dago. Eta ia hondakinekin marrazki edo collage formatuan lan egiteko ideia hori ere interesatzen zait, elipsi bat bezala eratzen delako.