UDA. Eguzkia eta itzala. Ura, hondartza eta beroa. Gurasoak, lagunak, bikotea(k) eta maitasun berriak. Deskantsua, deskonexioa, desmaitemintzea eta deseraikuntzak. Etxea, autokarabana, kanpina eta hotela. Elementu anitzek osatzen dute uda, eta aintzat hartzen ditugu berau planifikatzerakoan. Nahiz eta oso presente izan, orokorrean gutxi hitz egin da udako arkitekturen inguruan. Bigarren etxebizitzak, kanpin guneak, autokarabanak, hotelak, AirBnB€ gure oporren protagonista aktiboak dira, epe labur batean oso presente ditugularik. Hauen bitartez sortzen diren arrakala sozial eta ekonomikoak begi bistakoak dira gure lurraldean: desplazamenduak, desoreka espazialak, saturazioa, prezioen gorakada.

Biztanleriaren ehuneko esanguratsu batek ez du paradarik izan oporretara joateko, eta pairatzen ditudan baldintzak aintzat hartuz gure lurraldea berrezagutzea erabaki dut. Beste erritmo batean Euskal Herriko eguzki eta itzal gune anitzak ezagutu ditut. Bereziki esanguratsua egiten zait euskal kostaldean eginiko bidaia. Muskizetik hasita Aturri ibaiaren bokaleraino, ederra da bere aniztasuna: bere itsaslabar ederrekin, lurmuturren atzealdean ezkutatzen diren ezusteekin, herritxo moñoñoekin, iristea ezinezko diren ustekabeko hondartza txikiekin Balio handiko harribitxi bat genuen, legalitatearen (eta etikaren) mugetaraino esplotatu dena.

Ibilbidean parada egin ostean, eta zaratatik ihesi, errepideari jarraitu diogu. Armintza pasa ostean isiltasunak presentzia hartzen du. Jende gutxi ikusten da lur hauetan, errepideak eta inguruak garrasi egitekotan daude. Hala ere, isiltasuna entzuten da. Ez-lurralde batean sartzen garen sentsazioa izan dugu. Bat-batean, hutsune arkitektoniko batek gure arnasa geldiarazi du (eta isildu ere bai). Lemoizko zentral nuklearra. Eraiki zen garaiko belaunaldiek zuen memoria eta bizipenetan txertatu izango duzue, gerora etorri garenok aldiz, difuminatuagoa dugu edo hobe esanda gutxi dakigu horri buruz. Lehengusu, ahizpa, arreba edo anairen baten karpeta zaharrean "€ez eskerrik asko" pegatinak ikusi ditugu eta informazio gutxi jaso dugu gertaturakoaren inguruan.

Euskal Herriak eduki zitzakeen lau zentral nuklearretatik (Lemoiz, Itziar, Ea-Ispaster, Tutera) eraiki zen bakarra izan da, eta ez zen martxan jarri. Azpiegitura arkitektoniko gisa definitu daiteke, lurraldea energetikoki ustiatzeko eraiki baitzen. Eta definizio sinplista baten aurrean geldituko ginateke. Gertaera/instalazio politiko eta arkitektoniko gisa ulertu behar da Lemoiz.

Konplexutasun handiko gatazka eta tentsioak eman ziren. Bere baitan eta inguruan sortu zen zarata handia izan zen, geroko isiltasuna alegia handiagoa izan da eta eraikinaren egungo egoera horren adierazle da.

Bi erreaktore nuklearrek basakeria espaziala definitzen dute, 15 metroko altuera eta 300 metroko zabalera duen dikea, lur mugimenduak tonaka gizakiaren esku-hartzeak ekosistema moldatuz, eta bertan erabilitako hormigoiak diruaren usaina dario. Hau dena distantziara hautematen da. Itxiera perimetral batek (eta bertako segurtasun langileak) bertara igarotzea eragozten du. Eremuaren degradazioak denboraren pasoa agerian uzten du eta baita utzikeria ere.

Orain dela urte batzuk iberiar penintsulan abandonatuta dagoen zentral nuklear handienaren jabetza Iberdueron eskutik Eusko Jaurlaritzara igaro zen, jabetza pribatutik publikora. Super proiektu bat egitea proposatu zuten: egungo azpiegiturak erabiliz arrain-haztegi bat sortzea. Lau urte pasa dira eta oihartzuna bere baitan gelditu zen, eskerrak. Bitartean hilobi-monumentu bat izaten jarraitzen du eta bere inguruan hitz egitea deserosoa bilakatu da. Baliteke gertatuko gauza askoren inguruan hitz egiteak beldurra ematea, edota interesatzen ez diren istorioek argia hartzea.

Horrelakoak ikustean askotan errazegi eraikitzen diren iritzikoa naiz. Gehienetan benetan beharrezkoa den galdetu gabe edo herritarren iritzia kontuan hartu gabe edo berau eraikitzeak sor ditzakeen albo-kalteak aintzat hartu gabe... Arkitekturek eta azpiegiturek orokorrean, inguruarekin erlazio konplexuak planteatzen dituzte. Erlazio hauek, eskala eta planteamenduak kontuan hartuta, biolentoak izan daitezke. Azpiegiturak jorratzeko modua bortitza da, askotan lekuz kanpokoa. Komunitatearen ustezko beharrak asetzeko azpiegiturek bertako partaideen bizi-tzak desitxuratzen dituzte.

Kaltea sortu ostean eta arkitektura hori begien aurrean edukita honako galderak datorkizkit. Zer egin behar da funtzionatu ez eta lurraldea bortizki eraldatu duten arkitekturekin? Nola berrestu ditzakegu ingurune abandonatuak? Naturarekin sortutako erlazioa ikusita, nola jorratu behar dugu hemendik aurrera? Trantsizio ekologikoan zer paper eduki behar dute arkitekturek? Benetan deseraikitzeko ordua iritsi da? Norena da albo-kalteen ardura?