Bizi garen ikus-entzunezkoen kontsumo garai honetan, edonon ziurtzat ematen dugu musika. Baina, gure plataforma gogokoenaren kuota ordaintzeaz urruti, musikarien ogibideaz kezkatzen al da gizartea? Artisten diru-sarreren jatorria antzematea zaila da, eta horregatik publiko zabalak bere ekarpena nahiko ez denaren susmoa badu ere, beste alde batera begiratzen du, deseroso.
Hala ere, musika urtero EAEko BPGren ia %4ra iristen da. Orduan, zergatik bizi da musikaria hain egoera prekarioan? Sindikatuko lagun batekin kontzeptua berrikusiz, prekarietatea prekarizazio deitzen hasi direla esan zidan, egokiagoa zelakoan. Noski, prekarizatua norbaitek prekarizatzen duelako. Ideia korapilatsu hauetatik lurra hartu nahian, bertako hiru musikarirekin bideratu dezagun hausnarketa.
Aneguriak 17 urterekin ekin zion bere ibilbideari rap munduan, eta gaur, hiru disko kaleratu ostean sor-tzailetzat dauka bere burua. 2018an orkestra sinfoniko batekin jo zuen BBK Live jaialdian, eta orain Garikoitz Badiola ekoizle eta tronboilariarekin eta Aiama artistarekin dihardu lanean. Urtzi Izak Enkore taldearekin abiatu zuen bere ibilbidea, eta aktualitatean produktore gisa bere estudio propioa aurrera eramateaz gain, zuzeneko taldeak soinuztatzen ditu, antzezlan batean zuzendaritza musikala egiten du, eta Otoi proiektu pertsonalarekin lehen pausoak ematen dabil. Barakaldoko Izaskun Gonzalezek Rrucculla proiektuarekin abangoardiako musika egiten du, bateriaz lagunduta. Atzerrian Euskal Herrian baino gehiago jo izan du, 2016ko Villa de Bilbao lehiaketan ezagutarazi zen arren. Oraintsu azken lana kaleratu du: Melt decó.
Autonomia eta ordainsari emozionala
Hiru elkarrizketatuak daude ados musikan lan egiteak autoenplegua eta enplegu-aniztasuna dakarrenaren ideiarekin. Aldiz, horrek ematen duen autonomia positiboa ere badela aipatzen du Izak: “Emozionalki oso onuragarria ere bada. Nirea da ardura, nirea da erantzukizuna eta nik sormenari eta nire buruari baino ez diot ezer zor”. Rrucculla eta Aneguriaren iritziz, dena norberak egiteak neke edo ezintasuna dakar. Gonzalezek musika egiteaz gain beste lan batzuk egiten ditu (managerra, prentsa, kontratazioa, diseinatzaile grafikoa…) eta Aneguriak aitortu du “oso zaila” dela musika sortu, norberaren egile eskubideak kudeatu eta zuzenekoak egitea, “gehi management kudeaketa gure gain hartzea”.
Behintzat honek bere alde positiboa dauka. Denek dute argi lan honek ordainsari emozional handia duela. “Goiz batean, Lezon okindegira sartu eta aititez betetako kafetegian nire abesti bat entzutea”, horrelakoek betetzen diote bularra Aneguriari. Gainera, “egiteko behar” emozional hori ere hor dago. Izaren esanetan “musikarekin bizitzea” da helburua, ez musikari esker. Argi dago sektorean bokazioa ezinbestekoa dela.
Baina, nahikoa al da horrekin? Zergatik dago plano ekonomikoa hain desorekatuta kultur industrian? Rruccullaren ustez “askok aisialdiarekin nahasten dute kultura, ondo pasatzea eta listo” eta “gaur egun industria ego lehiaketa bat besterik ez da”. Ane ere pareko agertzen da, eta afera interesgarria aipatzen du: “gure hezkuntzak kriston lakra gehitzen diolako artea edo kulturari dagokion edozein ogibideri”.
“Bitartekari gehiegi” dagoela ere aipatzen du Aneguriak, eta Covid-19a eta gero ea “zenbat geratzen garen dantzatzeko” galdetzen dio bere buruari. Noski, pandemiaren eragina ukaezina da. Alde batetik, aukera gutxiago dagoelako, eta bestetik “lehen estalirik zeuden hainbat desoreka argitu dituelako”, Izaren esanetan. Gainera, antolatzen diren kontzertu gutxietan “izen gehienak errepikatzen” direla dio Gonzalezek, “eta horiei ez zaie interesatzen informazioa partekatzea eta merkatu berdineko lehian jende gehiago aritzea”, aukerak gutxi batzuentzat bakarrik mugatuz. Adibidez, jaso dituen kontzertu proposamen guztiak EAEtik kanpo izan direla aitortu du, eta hoberena momentu honetan “hurbilen ditugun artistak laguntzea” izango litzatekeela. Izak bere lanarekin jarraitu ahal izan duen arren, argi uzten du “garai txar hauetan jendea antzerki eta kontzertuetan ari dela babesa bilatzen”.
Hezkuntzaren bidez, kontzientzia hartuz
Beste behin hiru hizlariak bat datoz sektorearen arazoa pandemia baino askoz ere lehenagotik datorrela onartzean. Baina zer egin daiteke hau bideratzeko? Rruccullak argi dauka: “aurreko egoerara itzultzea ez, hori jada apurtuta baitzegoen”. Baldintzen arabera lanak ez onartzea ere gomendatzen du. Honek bat egiten du Aneguriaren iritziarekin: “Artistaren jardunbide egokien eskuliburua jarraitzearekin nahikoa da: altak eta seguruak antolatzaileak egitea eta ez guk adibidez, autonomo bezala egon beharrean lan kantitatearen arabera ordaintzea zergak…”. Indarrak batzera deitu du Izak: “hurbiltasuna sustatu beharko litzateke, agente ekonomiko handien aurrean komunitate bakarra eratuz, beti kulturak merezi duen errespetuarekin”.
Argi dago: behin artistaren egoa eta lehiakortasuna alde batera utzita, hezkuntzaren bitartez gizarteak bere osotasunean kontzientzia hartu behar du gure abesti maitatuenak egiten dituzten langileen egoeraren inguruan. Eta hau ezin daiteke egin prozesuko bitartekariak argi ulertu gabe, ezta gutxiago ere prozesu beraren barne dagoen lan guztiaz jabetu arte.