Elgoibar. San Frantsizko kalea, 27. Bertan dago Pitxintxu denda, bertan daude Mari Jose eta Izaskun eta bertatik hasita ondu du Uxue Alberdik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) Dendaostekoak . Literatura eta ehungintza batzen diren gunean marraztu du Alberdik garai, espazio, pertsona, gizarte oso baten kontakizuna. Dena kukututa dagoen, baina bistara dagoena eusten duen tokitik: dendaostetik.

Liburuaren azalak badu dena borobildu, barnebildu eta deskribatzeko indarra. Ornitorrinko bat hondo arrosan. Zer dute komunean ornitorrinkoak eta liburu honek?

- Batetik, testua bera edo kontakizuna bera ez da erraz sailkatzen ohiko generoen barruan. Ez da sartzen nobela tradizionalaren definizioetan; guk kronika literario deitu izan diogu, baina ez da sartzen kronikaz daukagun ohiko irudian; elkarrizketa luze bat bezala ere irakur daiteke, eta zentzu horretan izan dezake antzik kazetaritza lan batekin, batez ere materiala biltzeko moduan.

Halere, argi neukan hasieratik kontakizun literario bat egin nahi nuela: ez fikziozko kontakizun literario bat. Istorio hibrido hori ondo ezkontzen da liburuan erretratatzen den denda horren hibridotasunarekin. Denda hasieratik, 1978tik, sortu zen hibrido baten antzera: bazeuden izarak, gortinak, Marxen eta Rosa Luxenburgen liburuak eta garaiko biniloak. Erretratatzen den denda, kalea, jendea, harremantzeko modua, gizartea bera ere izan daiteke desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat. Ornitorrinkoa bezala ohiko sailkapenetan kabitzen ez dena; existitzen dena, bizirik dagoena, baina askotan hainbat korronteren kontra.

Kronika osatzeko, 2019tik urritik 2020 martxora asteazkenero bildu zara Pitxintxuren dendaostean Mari Jose eta Izaskunekin. Zelakoak izan dira enkontru horiek?

- Pertsonalki, izan dira oso inportanteak, azken finean elkarrizketatu ditudan bi pertsona horiek liburuko narratzaileak izateaz gain, nire ama eta nire izeba direlako. Pitxintxu da nire bizitzako eta haurtzaroko paisaiaren ardatz inportanteetako bat. Kasu honetan eman dit nik bizi izan gabeko denda, kalea, jendea, eta bi narratzaile horiek senidetasun harremanetik aparte ezagutzeko aukera. Luxu handi bat da hori: batzuetan, senidetasun harreman hori gertuko egia delako, ez gara pertsonak ikusteko gai, ezta pertsona horiek munduari, beraien ofizioari, familiari, harremanei, askatasunari nola lotzen zaizkien ere€ Aldi berean, senidetasun harreman hori izan da niri sarbidea eman didana beste kazetari bati emango ez liokeen tokietara. Beraiek konfiantza handia daukate literaturan, liburu saltzaileak dira, ulertzen dute liburuen garran-tzia eta konfiantza handia eman didate idazle bezala, konfiantza izan dute nire eskura jartzen zuten material horrekin egin nezakeen horretan. Ez dira biluztu, baizik liburu bat jantzi dute.

Eta nolakoa izan da elkarrizketa horiek ordenatu eta liburu moduan jostea?

- Asteazkenero biltzen nuen materiala aste horretan bertan lantzen nuen eta aritu naiz geruza ezberdinak identifikatzen, txatal diferenteak elkarrekin josten€ Liburuak zortzi atal dauzka, eta atal bakoitzean badago gai nagusi bat: gai soziopolitikoak, kalea, joskintza eta brodatugintza, familia, liburuak, bezeroak€ baina atal guztietan daude gai guztiak. Askotan, ofizio bati buruz hitz egiten dugunean aritzen gara bizitzako gainerako alderdi guztiez isolatuta balego bezala. Baina, denda bat daramana bizi da bere tokian eta bere garaian, garaiko gatazka soziopolitikoen erdian, garaiko kontestuari lotuta. Dendara sartzen dira manifestazioak, dendan egiten dituzte abortu eskubidearen aldeko pankartak, dendara etortzen dira seme alabak ogitartekoaren bila, dendan janzten dituzte galtza motzak korrika egitera joateko emakumeek, aire librean korrika egitea gaizki ikusia dagoen garaian€ Helburua zen jende bati eta gizarte eta garai bati buruzko kronika bat egitea, epizentro bezala denda hartuta. Hari guztiak irteten dira dendatik, edo dendara datoz, baina hari horiek zabaldu daitezke nahi adina.

Liburua bera Mari Jose eta Izaskunen arteko elkarrizketa berezi gisa doaz aurrera. Nolakoa da beraien arteko harremana?

- Liburuaren ardatzetako bat da. Elkarri eutsi dioten bi ahizpen arteko harremana dute euren bizitzetako zutabe nagusi. Oso gazterik erabaki-tzen dute denda bat irekitzea beraien libertatea eraikitzen hasteko. Dendari lotuta eraiki dute askatasunez bizi-tzeko modu bat. Emakume independente bi dira.

Beste ideia bat ere badu muinean dendaostekoak: Marijo eta Izasen aitak esandako hori: "funtsezkoa ezkutuan egiten da".

- Liburu honek esan gabe erakusten du zer eta nola erakutsi izan den eta zer eta nola eta zergatik gorde izan den. Dendako erakusleihoaren eta dendaostearen arteko kontraste hori aplikatzen badiogu historiari, kazetaritzari, memoriari edo literaturari berari€ zer egon den erakusleihoan eta zer gorde izan den dendaostean? Zer da kronikagarria eta zer ez da? Daude hainbat istorio dendaostera kondenatuak izan direnak. Zenbat nobela dauzkagu 60 urte dauzkaten emakumeek protagonizatuak? Jende pilo bati literaturak ez dio justiziarik egin.

Dendaoste ugari daude, beraz.

- Bada memoriaren dendaostea ere: Gatazka soziopolitikoak brodatuekin eta hariekin eta oihalekin nahastearena asko gustatzen zitzaidan. Normalean lotzen ez ditugun bi alderdi dira. Bestetik, hizkuntzaren dendaosteaz ere hitz egin nahi nuena. Zergatik hitz egiten du pertsona batek hitz egiten duen bezala, zer dago horren atzean? Nik liburu honetarako jaso ditut euskaldun berriak diren bi emakumeren ahotsak, eta liburuan beraien hizkuntzarekiko harremana nolakoa den ere erakusten da. Sortu behar izan dut hizkuntza bat beraien neurrikoa. Hori ere bada literaturaren dendaostea.