Laugarren diskoa argitaratu berri du Belako taldeak. Maiatzean atera behar zuten Plastic Drama izeneko lana, baina pandemia zela eta, argitalpen data atzeratu ostean, abuztu amaieran kaleratu zuten. Uda hasieran hiru kontzertu eskaini zituzten autozinemetan, eta diskoa argitaratu ondotik, aurkezpen kontzertuak eskaini dituzte Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen. Taldeko abeslaria den Cristina Lizarragak (Bilbo, 1992) eta Josu Ximun Billelabeitia (Mungia, 1991) gitarristak azaldu dute zuzenekoetara bideratutako lana dela, nahiz eta covid-19ak emanaldiak baldintzatu dituen. Hainbat kritika sozial ere egiten dituzte kanten bitartez; besteak beste, lehen munduan bizitzeak ematen dituen pribilegioen inguruko hausnarketa egin dute.
Komentatu izan duzue taldearentzat urte txarra izan dela, gogorra. Hala ere, inoiz egin duzuen diskorik onena argitaratu duzuela diozue.
CRISTINA LIZARRAGA: Guretzat inoiz atera dugun diskorik onena da. Uste dut lan bat aurkezten duzun momentuan ziurtasun horrekin joan behar zarela. Bestela, nor konbentzituko duzu? Esan beharra dago sortzerako orduan disko honetako abestiak aurrekoetakoak baino konplexutasun handiagoa izan dutela, baina entzuleek errazago jasoko dituzte. Elementu koral gehiago dituzte eta organikoagoak dira.
JOSU XIMUN BILLELABEITIA: Egia da lan honekin aspalditik geneuzkan helburu batzuk lortu ditugula; diskoak babesa izatea atzerriko herrialdeetan, adibidez, eta lotuta geneukan bira bat Estatu Batuetan. Horrez gain, disko hau fisikoki argitaratuko da beste herrialde ba-tzuetan ere: Alemanian, Ingalaterran eta Mexikon, esaterako. Atzerriko diskoetxeekin eta agentziekin aritu gara lanean eta hori guretzako aurrerapauso handia izan da. Baina pandemia dela eta, bertan behera utzi behar izan ditugu kontzertuak. Pena da, disko hau zuzenean jotzeko pentsatuta baitago. Kantak nahiko zuzenak dira, ez oso luzeak, eta uste dut erraz sartzen direla. Nik uste dut lehenengo aldiz zuzenean ikusten gaituena harrapatzeko modukoa dela.
Hainbat hausnarketa egiteko aprobetxatu duzue diskoa, baita mezu batzuk bidaltzeko ere. Gizakiak azken hamarkadako katastrofeetan izan duen eragina salatu nahi izan duzue, besteak beste, ezta?
J. X. B.: Pasa den diskotik ari gara gizartean gertatzen diren gauzak seinalatzen, apur bat horretaz hitz egiten, injustiziak salatzen. Horrez gain, disko honetan autokritika ere egiten dugu. Konturatu gara gu gauden egoera pribilegiatutik erraza dela sofako kritika egitea. Plastic Drama tituluak horri egiten dio erreferentzia: plastikozko dramei, arazoei. Gainera batzuetan guk sortutakoak izaten dira, gure mundu pribilegiatutik eraikitakoak. Denetarik dago disko honetan; balak daude, baina baita gure buruari zuzendutako hausnarketa ere.
C. L.: Kritika asko ditu, bai, baina batez ere gure buruarenganako kritikak dira. Esan bezala, askotan guk sortzen ditugu drama horiek lehen munduan bizi izateko daukagun pribilegiotik.
Musikalki, beraz, bada aldaketarik?
C. L.: Uste dut nabari dela kantak gureak direla. Orain arte egindako lanaren jarraipen bat dela iruditzen zait.
J. X. B.: Nik esango nuke gure bigarren eta hirugarren diskoen arteko nahasketa bat dela. Plastic Drama eta aurreko lanak leku berean grabatu ditugu, eta lehen egiten zen bezala modu analogikoan egin dugu. Ez da gure belaunaldiko kontu bat, orain dena ordenagailuetan grabatzen baita, baina horrela lor-tzen diren emaitzak oso ezberdinak dira. Soinu berezi hori dauka diskoak, baina abestien aldetik bigarren diskora itzuli garela uste dut. Kantak poperoagoak ziren, melodikoagoak eta laburtxoagoak. Irratian leku handiagoa izan dezaketela iruditzen zait, nahiz eta ez ditugun horretan pentsatzen sortu.
Maiatzean argitaratu behar zenuten zuen laugarren disko hau, baina pandemia zela eta, atzeratu egin zenuten. Nolakoa izan zen erabaki hori hartzea?
C. L.: Ezin genuenez zuzenean aurkeztu, atzeratzea adostu genuen, baina orain egoera an-tzekoa da. Guretzat beranduegi da, abestiak segituan zaharkitzen direlako. Dagoeneko ikusten ditugu aldatuko genituzkeen gauzak. Egoera ez da oso atsegina.
J. X. B.: Oso zaila izan zen erabakia hartzea. Ez genekien noiz amaituko zen dena eta noiz hasi ahalko ginen kontzertuak ematen. Diskoaren argitalpena atzeratzea adostu genuen, baina pentsatzen genuen udarako aterako genuela. Oraingoan egin duguna normalean ez dugu egiten: ia kanta guztiak argitaratu ditugu diskoa atera aurretik, eta gauza polit asko egin ditugu, kontzertu akustikoak, adibidez, baina dena inprobisatua izan da.
Zer nolako harrera izan du diskoak?
J. X. B.: Ez dakit zehazki zergatik izan den, baina oso harrera ona izan du. Agian bideoklip gehiago atera ditugulako edo jendeak konfinamenduan zer egin ez zeukanez gure lanak entzun dituelako. Aurreko diskoarekin agian ez genuen horrelako harrera igarri.
C. L.: Oso harrera ona izan du, bai. Nabari dugu jendeari asko gustatu zaiola egindako lana.
Nazioartean ere harrera ona izan duzue eta hainbat aipamen jaso dituzue, NME eta TheLine of Best Fit bezalako medioen aldetik, esaterako. Horrez gain, Estatuko lehen taldea izan behar zineten Festival Reading Leeds-en eszenatoki nagusian kontzertua eskaintzen, nahiz eta azkenean bertan behera gelditu den. Nola daramazue horrelako aitorpenak jasotzea?
C. L.: Egia da komunikabide askoren aldetik jaso dugula aipamena, batez ere ingelesetatik. Nabari dugu hori, eta alde horretatik ere harrera ona izan du gure lanak, bai.
J. X. B.: Espero dut jaialdiak datorren urtean berdin jarraitzea, aurten egon behar ginen taldeak mantentzea. Nik oraintxe bertan sinatuko nuke otsailean normaltasun zaharrera itzultzea, modu kontserbatzailean (kar, kar). Aurretik ere jo dugu atzerrian, baina disko honekin hasi gara sentitzen nazioarteko talde bat garela, ingelesez aritzen diren beste talde batzuen mailan gaudela.
Ekainean hiru kontzertu berezi eskaini zenituzten; autozinemetan. Nolako esperientzia izan zen?
C. L.: Nahiko katartikoa izan zen. Konfinamendutik gentozen eta oso berezia izan zen publikoarekin elkartzea. Gogo handia geneukan eta asko disfrutatu genuen. Kon-tzertu arraroak izan ziren, baina oso politak, eta espero baino hobeto atera ziren. Autozinemetan egitearekin bermatzen genuen distantziak mantenduko zirela.
J. X. B.: Udako entretenimendua izan zen. Ez gaude ohituta udak hain libre izatera, eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen. Autozinemena bururatu zitzaigun, eta egia esan lan dezente eman digu, dena guk antolatu behar baikenuen. Kontziente ginen autozinemetan jotzea desberdina izango zela. Urduri geunden ez baikenekien hotza izango zen ala ez, baina jotzen hasi ginen momentuan ikusi genuen jendea oso pozik zegoela. Konfinamenduaren osteko lehen emanaldiak izan ziren eta publikoak ere denbora asko zeraman kontzertuetara joan gabe.
Oraindik data zehaztu gabe badago ere, autozinemetako esperientzia dokumental batean kaleratuko duzue.
C. L.: Momentu bitxia iruditu zitzaigun, eta dokumental batean biltzea erabaki genuen, jarraitzaileek ere bidaia hori bizi zezaten. Barrutik ezagutu ahalko dute Belako, eta gainera, identifikatuta sentituko dira uste dut, konfinamendu osteko lehenengo pausoak biltzen baitira dokumentalean.
J. X. B.: Niri pila bat gustatzen zait beste talde batzuk ikustea errepidean edo estudioan. Kameren aurrean jartzea ez dut gustuko, baina hemendik urte batzuetara opari bat izango da dena dokumental batean bilduta izatea.
Desberdintasun handia dago COVID-19a iritsi zenetik egin dituzuen kontzertuen eta aurretik eskaintzen zenituztenen artean?
J. X. B.: Izugarria. Maskarek eta eserita egon beharrak hoztu egiten dute giroa, eta ez dakizu jendea pozik dagoen ala ez. Hori bai, jarraitzaile guztiak berdintzen ditu; berdin da abestiak jakin ala ez, ahoa mugitu eta ematen du badakizula kantua (kar, kar).
C. L.: Niretzat orain dena da arraroa: harremanak arraroak dira eta kontzertuak ere bai. Dena aldatu da, baina txip aldaketa egin behar dugu eta konturatu beste momentu batean gaudela.
Nolakoa izan da aurtengo uda kontzerturik eta jaialdirik gabe?
C. L.: Oso gogorra. Nola biziko zenuke lan gabe gelditzea? Gaizki, ezta?
J. X. B.: Arraro samarra izan da uda. Niri, ez dakit adina den ala zer, baina mugimendua gustatzen zait; lorik ez egitea, gaua leku batean pasatu, hurrengo egunean furgonetara igo, izerdia bota, beste leku batean jo… Niretzat ez da egon horrelakorik. Udaberria galdu genuen eta ez da egon uda sentimendurik.
Gainera pandemia kolpe gogorra izan da musikaren industriarentzat.
J. X. B.: Sektorea oso egoera kaskarrean dago. Ezin da ezer egin, eta nahiko salduta gaude. Beste lanen bat edo topatu beharko dugu hau pasatu arte, eta gero berriz ekin.
C. L.: Hori da. Inork ezin digu esan datozen hilabeteak nolakoak izango diren. Ari gara jada musikatik kanpo lana bilatzen.
Momentu honetan zaila da musikatik bizitzea?
C. L.: Ezinezkoa da. Kontzerturik gabe ezin da musikatik bizi.
J. X. B.: Oso gaitza da, bai, eta amorrua ematen dit niri, oraintxe hasi baikara soldata duin bat izaten. Jakin badakigu ogibide hau ez dela oso egonkorra, baina hau ez zuen inork espero, justu gure momenturik onenean gainera. Hala ere, gure moduan dago jende asko, eta bizimodua aurrera ateratzen saiatu beharko gara.