Kritika

Borroka baten testigu ironikoa

14.06.2020 | 15:20
Borroka baten testigu ironikoa

Titulua: 'Nobela errealista bat' Egilea: Joxean Agirre Argitaletxea: Elkar, 2020

Munduak aurrera egiten zuen abiada bizian, baina guk borroka agoniko bati atxikita jarraitzen genuen". Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) azken nobelaren narratzailea, eta aldi berean nobela horren barruko beste nobela baten protagonista, "gure erresistentziak" modernitatearen eta globalizazioaren aurrean pairatu zuen nondik norakoaz ari da agonia hori aipatzean.

Loiuko aireportuan dihardu taxista gisa adinean sartutako narratzaile horrek "euskal gatazka"-ren partaide aktiboenen eta xelebreen (ekintzaile armatuak, ETAren satorrak, politikariak...) historia bitxi eta harrigarrien berri ematen baitie haren taxia hartzen duen edonori, betiere, pasaiariaren ustezko nondik norako politikoa tentuz aztertu ondoren. Harekin bizi den emazteak, urteek eraikitako erabateko distantziaz bizi ere, Agirrezabal idazle zarauztar heterogeneoarekin hasiko du harremana. Agirrezabalek arazo bakarra du: editoreak behingoz nobela errealista bat idatz dezala agindu dio. Taxista-narratzailea bihurtuko du nobela errealista horren protagonista. Matriuskak prest daude, zailena, ordea, matriusken arteko oreka ganorazko bat lortzea. Baina hau literatura da eta dena zilegi da, kalitatez eta ofizioz egiten denean.

Agirrek fikzioaren eta errealitatearen arteko zubiak eraikitzea izan du helburu nagusi Nobela errealista bat (Elkar, 2020) honetan. Eta esan liteke, macguffin-ez mukuru dagoen nobelan edozein motatako aitzakiak bilatzen dituela hain gustuko dituen digresioak erantsi ahal izateko, eta aitzakiarik ezean, zer hobe zuzen zuzenean eranstea baino. Narrazio ildoen arteko orekan gorabeherak antzeman daitezkeen arren, nago nobelaren ildorik ahulena taxista-narratzailearen eta Leire argitaletxe bateko editoreen arteko harreman platonikoa dela, nobelak, edo bi nobelek nahi bada, ofizio handiko egile baten aurrean gaudela erakusten digute.


Egileak meta-literaturaren (J.L. Borgesen Traidorearen eta heroiaren ipuin ospetsuarekin eta ETA PMko Mikel Lejarza Lobo satorraren arteko literatur zubia iruditu zait liburuko ildorik lortuena edo niretzat interesgarriena) eta nobela poliziakoaren arteko uztarketa burutu du, ez dira falta adin batean sartutako belaunaldiaren harreman gorabeheratsuak, eta idealen gainbeheraren ondorengo ajeak. Hori askotan egin izan da literaturan, alta bada, Agirrek erdietsi distantzia narratiboak teknika landua erakusten du, gardentasuna xede, gure gatazkaz aritzeko urria ohi den umorea eta ironia dira nobelaren osagai erakargarrienak.


"...Nik bestelako ideia bat nuen, baina euskal idazleak gutxi eta pobreak omen dira, artikuluaren arabera. Morroi horrek dioenez, batzuk familiako ondarea janez bizi dira, beste batzuk herentzian egokitu zaien etxebizitza baten alokairutik edo DSBE (diru sarrerak bermatzeko errenta) kobratuz. Eta ba omen dira emaztearen kontura bizi direnak ere". Ez dira falta, beste gai anitzen artean, gure literatura sistemaren gaineko aipamen zorrotzak. Eta nago Agirrek horretan asmatzen duela bete-betean: gure idealizazioen gaineko argazki ironiko, umoretsua lortzen baitu, egun oso urrun dagoen garai trumoitsu baten testigantza kritikoa ahaztu gabe.

Más información