Lehen eleberria kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, Lapurdi, 1994) idazle eta kazetariak, Ene baitan bizi da titulupean. 1940ko hamarkadatik 1970ekora bitartera arte Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskame lanean aritu ziren emakumeen errealitatea izan du oinarri istorioan. Horretarako, bi emakumeren arteko harremana jarri du oinarrian, amama-iloba batzuena, eta hark markatu du hari nagusia. Zeharka ere landu ditu beste gai batzuk; hala nola, errefuxiatu politiko batzuen errealitatea eta eraso sexistak.

Marie eta Joxefina. Horiek dira istorioko protagonista nagusiak, haria markatzen dutenak. Zergatik erabaki zenuen hautu hori egitea?

- Bortzirietatik eta Baztandik (Nafarroa) Lapurdira eta Frantziara neskame lanetan joan ziren emakumeen historiak landu nahi nituen, eta horretarako erabaki nuen Marie pertsonaia sortzea; nolabait aitzakia bat izan zen istorioa kontatzeko. Ideia hori landu ahal izateko otu zitzaidan ikasketak bukatzeko lan bat egin behar zuen neska baten profila sortzea. Pertsonaiak deskubrituko zuen bere amatxi neskame lanetan aritu zela Lapurdin eta Parisen, eta erabakitzen du hori izatea landu beharreko gaia. Neskameen historia kontatzeko modu erraza iruditu zitzaidan.

Erraza izan al da Marieren pertsonaia sortzea?

- Nire adin inguruko pertsonaia bat sortzea erabaki nuen, uste bainuen errazagoa egingo zitzaidala istorioak posizio horretatik sortzea. Eleberria idatzi ahala ere uste dut errazagoa egin zaidala Marieren kontakizuna idaztea Joxefinarena baino. Azken finean, hori beste garai bateko historia da eta nigandik urrunago dagoen pertsonaia bat izanda zailagoa egin zait fikzioa sortzea.

Hain zuzen, bizipen ugari dituen emakumea da Joxefina. Hark duen jakintza ere azpimarratzen saiatu al zara?

- Bi belaunaldi ezberdin dira Marierena eta Joxefinarena. Adin tartea ez ezik, mundu ikuskera desberdin bat dute, eta gauza asko aldatu dira garai batetik bestera. Iruditzen zitzaidan bazegoela galtzen ari zen mundu ikuskera bat, eta hori ere landu nahi izan dut Joxefinaren bitartez. Alegia, neskame aritu ziren pertsonen errealitatez gain, egun 80 urte inguru izan ditzakeen pertsona baten landa eremuko jakin-tza eta ikuskera ere landu nahi izan ditut.

Bi pertsonaien artean badaude antzekotasunak ere: bizipenak, tokiak eta pertsona batzuekin dituzten harremanak, esate baterako.

- Eleberria denbora guztian doa iraganetik orainera eta orainetik iraganera saltoka, eta gai batzuk errepikatu egiten dira; hala nola gertaera edo sentimendu konkretu batzuk. Batetik, horrek lagundu dit bi harien artean lotura egiteko; eta, bestetik, liburuan zehar saiatu naiz erakusten belaunaldi desberdinen artean ere badaudela antzekotasunak. Iraganaren eta etorkizunaren arteko muga ez dago horren garbi, eta gauzak etengabe errepikatzen dira.

Harremanak ere oinarri izan dituzu. Garrantzia eman nahi izan al diozu erlazionatzeko erari?

- Eleberrian zehar ez dira gertakari edo gauza handiak gertatzen, baina saiatu naiz pertsonen arteko harremanetan dauden detaile txikiak azaltzen, batez ere interesatzen zaizkidalako. Uste dut harremanetako gauza txikietan gauza handiak ere egon daitezkeela.

Esate baterako, Mariek Jose Luis aitarekin duen harremana dago. Errefuxiatua da bera. Zer dago harreman horretan?

- Azken batean, aitaren historia amatxirena bezala ezkutuan gelditutako zerbait da, hurbilean izan arren asko ezagutzen ez dena. Mariek ere ez du aitaren historia asko ezagutzen, nahiz eta errefuxiatua izan.

Aitaren historiarekin beste errealitate bat erakutsi nahi izan duzu?

- Bigarren plano batean egon arren, hautu bat izan da Jose Luis errefuxiatu politiko bat izatea; izan zitekeen beste edozein aita. Pixka bat antiheroi eta pertsonaia frustratu modura erretratatu dut, pertsonaia frakasatu bat bezala. Ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira, baina ez zuen segitu borrokarekin. Iraganarekin ataskatuta dago, eta gainera banandu egiten da eta alaba etxetik joaten zaio. Pertsonaia triste bat da.

Beraz, errefuxiatu politikoen gaia ere landu duzu.

- Errefuxiatuen problematika interesgarria iruditzen zitzaidan, neskameena bezala, iruditzen zitzaidalako ez dela oso ikusgarria. Euskal presoei buruz, agian, gehiago hitz egiten da, baina errefuxiatua beti da tabernetako presoen argazkien ondoan dagoen itzal beltza, eta, askotan, ez dakigu asko errealitate horri buruz. Beraz, saiatu naiz errealitate horren parte txiki bat jartzen, baina inondik inora ere guztien errealitatea ez da horrelakoa.

Komunikatzeko erak ere hizpide izan dituzu; begiradak eta keinuak.

- Liburuan zehar askotan agertzen da "esan gabe esaten diren gauzak" esaldia, eta uste dut gizartean gure artean ditugun harremanetan errealitate bat dela. Alegia, sarritan, pentsatzen ditugun zenbait gauza isiltzen ditugu.

Are, eraso sexisten gaia ere landu duzu, Baionako festak oinarri hartuta.

- Baionako festak agertuz gero, saihestezina zen eraso sexistak agertzea. Udako festa guztietan bezala, Baionan ere eraso sexistak egoten dira, baina polemikoa da bertako egoera, batez ere udalak hartu duen jarrera. Kapitulua ere horrela hasten da: "Ongi etorri Baionako festetara, eta, kontuz, bortxaketa krimena da". Hori baino gehiago dira eraso sexistak, baina bada pixka bat Baionako festen karikatura bat.

Istorioa sei parteren bidez josi duzu. Nola uztartu dituzu bata bestearekin?

- Eleberriaren egituran argi nuen bi hari egongo zirela, baina gainontzekoa, hasiera batean, bederen, oso kontziente izan gabe hasi nintzen idazten. Inork ez dizu azaltzen nola idatzi behar den liburu bat, eta pixka bat konplikatua da. Eskemak egiten aritu nintzen, haria nondik joango zen pentsatzen. Azkenean, kapitulu pila bat eta oso motzak idatzi nituen, eta horrek erraztu egin dit idazketa. Saiatu naiz kapitulu bakoitzari izaera propio bat ematen, batez ere bukaerako kapituluetan. Jolastu dut hizkuntzarekin ere modu konkretu batzuetan; errepikapenak eginda, adibidez.

Horretarako erabili duzun hizkuntza nafar-lapurtarra izan da.

- Gazteluma bekari esker idatzi dut liburua, eta horrek eskatzen zuen Ipar Euskal Herriko euskalkiren batean idaztea. Donibane Lohizune (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa) artean dagoenez kokatuta istorioa uste dut ongi gelditzen dela euskalki horietan idatzi izana. Bertakoago egiten du, eta niretzako ere ez zen horren arrotza, era horretan idazteko joera dudalako. Hala ere, aurkitu behar izan ditut eskualdeko hitz batzuk, baina orokorrean nahiko naturala egin zait.

Istorioaren ideiari dagokionean, batez ere, zure amatxiren bizipenak dira oinarri. Neskame lanetan aritu zen, ezta?

- Jardun horretan aritu zen gaztetan, eta txikitatik kontatu izan dizkit istorio pila bat horri buruz, niri ere interesatzen zitzaizkidalako. Horiek biltzen hasi nintzen, eta hortik atera zen eleberria sortzeko ideia.

Eskualdean ere inportantea da gaia, baina ezkutuan egon da.

- Emakume asko izan dira neskame lanetan aritu direnak, baina ez dakit esaten zenbat. Uste dut leku guztietan gertatzen den bezala, emakumeen historiari ez zaiola garrantzirik eman, eta are gutxiago zaintza lanei. Beraz, bi aldiz garrantzi gutxiago. Azken batean, hamalau urte ingururekin hasi ziren jardun horretan neska gazte batzuk, beraien herrietatik urrun garai horietarako, eta egoten ziren hamabost egun etxera itzuli gabe edo familiekin egon gabe, 24 orduz lanean. Esperientzia garrantzitsuak dira, askotan ezezagunak, eta kontatu beharrekoak.

Jardun horretan aritu ziren emakume batzuk ere elkarrizketatu zenituen.

- Orokorrean amatxiren testigantzak izan dira abiapuntu nagusiak, nahiz eta beste batzuekin ere hitz egin dudan. Jon Abrilek ere dokumental bat egin zuen horri buruz, Neskatoak izenekoa, eta oso baliagarria egin zait eleberrirako. Badira garaian kokatutako liburu batzuk ere. Esate baterako, Rosa Arburuak 1940ko hamarkadatik 1960kora Bortzirietako gazteek egindako lanei buruzko historia liburu bat idatzi zuen. Adierazgarria da gizonezkoek hartzen dutela liburuaren zati handi bat, eta emakumeek liburuko orri gutxi batzuk besterik ez.

Lehen aipatu duzu Gazteluma beka. Zer suposatu du hori irabazteak?

- Proiektua bukatzeko aukera bat izan da. Orain hiruzpalau urte hasi nintzen, baina hasi eta utzi aritu naiz. Gaztelumara aurkeztea erabaki nuen, bigarren deialdian. Proiektua tiraderatik atera eta aurkezteko hautua egin nuen. Nire burua proiektua bukatzera behartzeko bide bat izan da, presio positibo bat. Gainera, diru laguntza ere ematen dute, eta horrek ahalbideratu dit hilabete batzuetan zehar beste lanik egin gabe honetara emana egotea. Argitaratuko dutela ere bermatzen du.

Egun, nola dago euskal sorkuntzaren panorama Ipar Euskal Herrian?

- Hasteko, euskarak ez du inongo lege babesik, eta euskara ikasteko leku bakarrak ikastolak dira. Horrekin lotuko nuke sorkuntzarena. Uste dut hezkuntzan, eta ez soilik Ipar Euskal Herrian, ez dela bultatzen sorkuntza, batez ere idazketa. Horren adierazgarri izan daiteke Gazteluma sariko lehen deialdian inor ez aurkeztea. Are, uste dut gazteok ez dauzkagula baldintza onak sortzeko ere. Virginia Woolf idazleak esaten zuen idazle batek norberarena den logela bat behar duela idazteko eta bostehun libera bizi ahal izateko. Uste dut oso aktuala dela esaten duena gazteekiko, emakumeekiko edo euskaldunekiko, esaterako.

Azala ere adierazgarria da, bi emakumeren irudiak ageri dira.

- Pentsatu nuen bi emakumeren arteko nahasketa bat nahi nuela azalean, bata adineko pertsona eta beste gaztea. Garazi Conde Orube diseinatzaile eta lagunari proposatu nion azala egitea, eta segituan esan zidan baietz. Bi emakumeri atera zizkien argazkiak, eta egin zuen diseinua. Txukun gelditu dela uste dut, eta oso eskertuta nago. Jendeari ere gustatu zaiolakoan nago, begietatik sartzen baita.

Nolakoa izan da orain arteko erantzuna?

- Herrian, Lesakan (Nafarroa), izan duen arrera azpimarratuko nuke. Herri txiki bat da, eta herritar batek zerbait egiten duenean ilusioa egiten die denei. Hainbatek esan didate liburua gustatu zaiela, eta uste dut eskualdeko problematika bat izanda erakartzen duela. Jendeari errazagoa egiten omen zaio istorioan sartzea eta leku eta gertakari horiek irudikatzea. Gauza txarragoak esatea, seguru aski, zailagoa da.