Handitik txikira, bata bestearen barnean sarturik dauden panpina multzoa da matriuska. Hain zuzen, errusiar panpinen egiturari tiraka hasi zen Iraia Elias (Zarautz, 1980) Matriuska antzezlanaren hazia ereiteko. “Emakumez jositako emakume bat da Matriuska”. Panpinaren metaforak bere azalean bizi zuen hausnarketa izendatzen lagundu dio Eliasi; aurretik bizi eta izandako andreen zantzuak bilatu ditu bere larruan. “Nire gorputz honetan ba al dago aurreko emakumeen gorputzen informaziorik? Iritsi al da zerbait?”. Galdera sorta egituratu, antzezlan proposamen bilakatu eta idazketa beka bat eskuratzeko aurkeztu zuen obra.
Lehenbizikoan ez zuen irabaztea lortu; baina bigarren bide bat hartu zuen Matriuska-k. Proiektua tiraderan gorde ordez, estreinako testuaren bertsio “umoretsua” prestatu zuen Eliasek Amancay Gaztañagarekin (Guayaquil, Ekuador, 1980) batera, eta Donostiako Poltsiko Sorkuntza lehiaketara aurkeztu. Oraingoan bai, saria eskuratu zuen antzezlanak. Ondorioz, jaialdiaren baitan estreinatu, eta dagoeneko lau aldiz taularatu dute Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak batera sortutako bigarren antzezlana.
Obrak bi zientzialari ditu protagonista, ikerkuntza “oso garrantzi-tsu” batean murgilduta dauden bi pertsonaia jakintsu eta arrazional. “Oholtzan agertzen diren bi pertsonaiek bibotea eta bizarra dute, eta gizarte honek txalotzen dituen ezaugarri horiek denak betetzen dituzte: jakinduria, arrazoia, teorizazioa...”. Baina, sakoneko zeregin zientifikoaren bidean, beste zerbait aurkitu dute: gorputza. Eta ez edonolako gorputza, gainera: beraien gorputzarekin egingo dute, emakume kate batez osatutako andrazko gorputzarekin. “Halako batean hasiko dira ikusten bidea ezberdin ikusaraziko dizkieten gauzak; atzera bueltarik ez duen bidean sartuko dira”. Hori zehaztu du Eliasek.
ITZALEKO ANDREAK, ARGITARA
Hiru ordu laurdeneko iraupena duen saioan aldarrikapenerako tartea hartu dute Eliasek eta Gaztañagak. Umoretik, baina “xaxatzeko” asmoz. “Oso tresna indartsua da umorea; hausnarketak beste toki batetik planteatzeko eta publikoarengana beste era batera iristeko aukera ematen du”. Aldarrikapena, historian zehar ezkutuan egondako emakumeen azaleratzearen beharra izan da; ohartarazpen bat gordeta eta ahantzita dagoen historiaren zatia ezagutzeko premia. “Gure historiaz, emakumeon historiaz ez dakigu ezer, ez zaigu erakutsi, ez zaie egindako lana aitortu; hainbeste urtetan desagertuta egon diren emakume horiek berreskuratu behar ditugu”. Gainera, garai eta alor anitzetako genealogia osatu dute, “emakume eredu ezberdinez” hornituriko zerrenda.
Mezu aldarrikatzailea eta molde umoretsua uztartzeko prozesu gozagarria izan da artistentzat; an-tzezlanaren eratzea “jolas” moduan bizi izan dute. Inprobisazio bidez eta kanpo begiradarik gabe jardun dira. Gorputzetik sortu dute gorputzaren inguruko gogoeta: “Publikoak askotan pentsatzen du lehenago testu bat dagoela, eta gero testutik abiatuta gorpuzten dela obra; baina, gure kasuan, jolasetik dator, gorputza martxan jartzetik, inprobisatzetik. Hor iruditzen zait sor-tzen direla testu batzuk seguru aski burutik sortuko ez zirenak. Batzuetan ikaragarria da gorputzak nola eta nora eramaten zaituen buruak baino lehen”. Inprobisatu, idatzi, berridatzi. Zikloa behin eta berriz errepikatuz taxutu dute antzezlana.
Elkarlanean idatzi, antzeztu eta zuzendu dute obra Gaztañagak eta Eliasek, eta behin bakarrik jaso dute kanpo feedback-a publiko aurrean erakutsi aurretik. Dejabu konpainiako Ainara Gurrutxaga izan zuten lehen epaile. “Ainarak ikusi eta funtzionatzen zuela esan zigunean lasaitu ginen; askotan, heltzen da momentu bat non behar duzun kanpoko norbaiten iritzia, zu hain zaude sartuta ez zarela kontziente zer dagoen ondo eta zer ez”.
OHOLTZAREN BALDINTZAK
Azkenik, heldu da taularatzeko unea. Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren baitan estreinatu dute obra; eta hain zuzen, formatu txikiko antzezlanak Donostiako 26 espaziotan erakutsi ditu festibalak, tabernetan edo zahar etxeetan, besteak beste. Matriuska-k lau geraleku izan ditu: otsailaren 2an, Egiako LeBukowskin aritu ziren; 9an, Igeldoko Itsas Aurren; 14an, Martuteneko Etxarrienen; eta 15ean, BidebietakoKontadoresen. Lehen emanaldiko zapore gazi- gozoa du gogoan Eliasek: “Lehen saioa guretzako nahiko gogorra izan zen. Alde batetik, oso ederra izan zen, Bukowski bete zelako; baina, taberna bat igual ez da tokirik egokiena 45 minutuko antzerki obra bat ikusteko. Alde batetik, izugarrizko poza; eta beste alde batetik, gogorra izan zen: jendea deseroso ikusten genuen, ahotsa bultzatzen ibili ginen. Kezka puntu hori bazegoen”.
Hasierako kontuak dira horiek, baina orain Matriuska plazaratzen segitzeko gogoz daude sortzaileak. “Jendeak oso harrera ona egin dio, oso ondo pasatu du, mezua asko gustatu da; oso gustura gaude, egia esan”. Poltsiko Antzerki Jaialdiko emanaldiak bukatuta, oholtza berrien zain dago Matriuska.