Miren Gaztañaga (Errenteria, 1979) Hedda pertsonaiaren azalean sartuta dabil Garai zekenak antzezlana estreinatu zenetik. Eskarmentu handiko aktorea dugu Gaztañaga. Bi hamarkada egin behar da atzera bere aktore ibilbidearen hastapenak ezagutzeko. Leioan, Arte Ederrak ikasten zegoela, An-tzerkiola Imaginarioa sortu zuen Ander Lipusekin batera. Telebistan Goenkale telesailean Ines bezala eman zituen bere lehen urratsak, gerora Martina saioa aurkeztu eta Aitaren Etxea telesailean ere lan egin zuen. Zinemari dagokionean, Lasa eta Zabala, Igelak eta El Guardian Invisible filmetan parte hartu du eta Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolarekin batera Kamikaz Kolektiboko kidea da. Aktorea izateaz gain, sortzailea ere bada Gaztañaga; Stereo lana, adibidez, berak sortu zuen.

1998an, Arte Ederrak ikasten ari zinela, arte eszenikoetan jarri zenuen interesa. Nolatan?

Niretzako aktorea izatearena oso instintiboa izan da beti eta ikasketak aukeratzeko momentua heldu zenean, arte dramatikoa ikasi nahi nuela esan nion amari. 17 urte nituen eta nik ere ez nekien ondo zer zen hori. Garai hartan amak esan zidan hori ez zela karrera bat, berak ere ez zekien oso ondo arte dramatikoa zer zen. Momentu horretan pentsatu nuen: “arte, arte? Tira, Arte Ederrak ikasiko ditut”. Behin unibertsitatean nengoela, Udako Euskal Unibertsitateak ikastaro batzuk atera zituen, horien artean antzerkia zegoen eta Ander Lipus zen bertako irakaslea. Nik inpultso hori nire barruan oso argi nuenez, ikastaro hori egitea erabaki nuen. Bizitzan zerbait nahi duzunean, askotan, bizitzak berak muturraren aurrean jartzen dizu.

Beraz, momentu horretan hasi zen zure ibilbidea aktore bezala, baina Arte Ederretako ikasketak ere bukatu zenituen. Gerora lan egin izan duzu arlo horretan?

Niretzako Arte Ederrak osagaia izan da. Oso baliagarriak diren beste hainbat medioren nozioak barneratzen dituzu, azken finean. Antzerkia, gainera, bide artistiko askoren batuketa bat da eta jakituria edo esperientzia hori jaso ahal izatea ez dago inolaz ere soberan. Nire bizitzako anekdota bitxia da: lehenengo gauza bat egin nahi nuen, gero beste bat hartu eta azkenean benetan nahi nuena egiten bukatu nuen. Unibertsitatean, bestalde, lagun ezin hobeak egin nituen, 20 urterekin izaten diren esperientzia zoragarriak bizi izan nituen, baina egia da bigarren urterako Antzerkiola Imaginarioarekin hasi ginela eta mundu horretan buru-belarri sartu behar nintzela ikusi nuen. Ikasketak amaitzea lortu nuen, kostata, batera egin nituelako bi gauzak.

Arraldeko Ines pertsonaiak eman zion batek baino gehiagori Miren Gaztañaga aktorea ezagutzeko aukera. Nola markatu zuen zure ibilbidea ‘Goenkale’-k?

Urteak neramatzan antzerkian bakarrik lan egiten eta garai horretan lan handia neukan gainera. Lau bat obretan sartuta nengoen, oso nekatuta eta diruz justu? Momentu horretan aldaketaren bat bizitzea ederra izango zela eta, esperientzia berrietara zabaltzeko dei bat ere sentitu nuen. Goenkalen lan egiteko aukera muturraren puntara bezala etorri zitzaidan. Hasiera pixka bat bertiginosoa izan zen, berria zelako niretzat, baina behin pausoa emanda, zoragarria izan zen, aktore asko eta ofizioa bera ezagutzeko aukera eman zidalako. Telebistan eta kameren aurrean lan egitea zer den ikasi nuen, aktorearen papera zein den, noiz hitz egin behar den, noren esanak edo aginduak entzun behar diren? Lan horretan funtzionatzen ikasi nuen, azken finean, eta hori ederra izan zen.

Fikzioaren bidez, norberaren ametsak gauzatu daitezkeela komentatu izan duzu noizbait. Zure txikitako ametsetako bat aldiz, abeslaria izatea zen eta baita lortu ere, fikziorik gabe gainera. Nola sortu zitzaizun Sagarroi taldean abesteko aukera?

Marcial Mariskalen nobela batetik abiatutako Ezekiel izeneko antzezlana egin genuen Lipusek eta biok eta bertan Iñigo Muguruzak eta Sagarroi taldekoek parte hartu zuten. Entseguetan geundela, Muguruzak ea euren musika taldean parte hartu nahi nuen galdetu zidan eta nik, sekula musika talde batean egon gabe, ezin izan nien ezezkorik eman. Esperientzia horrek balio izan zidan zuzenekoak beste modu batera bizitzeko, musikaren mundutik. Hiru urte egon nintzen taldean. Urte horietako esperientzia oso polita izan zen, haiek ere oso jatorrak dira eta oso errez jarri zidaten dena.

Ez dakit ‘Garai Zekenak’antzezlanean abestea tokatzen zaizun...

Ez, abestea ez.

Dakiguna da Hedda Gabler zarela, bera da obra honetako protagonista. Zer kontatzen du obrak eta nolakoa da bera?

Henrik Ibsen dramaturgoak idatzi zuen obra bere garaian, baina oso aktuala izaten jarrai-tzen duen lan bat da, gizatasunari buruz hitz egiten duelako. Pertsonen arteko frustrazioak, hutsuneak eta interesen atzetik mugitzen garela erakusten du, besteak beste. Gizatasunaren parte ilun hori agerian uzten du, azken finean. Euskal Herriko giro akademiko batean koka-tzen da obra, unibertsitatean lanean dabiltzan akademikoen arteko testuinguru batean. Giro hori aitzakia bezala hartu da gizakiok barruan daramagun zekenkeria hori erakusteko. Kepa Errasti, Arantza Goikoetxea, Gabriel Ocina, Aritza Rodriguez, Pako Revueltas eta bostok jartzen gara pertsonaien azaletan. Nire kasuan, Hedda protagonista naiz. Oso pertsonaia kontroladorea da eta hustasun handiak ditu barruan. Besteek ez bezala, Heddak ez dauka filtrorik, ez da politikoki batere zuzena. Nahiz eta testuingurua oso burgesa eta zorrotza izan, emakume honek ez dauka pudorerik. Dena absurdo hutsa iruditzen zaio. Bitxia da, alde batetik oso krudela den pertsonaia bat delako, baina era berean oso argia eta sentibera ere izan daitekeelako. Kaleidoskopio baten modukoa da, aurpegi pila ditu. Pertsonaia lantzerako orduan ez diot alde arrazionaletik gehiegi heldu, mila kontraesan dauzkalako eta gainera beldurrik gabe adierazten dituelako. Bere erreakzio guztiek osatzen dute pertsonaia.

Badu berezitasun handi bat antzezlan honek, izan ere, aktoreen lana ez da agertokian ikusten, Arriaga Antzokiko beste hainbat gunetan baizik.

Bai, kale antzerkia gogorarazten dit, Trapu Zaharra konpainiarekin ibili nintzelako lanean garai batean. Gainera, ez da kasualitatea obraren zuzendaria Raul Cancelo izatea, Hortzmuga Teatroarekin kale antzerkia egiten duelako. Horregatik proposatu zuen horrela egitea eta esango nuke asmatu duela, ikuslea beste mota bateko esperientziak bizi-tzera eramaten duelako. Gainera, maskara bat aurpegian duela, antzerki obraren lekuko izaten doa ikuslea, egunerokotasun baten testigu izango balitz bezala.

Eta ikuslegoak nola hartu du horren estilo berezia?

Orokorrean uste genuena baino harrera hobeagoa izaten ari da. Jendeak istorioa oso ondo jarraitzen du, esperientzia polita irudi-tzen zaio, interesa pizten dio eta esango nuke oso momentu atsegina pasatzen duela, beraz, gu kontent gaude emaitzarekin.

Obraren 19 emanaldi eskainiko dira, gehienak euskaraz baina baita gazteleraz ere. Sarri hitz egiten da euskal antzerkiak dituen zailtasunez, jendea ez dagoela ohituta antzerkia euskaraz gozatzera. Zein iritzi duzu honen inguruan?

Egia da Euskal Herri mailan orokorrean zailtasun hori badagoela, beti esaten delako zailagoa dela euskal publikoa mugitzea. Uste hori badago. Baina egia da gure programa-tzaileak horrekin sentsibilizatzen doazen heinean, publikoa ere sentsibilizatzen doala. Nik pentsatu nahi dut prozesu horren barruan gaudela, duela urte batzuk euskal antzerkiaren egoera ikusezinagoa zen.

Arriagaren kasuan, esan behar da baita ere, Garai Zekenak-en estreinaldia euskaraz izan zela eta lehenengo astea euskaraz pasatu genuela, baina asteburura hurbildu ahala gaztelaniaz eskaintzen da obra, eta ziurrenik, publiko erdaldun gehiago gerturatzen delako izango da, hori sinistu egiten dugulako edo datu hori dagoelako. Nik behintzat, jarraituko dut publikoaren sentsibilizazio horretan.

Obra bi hizkuntzatan eskaintzeak lan bikoi-tza eskatzen dizue aktoreoi.

Noski. Antzezlan bera euskaraz eta gaztelaniaz ikasi behar izaten dugu. Hor saiakera bat dagoela ikusten da, bestela gaztelaniazkoa egitea bakarrik izango litzatekelako. Nire ustez, beraz, prozesuan dagoen zerbait da, baina badago horren alde egiteko jarrera bat. Horri, hala ere, buelta gehiago eman ahal zaizkio, denbora aldetik aktoreentzat sekulako lana delako epe laburrean bi hizkuntzetan antzezlanak ikastea.

Urtarrilaren 24an izango duzue azken emanaldia, baina otsailean Shakespeareren ‘Macbeth’ antzezlanarekin berriro ikusiko zaitugu Arriagako oholtzan. Obra horren inguruan zerbait aurreratzerik?

Horrekin ere lanean ari gara; sarritan dena batera etortzen da... Zentzu horretan gure bizitza pasada bat da. Aurten oso pozik eta eskertuta nago, oso lan ederrak egiteko aukera dudalako. Macbeth antzezlanean Laidy Macbeth-en pertsonaia egingo dut. Alex Gerediagaren zuzendaritzapean, hainbat aktore gaude bertan buru-belarri lanean. Erronka handia da, zoragarria den nobela klasiko bat eguneratu eta eszenara eramango du Arriagak. Oso itxura ona dauka, lan handia dugu aurretik oraindik, baina nik uste dut ederra izango dela.

Horretaz gain, Kamikaz Kolektiboko kidea ere bazara eta urtarrilaren 27an ‘Käffka’ antzerki obra estreinatuko duzue, nerabeen artean sexu-identitatea eta lesbianismoa bistaratzeko helburuarekin.

Bai, testuaren idazketan parte hartu dut Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizolarekin batera, baina beraiek dira zuzendariak. Hala ere, gogotsu gaude jendearen harrera ikusteko. Ea obra ikastetxe eta antzokietatik mugitzeko aukera dagoen.