Bertsolaritzaren munduan ezagutu dugu orain arte Josu Goikoetxea (Gernika, 1974). Urte askotan, bertsolarien gai-jartzaile lanetan aritu da. Ahozkotasunari lotutako zereginak aparkatu eta letren mundura egin du jauzi orain; poesiara, hain zuzen. Bere lehen poema liburuak argia ikusi berri du, Zer luzea negu hau izenburupean.

Zein da liburuaren mamia?

Mami bakarra baino, esango nuke hainbat mami daudela liburuan. Erdia-edo aurreko neguan idatzita dago. Negu luzea, hotza eta euritsua izan zen, eta egia da urtaro horren erreferentzia ageri dela han eta hemen, liburuari izenburua eman dion poeman ere bai, eta horrek guztiak ekarri dio halako “negutasun” bat liburuari. Hala ere, nik poemak banaka idatzi ditut, plan zehatzik gabe, beren baitan hasi eta amai-tzen diren poemak dira, eta gai ugari aurki daitezke haietan. Poema ba-tzuk ulerterrazak dira, beste batzuk ilunagoak. Nik neuk ez daukat oso argi batzuen interpretazioa. Irakurlearen esku geratzen da hori. Poesiaren egiteko bat dela uste dut.

Orain arte bizitakoaren balantze moduan aurkeztu da liburua. Positiboa da balantze hori?

Bizirik nago, familia eta lagunak ditut, lana dut, osasunez ondo nabil eta ortodontzia jarri didate hortzak konpontzeko. Arazoak, minak eta kezkak badira, noski, baina begia zorroztea eta inguruaren ertzetara begiratzea nahikoa da ikusteko zortekoa naizela. Nire minak laburrak dira, poemak idazteko beste irauten dute. Beste batzuen minek ez daukate ia etenik. Beraz, bai, nire balan-tzea positiboa da.

Zaila izan da barrukoa kanpora ateratzea?

Zaila da zure barruko hori norbaiten intereseko bihurtzea. Eta horretarako geratzen da atean begira pertsona, eta esertzen da idazmahaian idazlea. Liburu honetan badira kontu intimoak, batzuk argi eta garbi dira autobiografikoak; baina, esan beharra dago, literatura lan guztietan bezala, badagoela artifiziotik asko, norberaren biografiaren hedatze bat, edertze bat; beharrezkoa, nire ustez, zerbait inprimatu nahi bada. Hurbilen duzun jendeari lana erakustea da zailena. Jende gehiena ez dago poesia irakur-tzera ohituta, eta literaturaren lizen-tziak onartzearena agian ez dauka barneratuta. Horregatik, beldur naiz maite dudan jendeak ez ote duen pentsatuko orriotan agertzen dena neu naizela, gordin-gordin. Eta banaiz, baina, era berean, ez naiz. Baina agian harro inuzentea naiz eta jendeak ederto daki horren guztiaren berri.

Nolakoa izan da liburua osatzeko prozesua?

Poemak hautatzea ez da zaila izan, ez neukalako askoz gehiago. Bidean gutxi batzuk geratu dira soilik. Ez dira sartu gai aldetik lekuz kanpo zeudelako. Besteak, aurrera egin dutenak, asko moldatu ditut. Poema horietako bakoitzak badu bere erritmoa sorreran, gehienetan lehenengo bertso-lerro parean, eta moldaketaren lana izaten da erritmo hori oztopatzen duten hitzak, sintagmak eta esaldiak ordezkatzea. Askotan kendu ere egin behar da, poema argaldu. Eta gutxi batzuetan gehitu, poema ilunegi ez uzteko. Gero lan konplexua da poemak liburuan zehar ordenatzea, liburuari halako ildo, tonu eta oreka bat emateko.

Poema zaharrenak ia 20 urte ditu. Ordutik hona poema asko idatzi dituzu?

Oso gutxi. Izan dira urteak bat bakarra ere idatzi gabe. Poema batetik bestera denbora tarte handia pasa daiteke eta, bat-batean, denbora gutxian idatz ditzakezu hiru. Arrazoiak? Gai-jartzaile gisa ibili naiz azken 25 urteotan eta horrek ase ditu nolabait nire behar batzuk. Gero, urduri jartzen naiz idazterakoan edo, behintzat, idazteak ez nau lasaitzen. Hiru alaba hazi ditugu, lana dakar horrek. Hainbat arrazoi eman ditzaket, galderari erantzun labur eta zehatzena ez emateko: oso gutxi.

Noiz idazten dituzu poemak: gogoa duzunean edo barneko askatzeko premia denean?

Gogoa eta beharra eskutik datozela iruditzen zait. Poema asko ezinegon batetik sortu ditut. Gero ezinegona pasatzen da, baina poema hor gera-tzen da. Baina liburuaren erdia neure burua behartuta idatzi dut. Elkar argitaletxeko Xabier Mendigurenek ezagutzen zituen nire poema ba-tzuk, Twitter bidez zabaldu nituelako, eta zerbait erakusteko eskatu zidan. Nik esan nion ez neukala poema nahikorik liburua osa-tzeko eta udaberrira arteko denbora tartea eskatu nion. Orduan derrigortu nuen nire burua idaztera, koadernoa esku artean neukan beti, eta bereziki pozik nago epe horretako emaitzarekin. Adibidez, multzo horretan daude Laukoak, liburuko olerki neurtu bakarrak, lan handia eman zidatenak. Orfebreria lantzat dauzkat nik.

Neguan irakurtzeko poemarioa da zurea?

Marketin txarra litzateke hori esango banu. Ez, urteko edozein unetan irakurtzekoa da, baina, kontuz, ez dira dantzarako koplak. Batzuetan idazleei eskatzen zaie soinujoleari eskatzen zaiona: diberti gaitzazu, alaitu giroa. Hori ez duzu poema hauekin eskuratuko. Niri nire burua eta nire ingurua uler-tzeko balio izan didate, eta espero dut irakurleari ere balio izatea.