Bide malkartsua izan zuten emakumezko raketistek joan den mendearen hasieran. Ez zen batere erreza izan haietako askorentzat, oso gazte zirela, Madrilera amets baten bila joan behar izana. Eta gaur egun nork esango luke duela ia mende bat emakumeak raketista jokalari profesionalak izatera iritsi zirela?

Hainbat emakumek kirol honetan benetan izan zuten rola ezagutzeko aukera eman du Jon Juanesek azken lau urtetan zehar egindako ikerketak eta zuzendutako Raketistak lehen eta orain dokumentalak. Ostegunean (irailak 13), Bilboko Euskararen Etxera hurbiltzen direnek Estatu mailako lehen kirolari profesionalak izan ziren emakumeen istorioak ezagu-tzeko aukera izango dute.

Agustina, Ramonita, Asteasu, Emili, Soroa eta Larramendi I dira dokumentalaren protagonista nagusiak, eta frontoi barruan zein kanpoan izandako bizipenak kontatzen dituzte bertan. Gaur egun bizirik dirautenak gutxiengoa dira, eta bizi direnek 80 urtetik gorako adina dute jada. Garaiko izarrak izan ziren, gizonezkoek beste hainbat kiroletan lortu ez zutena lortu baitzuten. Raketista askori esker biziraun zuten orduko hainbat familiek, raketistak diru-iturri bakarra baitziren sendi askotan. Jon Juanes zuzendariaren esanetan, “zine izarrak izango bailiran” tratatzen zituzten munduko hainbat lekutan. Emakumeak ziren. Emakume heroiak. Kirolari profesionalak, independenteak eta libreak, noiz eta Francoren garaian. Sinestezina, ezta?

Emakume borrokalariak izan ziren. Ia ezinezkoa zena lortu zuten, hori bai, haien bizi-tzan hainbat gauzari uko eginez. Emakumezkoak pilotan aritzeko saiakerak egon ziren Euskal Herriko hainbat tokitan, baina, zoritxarrez, oso gutxik jokatu zuten, gaizki ikusiak zeudelako. 1916. urte inguruan, Ildefonso Anabitarte enpresari donostiarrak Madrilera eraman zituen aukera berri baten bila. Ezinezkoa zirudiena lortu zuten bertan: profesional izatera heldu ziren. Emakume raketisten kromoak ere atera zituzten, pentsa. Praktikatzen zuten kirola gustuko zuen jendarteak. Txaloak, oihuak, tentsioa? Ikusgarria zen ikuskizuna.

Hiru urtetan zehar raketisten iragana ikertzen ibili da Jon Juanes, pilotari hauen ondarea dokumental baten bitartez konpartitu ahal izateko. Izan ere, luzaroan sekretupean mantendu diren izarrak izan dira, eta haietako asko itzali diren arren, sei emakume ikaragarrien istorioak dokumentalean deskubritzeko aukera eman du zuzendariak.

Emakume bakoitzaren atzean istorio zoragarri ezberdin bat dago. Erabaki garrantzitsua hartu behar izan zuten guztiek haien etorkizunerako. Asko ez ziren ezkondu, raketa uzteko aukera asko zeudela ikusten baitzuten. Gainera, diru dezente irabazten zuten eta oso independenteak ziren, eta horrexegatik haien ibilbide profesionalarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Beste batzuek, ordea, ezkondu eta kirola utzi zuten. Baina baziren ezkondu ondoren jokatzen jarraitu zutenak ere, familiak haien jarduna ondo ikusten zuelako.

Errenteriako Agustina Otaolak, adibidez, 88 urte ditu eta dokumentalean bere larruan bizitakoaren berri ematen du. Jarduera horretan aritzen ziren lau osaba zituen eta 15 urte zituela jokalari profesional bihurtu zen. Pilotari famatuek osatutako famili bateko alaba zen Rosa Soroa, eta Emilia Gomez, Emili, 36 urtez raketista profesionala izan zen. Emakume hauetaz gain, beste asko egon ziren, gaur egun haien istorioa kontatu ezin dutenak. Horregatik, pilotari bakoitzarentzako fitxa tekniko bana sortuko du zuzendariak, non emakume bakoitzaren ibilbidea azaltzen den.

Jon Juanesek pisu handia kendu du gainetik dokumentala bukatzean. Onartu duenez, gaur egun nagusiak diren emakumeekin lan egitea ez da batere erraza izan, erlojupeko lana izan baita. Gainera, proiektua aurrera ateratzeak inbertsio handia suposatu du. Kostata, baina esfortzuak pena merezi duela onartu du, hunkigarria baita emakume haiek lortu zutena munduari erakutsi ahal izatea, baina bereziki “haiei beraiei itzultzea”.

“Dokumentala bukatu nahi nuen raketistek hil aurretik ikusi ahal izateko”

JON JUANES, 'RAKETISTAK' DOKUMENTALAREN ZUZENDARIA

Ama raketista izan zela deskubritu zuenean hasi zen ikerketa lanean Raketistak lehen eta orain dokumentalaren zuzendari den Jon Juanes. Ez zeukan informazio askorik hasieran, eta ikerketa lan handia egin behar izan zuen. Bere ama raketisten azken belaunaldien parte izan zela jakin ahal izan zuen, besteak beste. Gauza batek bestera eraman zuen eta ikus-entzunezko lan osoa landu ahal izan du azkenean. Publiko osoari bere lana erakusteko zorian dago orain, proiektua abiatu eta lau urtera.

-Zelan hasi zen proiektu hau?

Erakusketa bat egin genuen hasiera batean, baina buruan bagenituen bestelako ideia batzuk. Pentsatu genuen azkenengo emai-tza bezala liburu bat idaztea, baina azkenean dokumental batek harrera egokiagoa izan zezakeela pentsatu genuen. Guk nahi genuen helburua zera zen: raketisten istorioa modu atsegin eta sakonean azaltzea.

-Zer zenekien gai honi buruz dokumentala egin aurretik eta zer dakizu orain?

Dokumentala egin genuenean jada bageneraman hiru urteko ikerketa lana. Beraz, dokumentala hasi genuenetik gaur egunera arte informazio berri gutxi jaso dugu. Raketista berrien izenak bai jaso ditugu, baita istorio ezberdin batzuk ere. Baina ia denak parametro berdinean. Informazio dezente gehiago jaso dugu, baina pertsonaien ingurukoak, zehazki.

-Zenbat denbora eman duzu dokumentala ekoizten?

Hasi ginenetik ia lau urte igaro dira. Baina aldez aurretik hiru urte eta erdi eman genituen ikerketa lanetan.

-Zer nolako inbertsioa suposatu du proiektua aurrera eramateak?

Zaila izan da. Hasiera batean aurrekontu bat eskatu genuen, oso disparatua zena, 45 minutuko dokumental batentzat. Eta azkenean, aurrekontu erdiarekin ordu eta laurdeneko iraupena duen dokumentala osatu ahal izan dugu. Alde horretatik, oso pozik nago, izan ere, gu ez gara ikus-entzunezkoen arlokoak, eta ez genekien zenbat diruz ari ginen. Marrazkiak, ilustrazioak eta abar sortu behar izan ditugu. Enpresa batekin egin dugu lan hori. Horrek kostu handi bat suposatu du; baina, azkenean, proiektuan parte hartu dutenek badakite ez garela profesionalak eta kostua murrizten lagundu dute. Denen artean egindako proiektua da. Horri esker, geneukan aurrekontuarekin egin ahal izan dugu lana.

-Zein izan da atalik gogorrena?

Orduak. Ordu pila. Eta ez dela bakarrik dokumentala osatzeko behar izan direnak, baizik eta aldi berean osatu ditugun erakusketa eta partidak antola-tzea ere. Izan ere, modalitate hau desagertu zen eta berreskuratzen saiatzen ari gara. Enpresa batekin ibili gara zeregin honetan, garai batean erabiltzen zituzten raketa bereziak sortzeko. Eta beno, antzekotasun batekin, lortu genituen. Kordaje berria lortu genuen, pilota berriak, garai hartakoen antzekoak, eta kordaje lanak, gainera, nik egiten nituen. Ikerketa lana ez da bakarrik historikoa izan, lehengoa eguneratzea ere izan da helburua: jokamoldea berreskuratu, erakusketa eta dokumentala aldi berean mugitu, ikerketa historikoa osatu... Ordu pila dira eta toki guztietara ezin iritsi. Hori izan da gogorrena eta, aldi berean, gustagarriena.

-Zer sentitzen duzu urtetan zehar lantzen ibili zarenaren emaitza ikusterakoan?

Iruditzen zait oraindik ez dela bukatu eta urte luzetako lana izango dela, izan ere, datu basean sartu garenean, adituak esan digutenez, urte dezentetarako proiektu batean sartu gara. Ez dut ikusten inoiz bukatuko den proiektu bat bezala. Baina dokumentala bukatzerakoan, pisu handi bat kendu nuen gainetik, eta lasaitu egin nintzen. Raketistek hil aurretik beraiek dokumentala ikustea zen gure helburua, hortik geneukan presa. 90 urtetik gora urte dituzte askok... Nire azken esfortzu handiena hori zen: hil aurretik raketistek dokumentala ikusi ahal izatea.

-Zer nolako lana suposatu du emakume hauek elkarrizketatzeak, grabatzeak... Ondo moldatu dira kamera aurrean?

Garai hartako argazki pila daude, edertasuna transmititzen duten argazki pila. Toki askotan izartzat hartuak izan ziren, zineko izarren antzera. Haientzako, hasiera batean, ez zen arazo izan, beraz. Gertatzen zena zera zen: hainbeste urte pasa ondoren, beren burua itsusi ikusten zutela eta horrexegatik arazoak zituzten kameraren aurrean jartzeko.

-Zure helburua lortu duzula sentitzen duzu?

Ez dakit, ezingo nizuke esan, helburu zeha-tzik ez baitut izan. Esango nuke helburu txiki batzuk bete ditudala: nire amaren argazki bat egin genuen eta lortu genuen azkenean bere raketista argazkia. Raketista hauek ezagutzean benetako altxor batekin topo egin dugula iruditzen zait eta egin genezakeena egin dugula uste dut.