Hara eta hona ibili da azken asteetan Auxtin Zamora (Senpere, 1943). Pazko Astelehenean Sarako Idazleen Biltzarraren saria eman zioten, eta, astebete geroago, Hatsaren Poesia bildumako aurtengo alea aurkeztu zuen. Hogei urte daramatza, hutsik egin gabe, euskarazko olerkien antologia hori argitaratzen, esateko zerbait duten guztiei lekua egiteko asmoz. Izan ere, Hatsaren Poesian deialdi irekia egiten dute nahi duen orok bere poema laburrak bidal di-tzan. Ezagun zein anonimo, haur zein heldu, denek dute tokia.

Zenbaki biribila da 20a, eta lekukoa pasatzeko tenorea dela erabaki du Zamorak. Aurreran-tzean ez da izango Hatsaren Poesiaren eta Hatsa Elkartearen arduradun nagusia, baina proiektuari lotuta segituko duela ziurtatu du, idaztea baita bere pasioa. Norberaren barneko askatasuna adierazteko bidea da poesia Zamorarentzat, sormen librerako bitartekoa. Idaztea ez du, haatik, jardun isolatutzat, argazkiekin eta irudiarekin uztartzea atsegin du.

Hatsaren Poesia bildumaren 20. zenbakia plazaratu berri, proiektuaren gidaritza utziko duzu. Ziklo baten itxiera da?

Proiektu honek ez du mugarik, lehen zenbakia 20.a bezalakoa da eta segi dezala. Poesia ezin da ziklotan neurtu, norberak barruan duen libertate bat da poesia, gizaki guztiek dugu barnean. Guk bereziki egin duguna da hori euskaraz azaldu, ikusten baikenuen poesia asko idazten zela frantsesez edo beste min-tzairetan. Hatsaren Poesian euskarari lehentasuna eman diogu.

Zergatik erabaki duzu uztea? Belaunaldi berriei lekua egiteko asmoz?

Ez dut bereziki belaunaldi berrietan pentsatu, poesiak ez baitu belaunaldiekin zerikusirik. Gure liburuetan badira haurtxoak, badira aitona-amonak, poesia idazten dutenak. Baina fisikoki pertsonak ahultzen gara eta nahi ala ez tokia utzi behar diegu gazteagoei, kemena dutenei.

Behin zuk lekukoa pasata, nola antolatuko duzue Hatsaren Poesia?

Biltzar nagusi bat egin genuen eta erabaki genuen, ni egon naizen bezala, pertsona bat buru izatea. Horrek atxikiko du bizpahiru urtez Hatsaren ardura, gero beste batek hartuko du tokia. Bi pertsona bederen behar ditugu honetarako, ikusiko dugu nola iraganen den. Baina gu lasai gara, gu hor izan edo ez, poesiak segituko du edozein gisaz.

Urtero deialdi irekia egiten duzue, nahi duenak Hatsaren Poesiarako olerkiak bidal ditzan. Hogei urteotan nolako lanak argitaratu dituzue?

Gaurkotasuneko gaietan murgiltzen dira asko, datorren bezala agertzen dugu, lekukotasun bat izan dadin gerokoentzat. Orainaldian oinarritzen gara. Nork ez du inporta, momentu honetan nola idazten dugun poesia, hori erakutsi nahi dugu.

Aurtengo alean, 20.ean, zer da nabarmentzekoa?

Erran dudan bezala, oraingotasunaren oihar-tzuna aurkituko du irakurleak. Badira olerki batzuk lotu ahal direnak etorkinen gaiarekin edo orain bizi ditugun gauzekin. Joan direnak ere aipatzen dira, adibidez Joxan Artze. Haurren olerkietan, haiek sentitzen dituztenak aurkezten ditugu. Testuaren formari ez diogu lehentasunik ematen, baina barruan diren aberastasunak dira azaltzen, egunen batean beren balioa agertuko dute, beharbada.

Beste ezaugarri nagusi bat euskara da.

Bai, baina ez euskara akademikoa edo normalizatua. Pertsonaren arabera da, bakoitza nola espresatzen den, hala jaso dugu, barneko tripako minak eta zorionak. Ez dugu zuzenketarik egiten. Xuka agertzen dugu, adibidez. Euskarak badu garrantzia gure liburuan. Egiten ahalko genuen frantsesez ere, gu elebidun edo hirueledun gara, baina ez, guk euskaraz egiten dugu. Ulertu nahi duenak euskaraz ikasi behar du, hor bada alde pedagogiko bat.

Hatsaren Poesiak lotura estua du Senpererekin, zu ere han sortua zara.

Hastapenetik ari naiz proiektuan eta seguru eman diot nire tankera bat, senperetar eta lapurtar gisa. Senperen kokatua da elkartea, hor egiten ditugu gure ekitaldiak. Hala ere, guk euskalki guztiei tokia egiten diegu, ez dugu banaketarik egiten.

Zu zeu ere idazlea zara, poeta. Zer ematen dizu idazteak?

Zoriona eta barruan dudan haurtasuna espresatzea. Poesiak beti ekartzen dit haurtzaroko eragin bat, inkontzienteki etortzen zait. Espresatze libre bat da, haurrek dakiten bezala sor-tzea, gauza txikietatik. Gauza ekonomikoak eta halakoak ez zaizkit ateratzen, bizitzeko beharrezkoak ez direnak baina niri beharrezko zaizkidanak bai. Poesiaren eremua da libertate osoa, espresatzea bakoitzak bere maneran barruan dituen gauzak.

Bideo poetikoak egiten dituzu, argazkilaritza ere maite duzu... Poesia eta beste arteak osotasun baten gisa ulertzen dituzu?

Poesia ez da hitzekin bakarrik espresatzen, gorputzarekin, musikarekin, antzeztuz... ere egin daiteke poesia. Formatu diferente horiek elkar laguntzen dute: Argazkiak eta hitzak, adibidez. Denak instintu beretik datoz, sentitzen dugunetik. Argazkiak egiten ditudanean, irudi on bat lortzeko, zortea da % 50 eta beste % 50 senaren menpe dago. Barrukoa agertzen dut beste manera batez, baina poesiari lotua.

Hitzarekin jolasten trebea izan zen Joxan Ar-tze zena. Lagun eta erreferente zen zuretzat?

Pertsona eredugarria zen, olerkari bezala bizi baitzen. Ez da kasik inor Euskal Herrian hala bizi denik, ez baita dirurik olerkiaz bizitzeko. Eredu bat izan da niretzat, gertukoa, berarekin sentimenduak partekatzen ahal ziren, librean hitz egin zitekeen harekin, beti ados ez egonik ere bai.

Hatsaren Olerki Bustiak ere urtero aurkezten duzu. Nolakoa da proiektu hori?

Bideoak dira horiek, ez liburuak. Argazkiak dira bideoen oinarria, testuei lotuak. Hatsaren Poesian diren aipu batzuk dira, argazki artistiko batzuen barruan. Idazten dutenen lana baloratzeko saioa da, maiz egoten dira testu horiek apaletan, airerik hartu gabe. Argazkiekin balioa ematen diet, beste bizi bat.

Poesiaz gain, beste liburu batzuk idatziak dituzu, esate baterako Sara, Senpere eta Etxalarko etxeen ingurukoak. Hor agertzen duzu ondarea gordetzeko kezka bat.

Nire Euskal Herria, hain maite dudana eta hain ederra dena, ulertzen dut gehienik geografikoki, lurretik hasi behar dugu Euskal Herria. Gero Historia dator, baina lehenik geografia eta mintzaira.

Zangopean dudan herri hori ezagutzeko, etxez etxe ibili naiz, izenak eta datu geografikoak biltzen, jakiteko etxeak non diren. Denbora asko eman dut horren egiten Senperen, Saran eta Etxalarren, zinezko senperetar, saratar eta etxalartarrak aurkitu ditut, biziki maite dut lan hau.

Sarako Idazleen Biltzarrak omenaldia egin dizu aurtengo edizioan. Zer sentitzen duzu?

Ni beti Auxtin Zamora izanen naiz, omenaldi batek ez nau aldatuko, sentitzen dut bitartekari bat naizela, nire bitartez idazle asko goraipatuak direla eta liburuak gehiago aztertuak izango direla. Poesiari leku handiagoa eman diezaioke honek, baina neure buruaz ez naiz harrotuko.

Hatsaren Poesiaren ardura nagusia utzirik, zertan arituko zara?

Poesia bultzatzen segituko dut, nahi nuke tailer batzuen egin gazteekin. Bultzatzaile izatea da nire ardatza. Hala ere, Hatsaren Poesiaren liburuaren inguruan ere hor izango naiz, ez dut guztiz baztertuko. Hastapenean aholkuak ematen segituko dutenei, gero haien bidea hartuko dute, baina ez naiz urruti joanen.