Musikan ofizialki jardun aurretik hasia zen konposatzen Mikel Gorosabel (Eibar, 1967). Pianoa jotzen du oso txikitatik eta hamabi urte inguru zituela etxera iritsi zen gitarra espainiarrak esnarazi zion doinu eta kantuak sortzeko dohaina. Ordutik ez da gelditu. Badaramatza 30 urte inguru musikan eta izen propioz kaleratu du bere diskografiako alerik berriena, Barne basoan barna.

Gorputzak eskatzen zizun zerbait pertsonalagoa egitea?

Beti egin nahi izan ditut gauza desberdinak. EH Sukarrarekin hasi nintzen eta ofizialki ez gara inoiz gelditu, nahiz eta hamar urte ere egon ginen diskorik egin gabe. Gero Lorelei proiektua ere abiatu nuen Asier Serranorekin, eta Norton Klub bakarkako proiektua ere abiatu nuen 2005ean. Oraingo hau gauza naturala izan da. 2013an eta 2015ean EH Sukarrarekin disko bana atera genuen eta azken bi urteetan ere banuen kanta bildumatxo bat. Pentsatu nuen buelta bat eman eta ausartu behar nuela bakarkako proiektu bat atera-tzera, neure izenarekin.

Noiz hasi zinen kanta hauek konposatzen eta forma ematen?

2015ean Azken gezia atera ostean hasi nin-tzen. Azken bi urteetan egin dudan lanaren emaitza da disko hau, denak dira kanta berriak eta islatzen dute, nolabait, bizi dudan momentua edo nire orainaldia. Behin melodiei eta kantuei forma nahikoa emanda nienean, Asier Serranorengana jo nuen, berak egin ohi baititu EH Sukarraren letrak. Berari okurritu zitzaion, berak idatzi beharrean, ezagutzen zituen hainbat idazleri letrak eska-tzea. Hamaika idazleko zerrenda bat egin zuen eta bakoitzari, zozketaz, melodia bat bidali genion. Eta melodiarekin batera letra egiteko gaia: beldurra. Emaitza aberatsa dela iruditzen zait, izan ere, niretzat kantu bat ona izateko melodiak ona behar du izan baina baita letrak ere; melodia polit bati letra txar bat jartzen badiozu herren gelditzen da kantua, eta berdin alderantziz. Uste dut disko honek daukan aberastasunetako bat dela hamaika idazle horiek literarioki eman dioten maila.

Zergatik ‘beldurra’?

Asierren (Serrano) burutazioa izan zen. Nik uste dut gai horretan pentsatu zuela, batetik gai sakona delako, barru-barrukoa; eta, bestetik, badelako gai bat normalean ez duguna asko azaleratzen. Uste dut oso egokia zela, disko kontzeptual bat egitearen ideia gusta-tzen zitzaidan. Idazleei egin genien beste eskaera lehenengo pertsonan idaztea izan zen. Hala, bakoitzak gaiari bere ukitua eman dio, batzuek oso bira polita eman diote eta egia esan oso gustura gelditu naiz letrekin. Denek dute zerbait. Gero, kantuei behin betiko forma emateko ere, askoz seguruago sentitzen naiz letra on batekin. Letra horiek barneratzen zoazen heinean, letraren istorioan sartzen zara eta sentimenduak ere azalera-tzen joaten zaizkizu.

Ohituta zaude zureak ez diren letrak abestera eta ohituta zaude, gehienbat, Asier Serranoren hitzak abestera. Pentsatzen dut bere letrekin konexio berezia duzula. Baina oraingoan nola sentitu dituzu letrak?

Ohituta nago besteenak abestera, bai, neure-tzako oztopo bat baita letrak idaztea. Musikalki dena aurrera doa baina letra egitea muga suertatzen zait. Asierrekin aspalditik nabil lanean eta haren hitzak barneratzen ditudanean emozioak eragiten dizkidate; noski, berak pertsonalizatu egiten ditu, nire barruan bezala jartzen da eta sartu egiten nau letretan. Oraingoan ere, idazle hauekin, sentitu dut identifikazio hori, eta gainera nire-tzako oso aberasgarria izan da beraien letrak aztertzea, idazleek nola funtzionatzen duten eta nola lan egiten duten ikustea. Ikusi dut denak desberdinak izanik ere badituztela an-tzekotasunak, formetan edo erabiltzen dituzten baliabide literariotan, esaterako. Era berean, bideak zabaltzeko modu bat ere izan dela uste dut, elkar ezagutu dugu eta etorkizunerako ere aberasgarria dela iruditzen zait.

Musikari dagokionez, kolore desberdinak aurkitu daitezke ‘Barne basoetan barna’ honetan.

Beti egiten dut ateratzen zaidana. Egia da nire estiloa gehienbat rock-etik doala, baina egia da pop elektronikoa ere gustatzen zaidala, baita abesti akustikoak ere. Diskoa Galde kanta akustikoarekin hasten da, gitarra eta ahotsa, eta singlea hori izanik jendeak pentsa dezake gero diskoa ildo beretik joango dela, baina ez da horrela. Rock, pop, elektronika... denak nahastu ditut. Eta nabarmentzekoa da ere oso disko kantatua dela. 45 minutu baditu diskoak, horietatik 40 pasako ditut kantuan seguru aski.

Asko ez ezik, oso erregistro desberdinetan ere abestu duzu.

Bai, eta egia esan oso pozik nago ahotsekin. Hau oso gauza teknikoa da, baina EH Sukarrarekin baino tonu erdi gorago afinatu dut gitarra, nire tonu naturalean abestu dut oraingoan, hala egiten nuen Lorelei eta Norton Klub-en ere. Horrek eskatzen dizu gora zoazenean pixka bat gehiago estutu behar duzula, baina gero nota grabeak egiteko errazagoa gertatzen da, eroso nago modu honetan abesten.

Konposizioari buelta asko ematekoa zara?

Egia esan, ez, ez naiz gehiegi konplika-tzen. Kantuak nahiko naturalki egiten ditut, bueltatxo batzuk ematen dizkiet, baina kantuak, oro har, hasi eta bukatu egiten ditut. Lehen, zirriborro asko egiten nituen eta orain gero eta gutxiago. Gero, behin kantak eginda daudenean, aukeratzerakoan bai eman diet buelta dezente, behin eta berriz entzun ditut eta hor erabaki dut zein sartuko nituen diskoan eta zeintzuk ez, saiatu naiz ahalik eta aukeraketa onena egiten, soberan zegoen kanturik ez zedin egon eta denak izan zitezen atseginak.

Instrumentazioa nola landu duzu?

Neuk egin dut dena: baxuak, teklatuak, gitarrak... Etxeko laborategian egiten dut dena. Eta grabatu ere neuk egin ditut instrumentu denak, bateria izan ezik. Kasu honetan Loiolak (Loiola Madera, EH Sukarrako bateria) neuk emandako programazioak ikasi zituen eta bereak dira diskoko bateriak. Grabazioak Sabin Kareagarekin egin ditugu, Bilbao Rock Estudioan.

Elektronikarekin ere ausartu zara.

Bai, elektronika hasi zenean harrapatu egin ninduen, eta kuriositatea izan nuen nola egiten zen jakiteko. Hala, pixkanaka ikasten joan naiz. Baina, denbora baten ostean konturatu nintzen neure tresnak banituela nahi nuen musika egiteko. Beraz, esan daiteke, elektronikaz dakidan apur hori nire estiloari aplikatzeko erabiltzen dudala, estilo hori osa-tzeko.

Zuzeneko pare bat eskaini dituzu dagoeneko. Nola islatzen da diskoa zuzenekoan? Zein formatutan ari zara?

Bi emanaldi eskaini nituen Eibarren, Ez Dok tabernan, aurkezpen bezala eta froga bezala ere bai. Formatuari dagokionez, programazioez, teklatuez eta gitarrez neu ardura-tzen naiz, eta gero bidelagun izan ditut bi kontzertu hauetan Loiola Madera baterian eta Axier Kiriketa baxuan. Baina ez da talde finko bat, gaur egun musikari asko proiektu desberdin askotan dabiltza, mugimendu handia dago eta musikarien disponibilitatearen arabera beste musikari batzuk egon daitezke beste momentu batzuetan.

‘Crowdfunding’ kanpaina bat izan duzu martxan diskoaren finantziazioari bultzadatxo bat emateko. Nola joan da?

Zertxobait ateratzea lortu dut eta pozik nago, laguntza beti dator ondo. Autoekoizpenak hori du, dena zeuk egin behar duzu eta. Disko hau ateratzea izan da, nolabait ere, burugogorkeria ariketa bat. “Egin nahi dut eta egingo dut”. Gainera, bederatzi urtez zigilua lo eduki ondoren, Barne Recordsekin atera dut, neure zigiluarekin. Horrekin atera nituen bi disko Norton Klub-ekin, eta beste bat EH Sukarrarekin, zuzenekoa, hain zuzen. Galdezka aritu nintzen eta ikusi nuen autoekoizpenerako baldintzak erraztu egin direla garai batetik hona, orain bidea errazagoa da duela bederatzi urte baino, ziurrenik gero eta jende gehiagok hartzen duelako autoekoizpenaren bidea. Jabego intelektualeko baldintza eta kanonak, kostuak eta abar jaitsi egin dira. Eskuragarriagoa da.

EH Sukarrarekin ere aktiboan zaude. Bi proiektuak bateratuko dituzu orain?

Bai, EH Sukarra aktiboan gaude eta, egia esateko, gabon inguruan bi kontzertu oso ederrak eman genituen, bizipoza ematen dizuten horietakoak. Eta honekin ere asmoa da ahal den neurrian kontzertuak ematea. Joango gara ikusten.