Hegazkina Tenerifeko iparraldeko aireportura hurbiltzen ari da. Orduan, Teide mendiaren gailur paregabeak (3.718 metro) gure arreta osoa hartzen du. Ez da harritzekoa: Sumendia bakarrik ageri da hodeiz osatutako itsaso moduko batean. Ibarren artean isil hedatzen den estalki zuria. Kanariar Uharteetako fenomeno meteorologiko ohikoenetako bat da. Eta ez da batere ezaguna. Alisio haizeek bultzatutako hodei horiek artxipelagoko sumendi eta mendikateen gailurren kontra jotzen dute ia egunero, eta bertan geratzen dira, desberdintasun termikoa dela eta. Baina ez dute euririk ekartzen, normalean. Barruan gordetzen duten hezetasuna giroan nabaritzen da, hori bai. Ur birjina da, erabat. Ozeano Atlantikoak sortu berri duen ura, aparteko kalitatezkoa, baina lurrean oso denbora gutxi irauten duena. Ur tanta ñimiñoren forma hartu eta aurkitzen dituen oztopo txikien gainean geratzen den une laburra. Gero, desagertu egiten da. Edo horrela izan da orain arte, behin-tzat. Theo Hernando tenerifetarrak garaiz harrapatzea lortu du.
Theo miretsita egon da fenomeno honekin, nerabea zenetik, eta obsesio txiki bat eduki du: Baliabide garrantzitsu bat alferrik galtzen uzten egon garela. Beraz, ur hori hartzea erabaki zuen. Gaur egun 35 urte ditu Theok eta nekazaritza arloko ingeniaria da. Duela urtebete Garoé izeneko produktua merkaturatu zuen, laino ur botilaratua, gizakion kontsumorako, modu iraunkorrean bildutakoa, bakarra munduan. 15 urtez ikertu ondoren, Theok lortu zuen hain bizi laburreko ur tanta horiek jaso eta botilaratzea.
Lainoa biltzea bera, ekintza zientifiko moduan, Txilen sortu zen, Atacamako basamortuan, 60ko hamarkadan. Peruko leku batzuetan ere egiten zen. Kanariar Uharteen geografia antzekoa daukate. Hodeiek ia ez dute hiririk ez kutsadurarik aurkitzen bidean, itsasotik datozela, eta planetako zerurik garbienetako bat zeharkatzen dute. Txileko laino harrapariak 80ko hamarkadan inportatu ziren Kanariar Uharteetara, ikertzaile batzuen ekimenez. Horietako bat Luis Santana Perez izan zen, institutuko irakaslea. Theok hitzaldi batean izan zuen bere berri lehen aldiz, eta zera pentsatu zuen: “Nik nagusitan hori egin nahi dut”.
Hala ere, XVI mendeko Espainiako kronistei kasu eginez gero, ekimen horiek ez ziren inoiz uharteetatik irten. El Hierro uharteko indigenek Garoé zuhaitza gurtzen omen zuten, bere hostoen bidez ura hartu eta destilatzeko aukera ematen zuen ezki handi moduko bat zen. Herritar eta abere guztiek hortik edaten omen zuten. Garai batean artxipelagoa mundu ezagunaren amaiera zen, eta istorio horiek ipuin eta kondairak ziruditen, baina 1948an, El Hierroko artzain batek bere herrixka lehorte handi batetik salbatu zuen, zuhaitzeko ura hartuz. Hala ere, hamarkadatan zehar teknologia horrek ez zuen garapenik izan. Sare lau batzuk baino ez ziren, Theo Hernandok 2008an azalera laukizuzen batzuk asmatu zituen arte. 80 km/orduko haizeari ere eusten zioten eta aprobetxamendu eta zehaztasun handia lortzen zuten: 500 litro ur ere lortu zitezkeen egunean. Horren aurretik, 60 edo 70 baino ez ziren. Gainera, sistema horrek ez du kanpoko energiarik behar, mantentze-lana oso txikia da eta hartu behar duen azalera %90 txikiagoa da. Inpaktua askoz txikiagoa da.
XEDE SOZIALA OINARRI Theoren asmakizunak xede sozial bat zeukan: euri gutxi egiten zuen lekuetako komunitateen eta nekazari herrien ur baliabideak hobe-tzea. Baina, 2012an, inbertsiogile talde batek aukera ona ikusi zuen laino ur hori jatetxeetan ematen hasteko. Horrela egin zuten, boutique eta gourmet dendetan arrakastaz salduz. Hala ere, krisi ekonomikoak eta inbertsiogile talde bitxi haren arteko adostasun ezak negozioa etenda utzi zuen. 2016an Theok ideiari berrekin zion bere senide eta lagunen babesarekin, ia artisautza erako ekoizpena eginez. “Produkzio txiki bat egin eta ur berezi bat lan-tzea da asmoa, kontu handiz”, azaldu du.
Baina Garoé ez da hodeietatik ura ateratzen zuten natiboei egindako omenaldi soila; Theok bere karrera amaierako proiektua egin zuen eta historia honi hasiera eman zion lekura itzultzeko asmoa ere bada. Marka berriaren kristalezko botilak betetzen dituzten euri tantak Teide mendiaren Corona Forestal eremutik hartzen dira, 1.747 metroko garaierako gailur batean. Bertan, ingurumen zaintzarako El Gaitero estazioan, zero graduko tenperaturan, lehen prototipoak instalatu zituzten duela hamar bat urte. “Hemen pasatu nuen gaztaroa. Nire lagunak asteburuetan parrandan zihoazen bitartean, ni mendi honetara igotzen nintzen hotza pasatzera, irratirik gabeko auto batean, neurketak egitera”, gogoratzen du orain ingeniariak. “Ezin zela esaten ziguten, ezinezkoa zela”, gogora-tzen du Theok.
Orain ez dauka atsedenik. Azken urtean itsasoko energia berriztagarrizko sistema bat patentatu du, grabitatean oinarritua, eta lainoak eragin handia daukan errepideetan istripuak murrizteko proiektu bat aurkeztu du. Hitz dotore eta lausenguak areagotu egin zaizkio azken aldian. Familiako negozioaren arrakastan fede handiena duena Ian da, bere sei urteko iloba. Egun laino-tsuetan, zerura begiratu eta esaten du: “Ikusten hodei horiek guztiak? Nire osabarenak dira!”.