Mende laurdeneko ibilbidean ikasitakoaz eta aldatutakoaz mintzo da Joxemari Carrere (Pasai Donibane, 1963) bere azken ikuskizunean. Hasierako kontaketa saioetatik gaur arte 25 urte pasa dira, eta urte hauetan guztietan osatutako ipuin ikuskarietatik ipuin seinalatuenak eta bere kontagintzan esanguratsuenak izan direnak bildu ditu.

Zer aurkituko du ikusleak ‘The best of Joxemari Carrere’ ikuskizunean?

Hain justu, azken 25 urteetan egindakoaren ibilbidea da. Garai bateko ipuinak, oraingoak... Egindakoaren bilakaera bat da. Esan daiteke atzera begirakoa egin dudala, non nagoen ikusteko. Agian, ikusleentzat baino, niretzat da ikuskizuna.

Beharra sentitu zenuen horrelako ikuskizun bat egiteko?

Kasualitatez izan zen. Logroñoko taberna batean kontaketa egitarau bat antolatzen dute orain dela 25 urtetik. Nik uste dut espainiar estatuan dagoen programazio zaharrenetakoa izango dela. Joateko eta zerbait konta-tzeko eskaini zidaten. Behin baino gehiagotan egon naiz han, baina ez nekien zer kontatu. Orduan burura etorri zitzaidan nik ere 25 urte daramazkidala kontatzen, eta hor jaio zen ikuskizuna. Han eskaini nuen lehen aldiz, neguan, eta ondoren, hobe prestatu eta Errenteriako Niessen antzokian eskaini dut uda honetan.

25 urte ez dira gutxi. Nola iritsi da Joxemari Carrere honaino?

Konturatu gabe, egia esan. Izan ere, denbora ez baduzu kontatzen ez da existitzen. Beste batzuek 25 urte bete dituzte irakasle edo fabrika batean lanean. Nik neurea egiten eta aurrera eginez, ez dago besterik.

Txikitatik izan zenuen ipuinekiko interesa?

Ez. Antzerkian hasi nintzen 16 urterekin. Hortaz, ezagutzen nuen eszenatokien mundu hori. Ipuinekin kuriositatez hasi nintzen. Koldo Amestoy ezagutu nuen, berak ipuinak konta-tzen zituen aspalditik. Hazparnen jaialdi bat antolatzen zuen Amestoyk eta hara joaten nin-tzen. Antzerkia egiten baduzu horrelako gauzak ere erakargarriak dira oso, baina ezer handirik planifikatu gabe sortu zen dena. Garai horretan, gainera, ez zeuden kontaketa asko ikusteko. Kuriositatea izan zen guztia; mundua mugitzen duen makina da kuriositatea.

Antzerki mundutik kontalaritzara pasa zinen. Hain desberdinak dira bi munduak?

Lengoaia desberdinak dira, baina oinarri bera dago sormenean. Zerbait sortu eta kontatu beharra da gakoa. Gero formatu desberdinetan aurkezten da: margoa, musika, dantza, kontalaritza, antzerkia... Kontalaritzan eszenatokia ez da zertan antzokia izan behar. Taberna bat edo liburutegia izan daiteke. Oso eklektikoa da zentzu horretan. Baina arte eszeniko bat da eta jendaurrean aritzen zara.

Zein irizpiderekin hautatzen dituzu ipuinak?

Segun. Batzuetan badut ideia bat edo interes bat buruan, eta ipuinen bitartez mamitzen dut. Adibidez, emakumeen biolentziari buruzko ideiak nola islatu ipuinetan? Beste batzuetan, enkarguak izaten dira. Adibidez, Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka enkargu bat izan zen. Inspirazio iturriak alde askotatik agertzen dira. Baina oinarria beti berdina da: zertaz hitz egin nahi dudan. Hortik kontaketa formatura eramaten duzu.

Argi zenuen azken ikuskizun honetan zein ipuin sartu eta zeintzuk ez?

Ez. Asko kanpoan gelditu dira, ezinezkoa zelako guztiak sartzea. Argi nuen zer kontatu nahi nuen, nola kontatu eta nolako bilakaera izan behar zuen. Ipuin asko nire ibilbidean oso adierazgarriak izan dira. Hasieratik gainean eraman ditudanak edota oraindik kontatzen ditudanak, eta hortik atera dut lagina. Nire-tzat behintzat oso baliagarria izan da norberaren ibilbidearen gogoeta egiteko: zertan eman dut denbora, zergatik egin dudan gauza bat eta ez bestea... Hori da publikoari eskainiko diodana. Nire lana, baina baita euskal kontalaritzaren inguruko hausnarketa ere. Non geunden lehen eta non gauden gaur egun.

Nola ikusten duzu zure burua eta euskal kontalaritza 25 urte geroago?

Orain kontzienteagoa naiz. Hasieran, intuizioz egiten nituen gauza asko, baina orain askoz gehiago dakit eta beste ikuspegi batzuk ditut, bidean ikasi ditudanak eta nire gogoetak, esaterako. Hasieran nahiko esperimentala zen dena. Adibidez, ipuin tradizionalak gaurko-tzeko beharra oso garrantzitsua izan da nire ibilbidean. Ipuin tradizionalak ezagutzea, zabaltzea eta gaur egunera nola ekarri daitezkeen ikustea. Hori izan da nire gogoeta nagusiena, nire ustez.

Bestalde, euskal kontalaritzari buruz, esan dezaket gaur egun inoiz baino jende gehiago dagoela. Halere, susmoa dut atzera egin dugula. Kontalaritza gehiegi infantilizatzen ari da, edo dagoeneko infantilizatu da. Badirudi haurren mundura begira dagoen gauza bat dela. Gainera, haurren munduan ere zerbitzu gisa ikusten da eta ez gauza serio gisa. Baina kontalaritza sormen eta kultur jarduna da. Hori sendotzea falta zaigu eta bide horretan lan egitea. Izan ere, haurren munduan gelditzen dira kontaketa saio gehienak eta helduentzat saio gutxiago antolatzen dira. Liburutegietatik irtetea beharrezkoa da. Ez hori gaizki dagoelako, baizik eta gehiago zabaldu behar dugulako. Sormen bidea den heinean, proposamen desberdinak egon behar dira, beste edozein artetan bezala. Horretan aritu behar dugu, eta ez bakarrik kontalariok, kultur eragile guztiek baizik.

Gutxietsita dago kontalaritza?

Zerbaitetarako balio duen tresna modura ikusten da. Haurren aisialdian jartzen da arreta eta ez bere horretan duen garrantzian. Gogoetarako bidea edo sormenerako bidea bat da. Noski balio dezakeela gauza askotarako, zinemak edo antzerkiak bezala, baina bere horretan du berezko garrantzia. Hori da lortu behar duguna.

Ipuin guztiek balio dute kontaketarako?

Guztiek balio dute, kontua da nola kontatzen duzun. Nik bereiziko nituzke ipuina bera eta kontaketa bera. Kontaketaren barruan ipuinak daude baina kontaketa ez dira bakarrik ipuinak, zabalagoa da: aurkezpena, trantsizioa, isiluneak... Ipuina kontaketa horren barruan kokatzen da. Hortaz, ipuin bat kontatzerakoan kontalariak egin behar ditu galderak: zertarako kontatu, norentzat, zer bilatzen den... Oso desberdina da, adibidez, ipuin bat kontatzea momentu batean edo ordubete irauten duen ikuskari bat egitea. Kontaketan kontalaria da funtsezkoa, hitza jarriko dio ipuinari bere ikuspegitik eta bere hitzetan.

Buruan duzu gogoangarria edo adierazgarria den ipuinen bat?

Asko ditut. Penintsula osoan oso zabalduta dagoen ipuin bat gustatzen zait. Haurrei kontatzen zitzaien, eta, egia esan, nahiko krudela da. Jose Miguel Barandiaranek Errenteriako bertsio bat jaso zuen, baina Oñatin eta Nafarroan ere badaude beste bertsio batzuk. Beñardo deitzen da ipuina eta bertan kontatzen da nola ama batek bere seme-alabak kozinatzen dituen eta gero aitak jaten dituen. Politikoki ez da oso zuzena haurrei kontatzeko, baina niri asko gustatzen zait, eta haurrei ere bai. Valentzian, Extremaduran eta Portugalen ere antzeko bertsioak daude. Krudela da, baina sinbologia handia du. Zergatik kontatzen zen ipuin hau? Zer kontatu nahi zen? Horiek dira galderak. Baina ipuin dibertigarriak eta politak ere badira. Denetarik dago.

Euskal Herriko ipuinez gain munduko ipuinak ere asko landu dituzu.

Bai, ipuinak bilatzerakoan mundu osoko ipuinak bilatzen ditut. Orduan konturatzen zara munduko txoko guztietan, bai hemen, bai Islandian eta bai Mazedonian, gogoetak berdintsuak direla. Nortzuk gara, nondik gatoz, zer egiten dugu munduan, zer da bizitza... Mundu osoko ipuinetan agertzen dira hausnarketa hauek, modu batean edo bestean. Eta askotan antza dute ipuinek ere. Bitxia da; orain dela gutxi Islandiako ipuin batzuekin nenbilen, eta XII. mendeko pertsonaia bati buruzko ipuin bat aurkitu nuen. Apaiza eta idazlea zen, eta orduan konturatu nintzen gure Axularren istorio bera zela. Gauza askok kointziditzen zuten. Bitxia da nola bidaiatu dezakeen ipuin batek leku batetik bestera.

Nola izan daiteke hori?

Hori da galdera. Islandia eta Euskal Herriaren arteko harremanak itsasokoak ziren, eta transmisioa hortik eman zitekeen. Bide hori da logikoena. Beste ipuin bat dago San Lorenzo Estuariokoa. Naskapi indioen ipuina da, eta bertan kontatzen da bazela arrantzale euskaldun bat bere alaba indigenen buruarekin ezkondu nahi zuena. Alabak, ordea, ingeles batekin ihes egin zuen. Gero esaten dute San Lorenzoko badian printzesa euskaldunaren irudi bat agertzen dela. Bitxia da nola nahasten diren kulturak. Ez da gauza berria, betidanik gertatu da. Horrek asko erakarri nau betidanik. Azken finean, zer da euskal ipuin tradizionala bat? Hemen kontatutako istorio bat da, baina beste leku batzuetan antzeko bertsioa kontatzen dute. Kultura bakoitzak berera eraman du, eta bere egin du. Garran-tzitsua da ohartzea gure kulturan kontakizunak izan duen garrantziaz. Kultur transmisioa mendeetan zehar ahoz aho eman izan da gurean, eta hor ipuinek garrantzi handia dute. Zaindu dezagun hori.