Ane San Miguel bilbotarrak, musika munduan Aneguria ezizenarekin ezaguna dena, abestea beti izan du gustuko. Gaztetan, Deustuko parkea zen gazteak elkartzeko tokia, eta bertan antolatzen ziren auto-kudeatutako estilo libreko topaketek rap musikara eraman zuen. “Kalean korroa egin eta bertan abesten genuen. Nik gauza asko nituen esateko, eta, jakin barik, rapeatzen hasi nintzen”, gogoratu du bilbotarrak. Gainontzeko gazteek abesteko eskatzen zioten, baina hor ere San Miguel ez zen arauetara egokitzen. “Melodia gehiegi erabiltzen dut rap hutsa egiteko, abestu egiten dudalako, baina era berean gauza gehiegi kontatzen ditut soilik abesteko”, azaldu du.
Gauzak kontatzeko bere nahiari erantzuna emateko reggeamuffin estiloa bere egin zuen. Reggae musikaren azpi-genero bat da honakoa, zeinetan instrumentazioa modu elektronikoan sortzen den. Beraz, estilo horretan mugitzen den abeslaria genuke Aneguria. “Niri historiak kontatzea gustatzen zait, bat-batean aritzea baino gehiago. Gauzak samurtasunez eta intentzioz egin behar direla uste dut”, nabarmendu du San Miguelek.
Egunerokoaz Horchata de chufa bere lehenengo lana argitaratu berri du oraintsu Aneguriak. Euskaraz abesturiko lau abesti biltzen ditu, eta haietako bakoitzaren dub bertsioa. Guztira zortzi abestiz osatutako lan honetan helburu nagusia “transmititzea” dela dio abeslariak. “Egun txar bat egun on batean bilakatzeko lagungarria izatea nahi dut”, zehaztu du. Egunerokotasuneko gauzen inguruan abestea gustatzen zait, benetan eragiten didaten gauzez”, nabarmendu du. Landutako gaien artean, besteak beste, aurrera egin ahal izateko egunerokotasunean oasiak sortu beharra, igandetako umore txarra edota itsasoan igeri egiteri dion pasioa daude.
Aneguriak ez du bereziki gustuko estudioko lana. “Estudioko kabina batean lau hormen artean zaude, eta horrelakoetan gorputza hoztu egiten da”, aitortu du. Hala ere, Bartzelonako Chalart58 ekoizle eta musikaria ezagutu zuenean eta Horchata de Chufa grabatzeko aukera sortu zenean ez zuen bi aldiz pentsatu. “Gustora aritzen nintzen berarekin, lan egiteko bideak naturalagoak ziren”. Hortaz, lan berri honek Bar-tzelonako soinua eta, zehazki, Chalart58 artistaren soinua nahasten ditu. Horrexegatik, diskoko abesti bakoitzak bere dub bertsioa dauka, orotara zortzi abesti osatuz. “Lehenengo aldiz, elkarrekin base musikala sortu genuen eta, ostean, riddim edo doinu bakoitzaren energiari erantzuna emanez, letrak idatzi nituen”, zehaztu du Aneguriak.
Zuzenekoen berezitasuna Zuzenekoak dira Aneguriak benetan gozatzen dituen uneak. Egunotan Japonen ari da kontzertuak eskaintzen, baina laster gurean izango da berriz, hitzordu berriekin. Zuzenekoetarako “eskaintza ezberdinak” dituela argitu du San Miguelek: “Egoera ezberdinetara egoki-tzea gustatzen zait, publikoa edo lekuaren arabera emanaldia egoki-tzea”. Horrela, perkusio afrikarrarekin edo dub bertsioekin gozatzeko aukera dago bere kontzertuetan. Aurrera begira, EP berriak sortzea gustatuko litzaioke, hiri ezberdinetako ekoizleekin, “soinuen bilduma ezberdinak” osatuz.
Rap musika munduan ohikoa denez, kolaborazio ugari egin ditu artista bilbotarrak. “Rap-a kaleko oihartzuna jasotzen duen musika da; kalean, parkeetan, besteekin elkartuta egiten dena da”, dio San Miguelek. Besteak beste, Chalart58 berarekin, La Basu-rekin, Bad Sound Systemekin eta Fermin Muguruzaren Black is beltza proiektuan ere kolaboratu du Aneguriak. “Egundoko esperientziak izan dira denak, opari bat. Ederra da besteengandik ikastea eta jendeak nola lan egiten duen ezagutzea”, nabarmendu du bilbotarrak.
Euskal rap eta hip-hoparen eta emakume musikarien normalizazioaren alde ere buru-belarri dabil Aneguria. Duela hiru urte, La Basurekin batera, Eskina Femenina proiektua martxan jarri zuen, Hip-hop mugimenduan dabiltzan emakumeen lanak identifikatu eta partekatzeko. “Youtubeko gure kanalean hamaika ordu eman ahal dituzu emakumeek egindako hip-hop musika entzuten, eta Facebook-eko gure komunitatea bizia da oso”, nabarmendu du. Euskarari dagokionez, baina, hutsunea nabari du Aneguriak: “Bertsolariez gain, euskaraz bat-batean oholtzan aritzen den emakumezko bakarra naizela esango nuke”.