Duela zenbat bizi zara Marseillan?”, galdetu dit dendariak. Nik txundituta begiratu diot. Hiri honetan nahikoa da aste batean janari-denda beretik hiru bat aldiz agertzea bati Marseillakoa noiztik ote den galde-tzeko. Agian, erantzun ona honakoa litzateke: “Gaurtik hasi eta etzi arte”.
Berdin da frantsesez kostata min-tzatzea. Edo txintik esateko gai ez izatea. Berdin du hitz egiten ez baduzu ere. Berdin du inguruko kaleak ez ezagutzea. Posible da noizbait Marseillakoa izatea bizitza honetan. Eta merezi du, zalantzarik gabe. Marseillakoa izatea munduko edozein lekutakoa izatea delako, dela antipodetakoa dela Proventzako herrixka batekoa. Hori bai, baldintza bat dakar berekin: hona bazatoz, zure munduaren parte bat hiri honetara ekarri behar duzu. Edo mundu berri bat sortu. Baina zurea dena kale hauen bizitzara gehitu behar duzu.
ANIZTASUNAREN ISLA Marseilla Frantziako bigarren hiri handiena da, Parisen ondoren. Hemen ez dago Eiffel dorrerik, ezta Louvre museorik ere. Jendea bera da monumentua hemen. Badira juka, manioka, Marseillako xaboia eta Alepokoa, grafitiak, kaleko artea, rapa, imanak otoitz egiteko, eliza baten ezkila orduak emateko, tranbia, kontrabandoko tabakoa eta haxixa eskaintzen duen kantoiko tipoa, soinekoak egiten dituen andrea, jatetxe ukrainarra, ile-apaindegi afrokaribetarra, moja-etxea (putetxearen ondoan), lurrin-usaina eta estolda-usaina duen lurrina, markako boutique-ak... Eta argia du. Eguzkia eta Mediterraneoa. Baita kale estu eta hotzak ere. Halakoa da Marseilla: dena eta ezereza. Mundu osoaren erakusgai bat. Hiria merkataritza-portu gisa sortu zuten duela hiru mila urte, eta egun, hiri honek mundu osoaren nahasketa eta mestizajearen ate izaten jarraitzen du. Aberatsa aniztasunean. Askotan, baina, den bezalakoa izateagatik estigmatizatua ere izan da.
Hain zuzen, marseillarrekin izan genuen lehen harremana portu zaharrean izan zen: Marokoko neska-mutiko batzuk ezagutu genituen; bainujantzian plisti-plasta ari ziren, Saint Jean gotorleku ondoko harri batzuetan. Haietako batek hiru egun zeramatzan bakarrik hirian, beste batek sei hilabete, Italian bizi-tzen egon ondoren. Beranduago, Kaputxinoen kalean, Noalles merkatuan, James izeneko saltzailea bere postuko salerosgaiak saltzen saiatu zen: banana batzuk, mota guztietako frutak eta belar aromatikoak. James Komora uharteetan jaio zen; Komora uharteak Madagaskarreko iparraldearen eta Mozambikeko iparraldearen arteko urrutiko artxipelago bat dira, Indiako Ozeanoko hiru uhartek osatutako herrialde bat, eta jakina, Frantziaren kolonia izandakoa. Komoreetako biztanleak hiri honetako bigarren komunitatea dira, magrebtarren ondoren.
Marseilla, era berean, sinesmen judua duten biztanle gehien duen hirugarren hiria da Europan. Eta antigoaleko saltzaileen auzoan eliza greko bateko apaiz bizardun batekin gurutzatu ginen. Nahiz eta Armeniako eliza apostolikokoa ere izan zitekeen, hau baita, Kaukasoz kanpo, fededun gehien duen lekuetako bat.
Jamesek ez zuen gure erreportajerako argazki bat ateratzerik nahi izan, oraindik paperak legeztatu gabe zituela zioen, eta hori iskanbila izan zitekeela. “Bizitza zaila da, paperak, polizia eta hori guztia”, zioen. Bere nagusia berekin oso pozik zegoela kontatu zigun, arabieraz, frantsesez eta ingelesez hitz egiten duelako, baina ez ziola begirik kentzen, eta “agure erretxina” zela ere bai. Lanean utzi behar izan genuen, beraz.
Handik ez oso urruti, Rue Fongaten, ilea mozteaz gain, musika jarri eta bere bezeroei edaria eskaintzen zieten, ile-apaindegi afro batean, gauerdia pasata ere. Kale horretan gora, azala harrotua zuen eskailera zirrimarratu batzuek Cours Julien plazara bide ematen dute. Han, gazteak, artistak, musikariak ikasleak, txirrindulariak, turistak, eta luthier bat ere biltzen dira. Gauez, zalapartak tabernak eta jatetxeak gainezkatzen ditu; egunean zehar, ordea, familien eta neska-mutilen algara da eremuan nagusi, plazan bertan dagoen musika-eskolara, jolas-parke txikira, petanka-jokalekura eta bazter horri bizitza ematen dion arte-eskolara bidean. Noalles auzoa batzen duen bihotza da plaza hori.
2013an Marseilla Europako Kultur Hiriburua izan zen. Zoritxarrez, baina, energia- eta kultura-zaparrada horri guztiari probetxu atera beharrean, udalak higiezinen espekulazioko makroproiektuak eta proiekzio megalomanoak bultzatzeko erabili zuen aukera bikain hura; hau eta antzeko beste herri-arrondizamenduetan etxebizitza eraikin osoak literalki dinamitatu zituzten auzoak birgaitzeko. Komunitate gehienak bertatik kanporatzeko proiektuak ziren. Hala ere, emigrante, iheslari, familia xume eta langileen arteko energien herri-nahasketa hori izan zen auzoa aurrera atera zuena, gazte, sortzaile, ikasle, unibertsitario eta merkatariekin elkartasunean; eta kultur hiriburutza igarotakoan, dena eta ezereza den hiri baten zimenduak jaso zituzten.