Bere izena ez da oso ezaguna, baina munduko tabernarik famatuena da agian. Bar Vitellik mende bat bete du eta ireki zuten garaiko estilo bera dauka. Landarez beteriko terraza batek ongietorria egiten dio bisitariari, eta barruan Giannirekin topo egin dugu. Gazteak hamar urte daramatza zerbitzari lanetan. Taberna berea balitz bezala sentitzen du: “Turistak egunero iristen dira zerbait edatera eta Michael Corleone eseri zen aulki berean esertzera”, kontatu du.

Askok uste dute XX. mendeko biblia zinematografikoa, hau da, Francis Ford Coppolaren Il Padrino filma, Siziliako Corleone hirian grabatu zela. Ez da egia, ordea. Italiari erreferentzia egiten dioten filmaren pasarterik gehienak Savoca herrian grabatu ziren. Pelikula ikustean arreta jartzea besterik ez dago Vitelli taberna aurkitzeko. Michael Corleonek (Al Pacinok) bertako jabeari eskatu zion bere alaba Apollonia Vitellirekin ezkontzeko. Eta handik metro gutxira, Savocako elizan, Michaelen eta Apolloniaren arteko ezkontza grabatu zen.

SORPRESA ATSEGINA

Ford Copollak kasualitatez deskubritu zuen Savoca. Il Padrinoko lan-taldeak Taorminan hartu zuen ostatu eta eszenatokiak aurki-tzeko ondoko herriak bisitatzeari ekin zion. Zuzendariaren helburua zen Corleonen grabatzea, Don Vito patriarkaren jaioterrian, baina Siziliako agintariek gomendatu zioten bertara ez hurbiltzeko. Mafiaren esku-hartzea oso handia zen eta arazoak izan zitzaketen. Ford Coppollak, etsita, laguntza eskatu zion Taorminako noble bati eta honek esan zion Savocara joateko. Zuzendaria txundituta geratu zen herriaren edertasunarekin.

Savoca Taorminatik 20 kilometro iparraldera dago eta bertara iristeko sigi-saga egiten du bideak. Olibondoen artetik, mendixkaren magalean, eliza nagusia ikusten da. Antzinako gotorlekuak eremu guztia kontrola-tzen du.

Vitelli tabernaren barruan Il Padrino filmeko pasarte eta argazki anitz aurki daitezke. “Filma grabatu zuten bitartean, Ford Coppolak eta Al Pacinok eguneroko harremana izan zuten Savocako herritarrekin. “Oso ohikoak ziren zuzendariaren eta aktorearen hizketaldiak gure aitona-amonekin. Hemengo ohiturak hurbiletik ezagutu nahi zituzten”, azaldu du Giannik. Eta irribarrez erantsi du: “Baina beti itzultzaile bat behar zuten. Ford Coppola eta Al Pacino italiar jatorrikoak dira, baina ez dute italieraz hitz egiten. Ezta gure aitona-amonek ere. Garai hartan siziliarrez mintzatzen ziren guztiak”, kontatu du.

ZINEMAREN IRAULTZA

Gianniren arabera, amerikarren iritsierak iraultza bat eragin zuen Savocako biztanleen egunerokotasun lasaian. 1970. urtea zen eta Siziliako herrixka askotan XX. mende hasieran bezala bizi ziren. “Ordura arte ikusi genituen amerikar bakarrak II. Mundu Gerrako soldaduak ziren”, kontatu digu gazteak. “Hollywoodeko izar handiak bideokamera handiekin, garabiekin eta fokuekin agertu ziren herrian. Hankaz gora jarri zuten Savocako biztanleen egunerokotasuna. Herritar gehienek figurante gisa agertu nahi zuten filmean, gero senitartekoei erakusteko”, kontatu du.

Izan ere, garai hartan Siziliako familia guztietan zegoen Amerikako Estatu Batuetara alde egindako kideren bat. Miseriak jota, XIX. mendearen amaieratik XX. mende erdialdera bitartean 30 milioi italiarrek emigratu zuten Ameriketara. Hori da, hain zuzen, Il Padrinok maisuki kontatzen duena. “Iragan mende hasieran Sizilia ez zen helmuga turistikoa eta estatuak ahaztutako zonalde asko Cosa Nostra mafia erakundearen eskuetan zeuden”, azaldu du Giannik. Filmean, halere, ondo baino hobeto azaltzen da mafia siziliarraren tentakuluak indartsuagoak zirela AEBetan Sizilian bertan baino.

Giannik Savocako zinemaren museoan lan egiten du tarte libreetan. Gazteari asko gusta-tzen zaio atzerritarrei herriaren nondik norakoak azaltzea eta poztu egiten da alde zaharreko kale estuetan bisitariak ikusten dituenean: “Savoca ez da udalerri turistikoa, baina, aldi berean, zinemazale askoren bisita jaso-tzen du”.

Bada, Michael Corleoneren aulkian esertzeak ez du preziorik.