Ezinezko orekak egitea, jarrera arraroetan abestea, buruz behera ibiltzea eta oinekin margotzea ez da arraroa Shakti Olaizola bihurrikariarentzat. Postura horiek eta gehiago taularatuko ditu gaur Leioako Umore Azokan, Baldin Bada ikuskizunean, musikaz lagunduta. Zirkua, bihurrikatzea, akrobazia, dantza, an-tzerkia eta pintura baliatu ditu musikari eta margolari samur baten bihurrikeriak eta abenturak kontatzeko.
Arte Ederrak ikasi zituen Olaizolak eta txikitatik maite du margotzea. Margolaria izan nahi zuen, baina, zirkua ezagutu eta ikuskizunen munduak bere ibilbidea zeharo aldatu zuen. “Zirkuaz maitemindu nintzen eta bete-betean sartu nintzen horretan”, kontatu du. 2006. urtean izan zen hori, eta ordutik ez du etenik hartu. Oraingoan, maite dituen bi diziplinak batu ditu eta ikuskizun “ezin eroagoa” osatu du.
Sinopsia aurreratu du Olaizolak: “Margolari eta musikari baten erokeriak eta zentzugabekeriak ikusiko ditugu gertutik. Margolari bitxi honentzat margotzeko ekintza sinplea izugarrizko abentura izan daiteke. Gainera, aurrean duen publikoa ikusita, beti egin nahi izan dituen burutazio zoroak saiatzea erabaki-tzen du. Oso traketsa da, baina bere baldartasunaren bidez dituen trebetasunak erakutsiko dizkigu: oinekin margotzea, ezinezko orekak, jarrera arraroetan abestea... Hori guztia kidearen doinu eta trebetasun musikalarekin lagunduta, bere margo abenturen konplizea izango baita”.
Zirkua, kontortsioa eta akrobazia ezagutu zituenetik marrazketa alde batera utzi zuen Olaizolak. “Astirik ez, eta noizbehinka baino ez nuen hartzen arkatza”, dio. Hala ere, gogoa zuen aspalditik marrazketarekin ikuskizun bat ontzeko, eta buruari hainbat buelta eman ostean, horren emaitza da Baldin Bada ikuskizuna. “Nire bi diziplina maitatuenak dira eta nahasketa interesgarria iruditzen zitzaidan”. Joan den urtean hasi zen ideiak biltzen eta lanari ekiten.
MUSIKAZ LAGUNDUTA Ez da lehenengo aldia Olaizolak horrelako ikuskizun bat egiten duena. Duela hiru urte estreinatu zuen Irakurriz, hau ere Leioako Umore Azokan. Zer gertatzen da irakurtzen dugunean? Hori taularatu zuen Olaizolak kontortsionismo pieza haren bidez. Bakarka aritu zen orduan, eta oraingo honetan Joseba Negro musikaria du bidaide. Trikitixa eta teklatua joko ditu Negrok, eta Olaizola bezala buruz behera ariko ez den arren, ikuskizunean “integratuta” egongo da. “Ez da musikari soila izango, nirekin ibiltzen da alde batetik bestera eta istorioaren parte da”, azaldu du artistak. Argi zuen hasieratik musikari baten laguntza nahi zuela eta Negro ezagutu zuenean hasi ziren ideiak lantzen. Emaitzarekin pozik gelditu da, eta joan den ostegunean Leioako Umore Azokan estreinatu ostean, gaur Udondo Boulevardean eskainiko dute ikuskizuna, 20:30ean.
Besteak beste, emanaldian buruz behera eta oinekin margotzen ageri da Olaizola taula gainean. Edozein pertsonarentzat ezinezko jarrera izan arren, gustura aritzen da horrela. “Egia esan, pentsatzen nuena baino erosoagoa da”, aitortu du. Oinetan pintzelak ditu, baina ezin du ikusi margotzen duena: “Horregatik mugimenduak buruz ikasi behar ditut eta beste modu batean sentitu. Oso dibertigarria eta eroa da”, kontatu du. Asko landu behar izan du Olaizolak bere gorputza egiten dituen ezinezko mugimenduak burutzeko. Gogorra da bihurrika-tzea eta entrenamendu luzeak egiten ditu. Emanaldiaren aurretik eta gero ere, asko berotu eta luzatu behar du. “Tentu handiz zaindu behar dut gorputza, nire tresna delako. Gauzak ongi egiten ez badituzu erraz hartu dezakezu min”.
ZIRKUAK LILURATUTA Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxean izan zuen Olaizolak zirkuaren eta akrobazien berri. Liluratuta geldi zen, eta klaseak hartzea erabaki zuen orduan. “Aldez aurretik dan-tzan aritzen nintzen eta horrek zer edo zer erraztu zidan. Gutxika-gutxika hasi nintzen, baina gero eta gehiago gustatu zitzaidan eta lehen ikuskizunak egitera ausartu nintzen, gaur egun arte”, azaldu du.
Obrak forma hartzeko hainbat egonaldi egin dituzte Bilbon, Katalunian eta Leioan. Diziplina anitzeko ikuskizuna da Olaizolarena eta, kontortsio eta akrobaziekin batera, pintura, zuzeneko musika, kantak, umorea, antzerkia eta sorpresak egongo dira oholtza gainean. “Oso intentsua izan da prozesua, baina era berean oso polita”. Etengabe eta murgilduta ibili dira entseatzen azkenaldian zuzendari eta koreografoaren lagun-tzaz, eta azken pausoa ematea besterik ez zaie falta: jendaurrean ari-tzea. Jimena Cavalettiren zuzendaritzapean aritu dira Olaizola eta Negro antzezleak. Koreografia, berriz, Maximiliano Sanfordena da.
Leioakoa ez da emanaldi bakarra izango. Ekainean Sevillako Circada jaialdian parte hartuko du Olaizolak, eta uda partean Iurretan, Donostian, Legazpin eta Huescan izango da, besteak beste.