Ez da maiz izaten idazle irakiar bat euskaraz irakur-tzeko aukera (ezta inguruko beste hizkuntzetan ere). Horregatik bakarrik balitz ere poztekoa litzateke Hassan Blasim Bagdaden sortutako ipuingilearen Kristo irakiarra euskarara ekarri izana. Zinema-zuzendari gisa egin zen lehenago ezagun Blasim, besteak beste Kamera zauritua filmari esker. Ihesean hainbat urte eman ostean, Finlandian jarri zen bizitzen 2004an, eta erbestean zela plazaratu ditu arabieraz idatzitako hainbat ipuin bilduma. Ingelesezko argitalpenak izan ditu beste hizkuntzetara jauzi egiteko zubi, eta hizkuntza horretatik abiatuta egin du Ana Isabel Moralesek euskararako itzulpen ederra, ikusezina bainoago nortasunez betea (mendebaldeko hiztegia, sintaxi malgua eta lexiko-hautapen ez beti errazena ezaugarri dituena, besteak beste).

“Irakiar literatura” sintagma irakurrita, erraza da bi klixe etortzea irakurleari burura: Mila eta bat gauak eta gerra. Bi-biak aipatzen dira Blassimen literaturaz hitz egiten denean, eta Kristo irakiarra irakurrita, berehala ohartzen da bat ezaugarri biok, marketinaz eta klixeaz haran-tzago, Blasimen obraren nortasun-ikur behinenetakoak direla eta idazleak jakin izan duela biak bere literaturaren alde erabiltzen. Ordea, ipuin hauetan badira beste elementu batzuk, hain erraz literatura irakiarrarekin lotuko ez genituzkeenak, demagun Kafka, absurduaren literatura eta errealismo fantastikoa, eta guztien konbinaziotik sortu dena literatura aparta da, ipuin liburu bikaina.

Irak eta Iranen arteko gerra, Kuwaiten inbasioa eta Golkoko gerra, Husseinen diktadura, atentatu suizidak... Horiek osatzen dute ipuin hauen paisaia, baina hala ere Blasimen ipuinetan lekukotasun historikoa bilatzen duen irakurleari hankamotz geratuko zaizkio kontakizunak, fikziora, irudimenera eta fantasiaren lurraldeetara lerratzen baitira kontagai diren gertaera lazgarriak. Arrazoiaren, errealitatearen eta gorputzaren mugak kolokan jar-tzen dira ipuin ugaritan: zulo batera erorita urteak daramatzaten gizon gizajaleak, beste baten gorpu-tza inbaditzen duen hildakoa, edo etortzekoak diren izugarrikeriak bere gorputzean aurresaten dituen soldadua dira ipuinetako protagonistetako zenbait. Eta inpresioa du batek Blasimek dioskula gerraren errealitatea soilik egoera irreal eta absurdu horiek sortuz ezagutu eta jaso daitekeela, ez testigantza errealistaren bidez. Errealitatea eta fikzioa josteko modu anitz horien bidez eta ipuingintza-tradizio ugariren oihartzunak jasoz lortzen du Blasimek, hain zuzen, narrazio bakoitza bakana eta berria izatea.

Edonola ere, fikzioa eta irudimena ez dira hemen goxagarri, egileak ez baitio uko egiten izugarrikeriak, gizatasunaren mugan dauden egoerak hizkuntza zuzenez eta beren gordinean deskribatzeari. Hizkun-tzaren hoztasunak eragozten du izugarrikerien kontaketak larregizko dramatismoa hartzea, baina baita irudi eta metafora ederren erabilerak ere (“Eguzkia distiratsu zegoen granada erraldoi baten moduan”). Ahozko hizkuntzatik hurbilekoa da bestetan hizkuntza, ipuin ugariren marko narratiboa aitzakia baita pertsonaia-kontalariei beren istorioa haien ahotik kontatzeko tartea emateko, eta ahozko kontakizunen xarmaren oihartzunak testuratzeko.