Hogei urte baino gehiago ditu jada Yogurinha Borova pertsonaiak, eta “ilusioz betetako emakume heldu eta sortzailea” da gaur egun. “Kasualitatez” hasi zen arte plastikoen munduan lanean, Las Fellini taldearekin froga bat egin ostean. Asteburuetan egiten zuen kontutxo bat izatetik, bizitzeko modua izatera igaro da lan hau eta, orduz geroztik, jairik jai eta tabernaz taberna ibili da Yogurinha Borova. Sortzailea da bera, eta horixe da gehien gustatzen zaiona. Oholtza gainera igotzea baino, berak nahiago izaten du sorkuntza prozesuan murgilduta ibili.
Bai, Sí, Yes (Gor Diskoak, 2013), Carbono Catorce (Gor Diskoak, 2011) eta Missex (Gor Diskoak, 2015) diskoen ostean, Poliamor (Gor Diskoak) du izena Yogurinha Borovaren lan berriak, erritmo dantzagarriak dituen pop diskoa. “Azken bolada honetan nire inguruan poli-maitasun asko dago. Baditut lagunak ez direnak bikote bat, baizik eta hirukote, oso modu naturalean. Nik uste dut posible dela aldi berean pertsona bat baino gehiago maite izatea”, uste du artistak. Ohiko emakume-gizon bikote normatiboez gain, Yogurinhak maitatzeko beste hainbat modu ere badaudela aldarrikatu nahi izan du bere lan berrian.
Eduardo Gaviña dago Yogurinha Borova pertsonaiaren atzean, eta diskoak badu bietatik, noski. “Sor-tzailea Yogurinha da; Eduardo arrazionalagoa da, kudeaketa guztiak egiten dituena, baina baita gai sozialei lotuagoa edo kontzientziatuagoa ere”. Diskoaren azala Yogurinha bera bezain deigarria da. Kiko Alcazar argazkilaria arduratu da diseinuaz eta kolore arrosak dira nagusi, baita Yogurinha beraren irudia ere. “Burusoil agertzen naiz argazkietan, androginotasun puntu bat eman nahi izan diot horrela nire irudiari. Bada garaia moldeak apur-tzeko!”, aldarrikatzen du artistak.
Gai anitzak jorratu ditu disko honetan Yogurinha Borovak. Eraso sexistarik ez du izena bere lehen single-ak, eta horren bidez, “duintasuna” aldarrikatu nahi izan du sortzaileak. Reggaeton doinu dantzagarrien atzean, aldarrikapen argia dago, kantaren izenburuan asmatu daitekeen bezala. “Kasu askotan musika mota hau matxismoarekin lotu ohi da eta nik buelta eman nahi izan diot horri”, kontatu du. Emakumeen eta LGTB kolektiboaren aurkako indarkeria gaitzesten du Yogurinhak kanta horretan, bere estiloan betiere, dantzaz eta doinu itsaskorrekin.
Euskarari bultzada Bere aurreko diskoetan bezala, euskaraz abestera ere animatu da Yogurinha, eta euskarazko hiru kanta sortu ditu: Bihotza, Begirada terrorista eta Eraso sexistarik ez. “Euskara bultzatu egin behar da eta ni gustura senti-tzen naiz hizkuntza horretan abesten”. Bere musika Euskal Herritik kanpo ere entzuten da eta, Yogurinharen ustez, gure hizkuntzari bultzada emateko beste modu bat ere bada hori. “Normalena ingelesez abestea da, horrela zabaldu egiten baituzu merkatua baina nik kontrakoa egin dut, gero eta abesti gehiago sortzen ditut euskaraz”. Txilera, Sevillara zein Australiara joan izan da eta bertan emanaldiak eskaini izan ditu Yogurinak, eta jendeak “flipatu” egiten duela kontatu du. “Björk naizela ematen du, islandieraz edo abesten. Askotan abestiak itzuli egiten ditut euskaraz ez dakien jendeak ere uler ditzan, izan ere, erritmoa dantzatzeaz gain, interesgarria izaten baita nire mezua zabaltzea”.
Argazkilaritza eta ikus-entzunezkoen mundua oso gogoko ditu Yogurinhak. Bere musika ibilbidean zehar, hainbat bideoklip egin ditu, guztiak deigarriak. Esnekiak gogoko ditut edota Maite duzunarekin gozatu abestiekin arrakasta handia izan zuen, eta Eraso sexistarik ez bere single berriarentzat ere zer edo zer berezia prestatzen hasi da jada. “Gai gogorra den arren, kolorez eta maitasunez beteriko bideoklipa izango da, borroka hori azaleratzeko beste modu bat”.
Youtuber bihurtuta Bideo eta ikus-entzunezkoen arloan ere badago Yogurinharen beste fazeta bat ere. Izan ere, Youtube kanala ere badu sortzaileak. Esan beharra dago egun oso modan dagoen plataforma dela hau eta youtuberra izatea mende honetan sortu den lanbide berria dela. Nahiko aktiboa da Yogurinha sare sozial honetan, eta mota askotako edukiak sortzen ditu: txisteak, LGTB gaien inguruko elkarrizketak, musika, umorezko bakarrizketak? “Ikus-entzunezkoen mundua betidanik gustatu zait eta ez zait batere kostatzen kamera aurrean agertzea eta eduki berriak sortzea”, kontatu du. Hala ere, onartzen du ez dela batere erraza Youtuben nabarmen-tzea, izan ere, “eskaintza benetan zabala dago plataforma honetan”.
Geldirik egon ezin den horietakoa da Yogurinha Borova, beti du proiekturen bat esku artean: karaokeak, bingoa, Youtube, bideoklip berriaren prestaketa? Urteak pasata bere lana gero eta gehiago maite duela kontatu du. Batzuetan gogorra den arren, oso momentu alaiak ere ematen dizkiola azaldu du Yogurinhak. Bere abestiak zuzenean en-tzun nahi izanez gero, ostiralero, Bilboko Key pub-ean egoten da, maitasunez eta alaitasunez beteriko ikuskizuna eskaintzen.