Hizkuntza bateko adreiluak dira hitzak, haiek gabe ezin dira esaldiak eraiki. Euskarak ere baditu milaka hitz, milaka adreilu, eta euskara batuaren oinarri sendoak izan daitezen, adreilurik egokienak aukeratzen ditu Akademiak. Euskaldunok Hiztegi Batua-n aurkituko ditugu euskara baturako onartutako hitzak eta Euskaltzaindiaren Hiztegia-n, ostera, haien definizioa, adibideak eta informazio osagarria. Alegia, euskara estandarrerako ezinbesteko tresna dira hiztegiok.
“Zeintzuk diren euskal hitzak eta nola idazten diren erabakitzea”, horixe da Euskaltzaindiaren zeregin nagusia hiztegigintzan, Andoni Sagarnaren esanetan. Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren arduradun nagusia da bera, Miriam Urkiarekin batera. Euskara normalizatzeko, batua beharrezkoa dela dio Sagarnak eta, bide horretan, Euskaltzaindiak legez aitortutako eskumena eta gizartearen onarpena dituela gogorarazi du.
INTERNETEN ESKURAGARRI Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren bigarren argitaraldia atera zen 2016ko urrian, nobedade handi batekin: Interneten doan kontsultatzeko moduan dago hiztegia eta, teknologia berriek ematen duten erraztasunari esker, sarrera berriak gehitu edo daudenak hobetu daitezke, hurrengo edizioari itxaron beharrik gabe.
Interneti esker, edozein kontsulta modu bizkor eta errazean egin daiteke. Hala ere, ez da ahaztu behar lan luze eta arreta-tsua dagoela Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren atzean. Miriam Urkiak azaldu duenez, bi fase nagusi ditu prozesuak: Lehenengo, Hiztegi Batua-ren lantaldeak aztertzen ditu hitzak, euskal formak zein-tzuk diren eta batuan nola idatzi behar diren erabakitzeko. Horren ostean, Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren lantaldearen bidez, onartutako hitzen definizioa eta informazio osagarria idazten da.
Hiztegian sartzeko hautagai diren hitzak corpusetatik ateratzen dira. UZEIk aurrelana egiten duela dio Urkiak, aproposak izan daitezkeen formak proposatuaz. “Forma bakoi-tzaren argazkia bidaltzen digu UZEIk, hau da, hitz bat nork, noiz eta nola erabili duen, eta horren arabera erabakitzen dugu hiztegian zer sartu”. Orain arte, euskal testuetan gehien agertu diren hitzak sartzeari lehentasuna eman badiote ere, maiztasunaren irizpidea “agortua” ikusten du Urkiak: “Aurrerantzean beste bide batzuk bilatu beharko ditugu”.
Gaur egunera arte, 60.000 forma aztertu dituzte (43.000 onartu dituzte hiztegirako), xehetasun handiz aztertu ere: Lantaldeetan ez ezik, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkuran aurkezten dira proposamenak. Lau edo bost euskaltzainez osatutako batzorde ahaldundua ere badute eta, defizinioak idazteko, hiru erredaktore. Prozesu luze horri esker, “adostasun handia” lortzen dela dio Urkiak.
GORABEHERAK HITZEKIN Hiztegigintza inoiz amaitzen ez den lana da, hizkuntza bera ere aldatzen eta berritzen doan neurrian. Kontzeptu berriak izendatzeko hitz berriak agertzen direnean, Euskaltzaindiaren Hiztegia-n sartzeko hautagai bihurtzen dira. Horren harira, Urkiak azpimarratu du Akademiak ez duela ezer asmatzen, “informazio guztia corpusetatik ateratzen dugu”. Hitz berri batek gizartean bidea egiten duenean, orduan sar daiteke Hiztegi Batua-n, bere esanetan.
“Erabilera arruntean bidea egin arte itxaroten dugu”, dio Urkiak. Webgune hitzaren kasua gogoan hartu du: Euskaltzaindia begira egon zen, hasieran website eta webgune erabiltzen zirelako. Azken hori orokortu zen arte, ez zuten forma horren alde egin. “Gainera, euskal osaera txukuneko hitza da”, hitz berriak onar-tzeko bidean, euskararen barne-arauak bete-tzen dituen ere kontuan izan behar baita.
Irizpideak garbiak izanagatik, eztabaida sortzen duten hitzak agertzen dira noizean behin. Urkiak ondo oroitzen ditu forfait hitzarekin izandako gorabeherak. Gaztelaniaz duen esanahia eman nahi izan zioten, baina Ipar Euskal Herriko euskaltzain batek ohartarazi zien beraiek beste era batean erabiltzen zutela. Era horretako maileguek sortzen dituzte eztabaidarik luzeenak, Urkiaren esanetan.
Hitz batzuen definizioarekin ere egon dira polemikak. Esaterako, ijito hitzaren adieretako batek etnia hori gutxiesten zuela eta, kexa heldu zitzaion Euskaltzaindiari. “Eztabaida luzeak izan genituen hitz horren kontura”, dio Urkiak. “Hiztun batzuek ijito erabiltzen badute maltzurra esateko, guk jaso egin behar dugu, ezin dugu erabaki zer jasotzen dugun eta zer ez”. Baina adiera horiei markak jar-tzen dizkiete hiztegietan, hiztunak jakin dezan iraingarria izan daitekeela halakoak erabiltzea. “Kontuz ibili behar dela ohartarazten dugu, hori ez dela hitz normal bat”.
HITZEN KONBINAZIOAK Eztabaidak eztabaida, Euskaltzaindiaren Hiztegia egunetik egunera hazten ari den lana da. Urkiaren esanetan, hazkunde hori ez da jasotako hitzen kopurura mugatzen. Forma bakoitzak dituen erabileretan ere sakondu nahi dute, azpisarrerak gehituta eta hitzak erabiltzeko jarraibide zehatzagoak jasota. “Hitzak elkarrekin nola konbinatzen diren erakutsi nahi dugu, esaterako, urratsak egin esaten da, baina urratsak eman ez”.
Sagarnaren arabera, era horretako informazio gehigarriari esker, hizkuntzaren oinarrizko egitura agertzen zaio erabiltzaileari, alegia, gramatikaren inguruko oharrak ere ematen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegia-k. Euskarazko hitzak dira euria, hasi eta bukatu. Hiztegiak ematen dituen datuei esker, haien esanahia ez ezik, jakin dezakegu euskaraz euria hasi du esan daitekeela, baina euria bukatu du ez.
“Hiztegian dagoen edukia ez da ateratzen hizkuntzalariaren burutik, erabileratik baizik, erabilera zaindutik”, azaldu du Sagarnak. Hiztegiak izaera arau-emailea du, baina, funtsean, gizartean hitz bat edo egitura gramatikal bat nola erabiltzen den erakustea da asmoa. “Batek galdetzen badit ea esan dezakeen euria bukatu du, erantzungo nioke esan lezakeela, baina ez esateko. Kalera ere joan zaitezke txapel horia, gorbata morea eta galtza motzak jantzita, baina erabilera soziala ez da hori”.
INTERNETEN IRAULTZA Gainera, hitz baten bilakaera historiko guztia ikus daiteke bertsio digitalean, bilaketa aurreratuko Iturriak ikusi atalean klik eginda. Egundoko aurrerapausoa izan da hori, Sagarnaren ustez. Izan ere, Orotariko Euskal Hiztegia-n, XX. Mendeko Corpusean eta Lexikoaren Behatokian hitz horretaz jasotako guztia bistaratzen da. Are gehiago, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa bilaketa aurreratu horretan sartzeko lanean ari da Euskaltzaindia eta laster plazaratuko dituen lan berrietako datuak ere Euskaltzaindiaren Hiztegia-ri lotuta egongo dira, adibidez, hiztegi etimologikokoak.
Hiztegigilearen lana ere goitik behera aldatu dute ordenagailuek eta internetek. “Lehen kartulinazko fitxekin lan egiten genuen, orduak pasatzen genituen hori ordenatzen”, gogoratu du Sagarnak. “Ordenagailua etorri zenean, aldaketa izugarria izan zen. Niri esaten zidaten afizioa nuela ordenagailuarekin. Afizioa ez, esker ona! Lan astun eta aspergarrietatik salbatu gaitu”. Sarrerak edonoiz gehitu edo zuzentzeko bidea ematen du formatu digitalak. “Euskaltzaindiaren Hiztegia aurkeztu zen egunean, ekitalditik atera ginenerako bagenuen lehenengo oharra, eta berehala egin genuen zuzenketa”, azaldu du Urkiak. “Paperezko bertsioa, atera genuen egunean bertan hilda zegoen”.