Bizkaiko Trikitixa lanarekin ia orain dela hamarkada bat bere debuta egin zuenetik, eboluzio etengabea izan du Xabi Aburruzagak (Portugalete, 1978). Tradizioari uko egin gabe, “trikitia esparru berrietara, aurrez ezagutu gabeetara eramatea” maite duela dio, eta horixe egin du bere lan berrienean. Denboraren naufrago (2009) eta Geure (2013) diskoen ostean, euskal doinuak zelta musikarekin uztartu ditu Keltik lanean. Azken urte hauetan ezagutu dituen Irlanda, Eskozia, Bretainia, Galizia eta Asturiaseko 40 kolaboratzaile izan ditu bidaide proiektu honetan.
‘Keltik’ izenak berak ematen du pistarik: disko berriak zerikusia dauka musika zeltarekin, ezta?
Bai. Zelta musikari eginiko omenaldi bat da, baina nire ikuspegitik, Euskal Herritik begiratuta. Beti sentitu izan dut lilura zelta musikarekiko. Azken urteotan nire ibilbidean musika klase horrekin zerikusia izan duten kolaboratzaile ugari izan ditut eta horregatik hasi nintzen estilo horretako piezak sortzen. Konturatu nintzenerako banuen sorta bat, eta proiektu bat aurrera eramatea erabaki nuen euskal musikariak eta zeltak nahasiz, baina euskal oinarria galdu gabe.
Zelta musika eta trikitia ondo ezkontzen direla diozu. Zergatik? Zerk batzen ditu?
Erritmo asko konpartitzen ditugu, nire ustez. Herrialde zeltetan trikitia jotzen dute, gure moduan. Guk biribilketa daukagun moduan, beraiek jig-a daukate, gure arin-arinaren parekoa litzateke reel izenekoa, eta beste hainbat adibide ere badaude. Guretzat oso etxekoa da zelten musika eta horregatik oso eroso sentitu naiz hasieratik proiektu honetan. Oso erraz sartu naiz euren musikan eta beraiek ere bai gurean.
Musika estilo biak maila berean daude diskoan ala trikitiak markatzen du bidea?
Ez dakit zer esan? Erdibideko piezak egiten saiatu naiz. Bilatu dudana da bi kulturak ba-tzea, bi estilo uztartzea, bietakoren bat atzean utzi gabe. Azkenean, entzuleak ezin du igarri gu joan garen herri zeltetara ala beraiek etorri diren gure etxera. Izan ere, joan-etorriko diskoa da Keltik hau, hartu-eman baten ondoriozkoa.
40 kolaborazio inguru izan dituzu. Imajinatzen dut elkarlana ez zela erraza izango. Nolakoa izan da lan-dinamika?
Kolaboratzaile guztiak ez ditugu hona ekarri, noski. Gaur egun teknologia berriek asko errazten dituzte gauzak. Lan potoloa nire bakardadean egin dut, nire trikitiarekin eta pianoarekin: kantuen oinarriak egin ditut, eta geruzak gehitzen joaten naiz ordenagailuan. Musikariengana jo dudanerako kantuek bazuten gorputz bat, proposamen konkretu bat egin nien, beraz. Bueltan jaso ditudan ekarpenak benetako opariak izan dira. Ederra da ikustea zein erraza eta xumea izan den abiapuntua eta azkenean noraino heldu garen proiektu honekin. Asko estimatzen ditudan musikariz inguratuta egon nahi nuen eta halaxe egin dut. Ikusten dut nire hasierako ideia hark zentzua izan duela. Esango nuke nire ametsetako diskoa egin dudala.
Nongoak dira kolaboratzaile guzti horiek? Lehendik ezagutzen zenituen?
Azken urteotan ezagutu ditudan artistak dira. Batzuk ospetsuak dira, besteak beste Alasdair Fraser eta Natalie Haas, Gwendal taldeko lider eta flauta-jolea den Youenn Le Berre... Era berean, badaude gazteagoak ere, horren ospetsuak ez direnak mundu mailan, baina euren herrietan oso ezagunak direnak. Maila handiko musikariak dira denak. Horietako batzuk Euskal Herrian izan ziren Getxo Folk jaialdian eman genuen estreinako kontzertuan eta plazer hutsa izan zen. Ezagutu dute gure lurra, gure kultura, gure hizkuntza? Hori izan da politena.
Euskal Herriko musikaririk izan duzu bidelagun?
Bai noski. Normalean boskote formatuan ari-tzen garen ohiko banda aritu gara: Igor Telletxea baterian, Xabier Zeberio biolinean, Mikel Artieda baxu elektrikoan, Aitor Antruejo gitarran eta mandolinan eta ni neu trikitian. Proiektu honetan, gainera, Txus Aranburu aritu da teklatuan eta Oreka TX taldekoek txalaparta jo dute. Euskal Herriko artisten atala denok batera grabatu dugu.
Letren inguruan zer esan daiteke? Lehentasuna al dauka euskarak diskoan? Beste hizkun-tzarik entzun daiteke?
Diskoko hizkuntza nagusia euskara da, nire lanetan ohikoa den moduan, baina kasu honetan, bestelako hizkuntzak ere entzuten dira: badira kantuak edo kantuen zatiak gaelikoz, irlanderaz, galegoz, bretoieraz, asturieraz? Euskarazko letrak idazten Iñaki Aurrekoetxea eta Jon Maia aritu dira. Aurrekoetxea nire betiko laguna da eta nire disko guztietan kolaboratu izan du. Jon Maiarena nobedadea izan da, disko honetan kolaboratu dugu elkarrekin aurrenekoz.
Betidanik ezagutu izan zaitugu trikitilari moduan, baina nondik datorkizu trikitia jotzeko zaletasuna?
Etxetik, batez ere. Aita pandero-jolea dut, ez da izan profesionala, baina orain ere jotzen du, zaletasunagatik. Umetan, kontserbatorioan instrumentu bat aukeratu behar izan nuenean, akordeoia aukeratu nuen, 7 urterekin. Hala ere, erabat maiteminduta nengoen trikitiarekin, betidanik. 12 urterekin aitari esan nion Rufino Arrola ezagutu nahi nuela eta trikitia jotzen ikasi nahi nuela. Rufinori erosi genion lehen trikitia eta geroztik ez dut alde batera utzi, engantxatuta nauka erabat. Nire-tzat trikitia salbazio bat izan da barruan neukana atera ahal izateko eta konpositore bezala trebatzeko.
Fetitxista samarra ere bazara? Egia da etxean trikitixa mordoa dituzula?
Bai. Atzerrira joaten naizenetan, trikitixaren antzeko musika-tresnaren bat ikusten badut erostea gustatzen zait. Gaur egun, mundu guztiko 33 trikiti ditut etxean. Kapritxosoa naiz horretan. Ezin izaten diot gogoari eutsi eta baten bat beti ekartzen dut etxera.
Trikitia euskal tradizioarekin lotu izan da beti. Tradizioa zerbait irmoa, estatikoa bezala uler-tzen da, baina zuk tradizioa eta modernitatea eskutik doazela diozu. Bere kutsu tradizionala galdu gabe, eguneratzea lortu du trikitiak, zure ustez?
Garaiak aldatzen ari dira eta trikitia bera ere bai. Gaur egun instrumentua asko zabaldu da: trikitia eta musika elektronikoa uztartzen dituzten taldeak daude, trikiti doinuak erabiltzen dituzten DJak, folk estiloko zirkuituetan ere bere lekua egiten ari da? Niri tradizioa asko gustatzen zait, baina bestelako musikak ere bai. Eta ezin da ukatu, talde askori esker, trikitia modan dagoela, eta oso ondo egoki-tzen ari dela gaur egun, batez ere gazteen artean. Zentzu horretan, uste dut osasuntsu dagoela.
Orain dela 10-15 urte sekulako eztanda izan zuen trikitiak gurean. Hori dagoeneko iragana da, ezta?
Nik uste dut gertatu zena ez zela guztiz erreala izan; esan nahi dut, ezinezkoa zen hori mantentzea. Gehiegizkoa izan zen, eta gauza bat gehiegizko bilakatzen denean beti dago arriskua. Orain apur bat egonkortu da kontua. Joerak eta teknikak aldatzen doaz, txapelketek indarra galdu dute, baina gero eta trikiti ikasle eta musikari gehiago daude.
Era berean, ikusten dudana da talde asko daudela aurrekoen bideari jarraitzen diotenak, lehen egindakoa imitatzen dutenak. Ez dut esaten hori gaizki dagoenik, baina hor ekarpen gutxi dagoela iruditzen zait. Saiatu behar gara formula berriak asmatzen. Hori izan da betidanik nire erronka: tradiziotik edatea, baina nire estiloa finkatuz. Trikitilari mitikoen musika oso presente dago nigan, baina tradizioa eta modernitatea eskutik doazela sinetsi izan dut beti, eta hori praktikan jar-tzen ahalegintzen naiz.
Musikari izateaz gain, klaseak ere ematen dituzu. Zelan ikusten dituzu belaunaldi berriak?
Hori ere aldatzen ari da. Gure garaian, gehiago mugitzen ginen kontzertuetara, jaialdietara... Gaur egun, interneti esker, gazteek dena dute eskuragarri, gustuko dituzten musikariak jarraitu ahal dituzte, etxetik atera ere egin gabe. Hor aldaketa handia egon da, nik uste. Beste aldaketa bat ere nabari dut nire inguruan: ikusten dut trikitiaren etorkizuna neskena dela. Gure ikasleen gehiengoa neskak dira, alde handiarekin. Hurrengo hamarkadetan neskak izango dira punta-puntako trikitilariak. Esango nuke benetako iraultza bat datorrela hor.
Eta nola ikusten duzu zure burua, ‘Bizkaiako Trikitixa’ zure lehen diskoa kaleratu eta ia hamar urtera? Zer aldatu da eta zer mantentzen da zugan?
Hasierako ilusioa eta gogoa berdina da, baina nire pentsaera aldatu egin da urteekin. Ikasten joan ahala, ikuspegi zabalagoa daukat orain eta ausartagoa naiz. Gainera, uste dut lortu dudala nortasun bat. Musikari bati gertatu dakiokeen gauzarik onena da jendeak bere musika entzun eta identifikatzea. Hori benetan handia da. Nire ustez, zailena ez da lan egitea, baizik eta jakitea zer den zehazki egin nahi duzuna. Esango nuke azken bi diskoekin aurrerapauso handia eman dudala horretan. Lehen diskoa trikitilari zaharren omenaldi bat izan zen, bigarrena fusioen proiektu bat, baina zerbaiten bila nenbilen eta ez nekien zer zen. Zer egin nahi nuen jakitera heldu naizenean berez atera dira kantuak.
‘Keltik’-ekin gustura geratu zara, beraz. Zein ibilbide egin nahiko zenuke disko honekin?
Oso proiektu luzea izan da. Gainera, nire lehenengo lana izan da musika ekoizle bezala ere. Lan handia izan da, beraz, ahalik eta zuku gehien atera nahi diogu. Momentuz, diskoa ezagutzera eman nahi nuke, lehenengo etxean eta, gero, ahal bada, etxetik kanpo. Baina ez da etekin ekonomikoa bilatzen duguna. Harremanak dira inportanteenak, lan honen inguruan sortu den beste guztia. Niretzat, egin dudanarekin pozik egotea da inportanteena.
Boskote formatuan arituko zarete ostiralean, Leioan. Halako lan potolo bat gutxi batzuen artean defendatu beharra ez al da zaila?
Ba bai. Dena den, laguntza izango dugu. Kontzertu dinamikoak planteatzen ditugu; ikuskizunak izaten dira, kontzertuak baino gehiago. Dantzaz ere baliatzen gara, guk egiten dugun musikak dantzarekin harreman handia duelako. Hala, gure ohiko boskoteaz gain, gurekin izango ditugu oholtzan Arkaitz Pascual eta Nagore de las Cuevas dantzariak. Haiek jantzi eta edertuko dute gure musika.