Gizarte bat ez da bere basoak baino hobea”. W.H. Auden poetak bota zuen esaldia eta premisa horretatik abiatuko da aurtengo Begira Photo jaialdia. Gizarteak naturan duen eragina eta naturak berak gurean duen eragina aztertuko dute hainbat argazki erakusketa eta hitzaldiren bidez. “Bizi garen ingurunea zaintzeko beharraz ohartaraztea garrantzitsua da”, azaldu du Leo Simoes jaialdiaren zuzendariak.
Durangoko Kinua argazki elkarteak antola-tzen du Begira Photo jaialdia 2011tik. “Gure helburu nagusia argazkigintza garaikidea sustatzea eta gaur egun bizi duen egoera azter-tzea da, ikuspuntu desberdinetatik landuta”, jarraitu du Simoesek.
Aurtengo edizioan, teknika, sentsibilitate eta jatorri desberdineko 49 artistek parte hartuko dute. “Basoaren misterioak erakusten dizkigute argazkiek”, aurreratu du topaketaren zuzendariak. Hiru erakusketa nagusi izango ditu jaialdiak, baina horrez gain, tailerrak, hi-tzaldiak, proiekzioak eta argazki-liburuak antolatu dituzte edizio honetarako. “Irudi fotografikoa sortu, kudeatu, ikertu, sustatu eta hedatzeko aukera ematen duen espazioa da gurea”, adierazi du zuzendariak.
Gainera, aurten programak berritasunak ditu eta, Durangoz gain, erakusketak Iurretan, Amorebieta-Etxanon eta Abadiñon ere jarriko dira; horrela, eskualdera zabalduko dute jaialdia. “Erakusketekin, Begira Photok ikusarazi nahi du logika ekologikoa gailendu behar zaiola ingurunea suntsitzea ondorio duen logika ekonomikoari. Horrela, argazkigintza basoek oparitutako edertasunaren lekuko bilakatzen da”, kontatu du Simoesek.
Erakusketak
Zuhaitzen lekuak erakusketak Misha de Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkesselen zuhaitz-paisaiak erakutsiko ditu. Horien lanak Durangoko Arte eta Historia Museoan izanen dira ikusgai. Imanol Marrodanen Frozen trees seriea Urkiolako Parke Naturalean egindako zuhaitz izoztuen bilduma da. “Elurraren, izotzaren eta behe-lainoaren argazki minimalistak jaso ditu”, azaldu du Simoesek. Argazkiak Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroan egonen dira. Azkenik, Zuhaiztia erakusketa kolektiboak Europako, Asiako eta Amerikako 44 argazkilarien lanak jasoko ditu. Basoari buruzko argazkiak dira guztiak eta eskualdeko zenbait gunetan izanen dira ikusgai: Durangoko Arte eta Historia Museoan, Plateruena antzokian eta Udaletxeko plazan, Iurretan eta Abadiñon, hain zuzen.
Simoesek jakinarazi duenez, hurrengo bi urteetarako edizioetan ere naturarekin harremana duten gaiak izango dituzte mintzagai. Harria eta ura izango dira, hurrenez hurren, 2017ko eta 2018ko gaiak erakusketarako. “Gaur egun, inoiz baino gehiago jabetu beharko ginateke gizakiok naturarekin dugun harremanaz. Zer egiten dugu basoekin? Erre egin ditugu, soildu, zikindu?”, ohartarazi du. Hala, Begira Photo jaialdiak “basoari gorazarre” egin nahi izan dio aurten eta paratu diren erakusketek basoaren misterioak agerian uzten dituztela uste du zuzendariak: “Ikuspegi anitzak bildu ditugu eta osagarriak dira paisaiarekin solasean, zuhaitzen bila egindako ibilaldien bidez”.
Erakusketez gain, Begira Photok hainbat ekin-tza antolatu ditu. Batetik, argazkilaritza min-tzagai izanen dute jardunaldietan. “Honekin, argazkiaren jardute artistikoari buruz pentsatu eta eztabaidatzeko unea izatea nahi dugu”, adierazi du Simoesek. Ideien laborategiak tokia izango du ekintza horretan, eta Artearen Historiako adituek, estetika arloko adituek eta nazioarteko zein tokiko artistak eta komisarioak izango dira bertan. Besteak beste, Aitor Ortiz, Eduardo Momeñe, Marta Dahó, Oscar Molina, Laura Terré eta Ruben Ariasek parte hartuko dute.