Bideo-jokoak eta euskara oso gutxitan izan dira bikote. Azken urteotan, halere, egoera iraultzen hasia da; eta ez soilik gero eta ekoizle gehiagok bideo-jokoak heziketarako tresnatzat hartu dituztelako. Izan ere, gaztetxoei zuzendutako ohiko programez gain, sail honetan hainbat mugarri ezagutu ditugu denbora tarte oso laburrean. Euskara hutsean sortutako jokoak (Tribual), produktu eleanitzak (Fronton), itzulpenak (Apalabrados)? Eta beste hainbat. Teknologia berrien masifikazioak horrelako produktuak kalera-tzea bideragarri egin du eta orain gutxira arte pentsaezina zena errealitate bilakatu da: bideo-kontsoletan euskara ikusi eta entzutea, Wii U-rako Aliceren ibaiak jokoan, kasu. Tendentzia izatetik urrun egon arren, industriak hemendik segituko duela ez da txakur-ametsa.

Eta iragana, zer? Bada, gauza guztiekin gertatzen den bezala, bideo-jokoetan ere bueltan da iragana. Retroa bolo-bolo dabil, honen erantzulea den egoera paradoxiko samarra izanagatik. Arestian aipatutako teknologiaren demokratizazioari buruz ari gara; hau da, atzeranzko ingeniaritza oinarrizkoa edonoren esku egoteari buruz. Izan ere, gaur egun, emuladore eta erreminta xumeak erabilita, kontsola zaharren kartutxo garestien edukiak aldatzea erraza da. Gutxi behar da, azken batean, iraganaldi erdalduna izan duten joko klasikoen kodea aldatu eta gurera euskaratuak ekartzeko.

Praktika hau ez da munduko ekintzarik legalena, baina ilegalena ere ez. Nahiz eta aldatutako kopiak zabaltzea espresuki legez kontrakoa izan, hutsune batek onargarri egiten du soilik kode berria banatzea (egokitutako testua, esate baterako).

Partxe hauek nahiko ohikoak dira frantsesez eta gazteleraz; eta orain gure hizkuntzan ere ugaritzen hasi dira. Game Erauntsiako @arranobeltza erabiltzailearen Pokemon Ruby-ren proiektuak ireki zuen bidea, eta hautsak arras harrotu zituen, bideo-joko giroan zein euskal komunitatean. Honek itzulpen gehiago egitera animatu zituen zaleak, eta amaitutako lehenengoa aurki zegoen prest: Super Mario Bros. Benetako ikonoa, historiako jokorik salduenetako eta inportanteenetako bat? Oso abiagune sinbolikoa, azken batean.

Hortik astebetera, Mariori konpetentzia egiteko edo, Alex Kidd, SEGA konpainiaren maskota ohia, euskaraz hitz egiten hasi zen bere lehenengo abenturan, Alex Kidd in Miracle World jokoan. Euskal Herrian bereziki ezaguna, Master System-eko erabiltzaileak nostalgiak jota geratu ziren pertsonaia belarri-handia harri-orri-ar! esaten entzun zutenean.

Martxa hartuta dago, eta etorkizun hurbilean joko gehiagorako partxeak egongo dira eskuragarri www.gamerauntsia.eus atarian. Esaterako, Game Boy Advance-rako Metroid Zero Mission programa azken ukituak jaso-tzen ari da. Halaber, The Legend of Zelda bideo-abenturen aitona ere hasi da euskaltegian, printzesaren kondaira euskaraz birkontatzeko sagaren lehenengo atalean. Proiektu andana beraz begi-bistan, eta gauza bat behintzat ziurra: hizkuntza baten normalizaziorako aisialdia ezinbestekoa bada, bide onetik goaz.