Bilboko La Taller galeriako erakustaretoa horma bihurtu du Charo Garaigortak (Getxo, 1961). Gauza miresgarrien horma izenburupean, paperezko 75 piezek osatzen dute artista getxoztarrak ikusgai jarri duen bilduma. Birmargotuak izan diren marrazki, collage eta testuen fotokopiak dira jaun eta jabe. Dena den, adierazpen ugariko erakusketa dugu La Tallerrekoa. Marrazkiak dira nagusi, batez ere, finish argazki batetik abiatuta sor-tzen diren irudiak, hain zuzen, Tiblisiko Banku Zentralaren irudiaren transformazioa, kasu, artista bizkaitarraren maniak eta akatsak pixkanaka-pixkanaka agerian uzten dituena.

Artistaren esanetan, “etxe desberdinen transformazioak sortzen dituen sentsazioak helaraztea” du xede erakusketak. Bere lanean, fatxaden argazkiak fotokopiatzen ditu Garaigortak, ondoren zatietan mozteko. Fotokopiak bere ohiko mekanismoarekin egiten ditu, Cannon Irc 4980 fotokopiagailu batekin. Asteburuetan aritu izan da lanean getxoztarra proiektu hau aurrera eramateko, fatxada horretako ehunka fotokopiak nola banatu pentsatzen. “Hasieran, eskala eta simetrien arteko jokoak sortu nituen; geroxeago, simetrien arteko elkarguneetan loreak jarri nituen; primeran sentitzen nin-tzen”, dio Garaigortak. Izan ere, bere eguneroko lana garatzen lagundu dio obra honen lanketak. “Gehien landu dudan eraikuntza Tiblisiko Garraio Ministerioarena da”, dio. “Bizitza” duen eraikina dela aipatzen du, “bitxo bat da. Eraikin honekin hasi nintzen obra honetan lanean”.

Getxoztarrak ez zuen helburu argirik horma miresgarria eraikitzen hasterakoan, baina bai “bihozkada” bat, bistaratzeko saiakera bat eta, era berean, bihozkada hori artea ikusteko edo pentsatzeko era batera eramatea eta komunikatzea. Era berean, obra honen sorkuntza prozesuak ikasteko balio izan dio Garaigortari, “diziplina bat izan da niretzako”, dio. Hiru urte darama-tza artistak horma hauek formatu eta eduki desberdinekin eraikitzen, “pentsatze kontzientzia garatu eta hau niri eta gainontzekoei ikusarazteko xedearekin. Artearen kon-tzientzia da, artearen heziketatik bainator”.

Bi ataletan banatuta

Bi fasetan banatu du bilduma artistak: Aurrenekoa, Promesa dugu, eta hauxe da egun hauetan Bilbon ikusgai dagoena. Prozesu baten hasiera eta bukaera erakusten da lan honetan, baina erdiko urrats guztiak ezkutatuz. “Lehenengo piezei aurrean duten beste hormako elementu amaituetan transformatuko direla zin egiten zaie”, azaldu du. Twist da bigarrena, lanaren prozesua bera erakusten duten obraz osatutako fasea, azkeneko emaitza helburu duen eraikin baten errotazioa, aldaketa eta mutazioa. “Arazo baten ebazpena, Duchampek esango zuen moduan, arazorik ez dagoenean”, gehitu du.

Hormako piezen materialari dagokionez, Mylar paper gardena erabiliz sortu ditu denak. “Kapa koipetsu bat da, eta bertan dagoena erdizka baino ezin da ikusi; misteriotsua da, elementuen formak sumatu ditzakezu, baina ez ikusi”, azaldu du egileak. Eta bi irakurketa daude: Mylarraren azpikoa (fotokopiak) antzeman daitekeena da; eta, gainekoa, ikurren sistema izango litzatekeena, habeak edo leihoak non dauden markatzen dituena.

Eraikinen irudiak Soviet Modernism/ The Unknow Histori liburutik atera ditu Garaigortak. “Ez nuen beren-beregi bilatu, New Yorkeko Strand liburudendan topatu nuen.” Une hartan bertan, erosteko beharra sentitu zuen, argi baitzeukan bertatik zerbait berezia aterako zuela. “Liburua ikusi eta dei baten antzeko zerbait sentitu nuen, ekin-tzarako behar bat”, aitortu du.

Izan ere, Garaigortak hamabi urte eman zituen Sagar Handian. Bertan, NY Columbia Unibertsitatean ikasi zuen, Leioako Arte Ederretako fakultatetik igaro ondoren. Ikasketak bukatu eta berehala jarri zen artista gisa museoen testuinguruaren arte eta hezkuntza lana uztartzen. Urte guzti horietan, Moma, New Yorkeko Guggenheim, Bronx Museum eta Yeshiva Unibertsitateko Hezkuntza sailetarako egin zuen lan. Duela bederatzi urte itzuli zen Euskal Herrira eta Gasteizeko Artiumeko Hezkuntza ataleko arduraduna izan da. Artista gisa ere lan egiten jarraitu du, bere azken fruitua La Tallerreko Gauza miresgarrien horma izanik.

Erakusketa abenduaren 23ra arte egongo da ikusgai, baina prozesu honekin jarraitzeko asmoa duela azaldu du Garaigortak. “Erakusketa obra aurkezteko formatu bat baino ez da izan. Orain, liburu bat egin nahiko nuke. Esteban Ayastuy-k obra honen testu eta bideoak sor-tzen lagundu dit eta liburu forma hartzen hasi den lan interesgarri bati hasiera eman dio”, aurreratu du.