Euskal dantza, dantza garaikidea, euskal ohiturak, kantagintza tradizionala, antzerkia… guzti hauek bat egiten dute oholtzaren gainean, oinarri zehatz bat duen disziplina anitzeko ikuskizuna onduz: Suak su. Emanaldiaren sustraia den elementuak ematen dio izena Meñakoz Kultur Elkarteko Meñakoz dantza taldeak sortutako azken lanari: sua. Aurreko urtean prestatu eta estreinatu zuten Barrikako San Joan gauean, eta orain arte abian jarraitu dute Euskal Herriko hamaika txokotatik; besteak beste, Leioako Umore Azokan aritu dira berriki. 

Dantza taldeak 2017an hasi zuen ibilbidea, baina Arrate Lopez, Meñakoz dantza taldeko dan-tzariak adierazi duenez, 2019an aldaketa bat egon zen dantzari dagokionez: “Urte horretan hasi ginen dantza mota hau egiten, nolabait euskal dantzak eta dantza garaikidea nahasten, alegia”. Hau “berritzaile” gisa definitu du, hastapenetan euskal dantza tradizionala ikasten baitzuten.

EMANALDI BERRITZAILEA

Ugaritasun horren barruan, zailtasunekin ere egin zuten topo. Lopezen esanetan, Gorka Granado zuzendariak taldearentzat berria zen dantza irakasteko eskolak ematea proposatu zien. Dantzariak, beti prest daudenez, aurrera egin zuten. Suak su emanaldiaren kasuan, joera berritzaileak haustura suposatu du aurreko ikuskizunarekiko; izan ere, aurreko emanaldia, Labarretan, tradizionalagoa zen. Are, dantza mota ez da bi emanaldien arteko ezberdintasun bakarra: istorioa ere aldatzen da. “Ikuskizunean sua oinarria dela esan daiteke, gure kulturan eta hainbat urteetan zehar tradizio moduan elementu oso garrantzitsua izan delako, hainbat gauzetarako erabili izan da”, azaldu du Lopezek. Labarretan lanean, ordea, lurra eta itsasoa izan ziren oinarrizko elementuak, ama lurraren gaur egungo egoeraren nolakotasuna adieraziz. Ondorioz, bi ikuskizunek daukaten elementu komuna ikus daiteke: natura. 

Elementuaren garrantzia dela-eta erabaki zuten sua erdigunean jartzea: “Gure arbasoek eskuak berotzeko, janaria prestatzeko, gauzak erre-tzeko eta haren inguruan dantzatzeko erabiltzen zuten”. Horrez gain, biek naturarekin zerikusia izateak nahita hartutako erabakia izan dela zehaztu du Lopezek. Gai horietan sakon-tzea, eta ostean antzeztea errazagoa da; finean, tradizioarekin eta euskal kulturarekin lotzea da ideia. 

Istorioa zehaztuta egon arren, tarteka, mugimenduen bidez helaraztea zaila izan daiteke. Oraingoan, ordea, ez dute aparteko arazorik eduki. Hasieran moldatzeko arazo txiki batzuk eduki zituzten, baina dantzarien eta abeslarien izaerak oso lagungarriak izan dira ideiak aurrera eraman ahal izateko: “Izaera sendoa daukagun pertsonak gara, hori da hain zuzen helarazten duguna: indarra”. 

PIEZA ERAIKITZEN

Emaitza publikoak ikusten duen bakarra da, bai, baina haren aurretik sortze prozesua dago. Lopezek Granado zuzendariari egotzi dio lanketa: “Ideia orokorra berarena da, eta ez da lan erraza izan: bakoitzaren beharretara moldatzen joan da”. Hala ere, dantzetara egokitzeko izan dituzten zailtasunak azpimarratu ditu: dantza garaikide eta berritzaileetan sakontzea esperientzia ezezaguna izan da kideentzat. Hori dela eta, aurreko ikuskizuna eskaintzea “errazagoa” izan delakoan dago kidea, Labarretan, oro har, tradizionalagoa delako. 

Ezberdintasunak eta amankomuneko ezaugarriak alde batera utzita, Suak su piezak hainbat berezitasun ditu dantzariaren iritziz. Alde batetik, musika zuzenean entzuten dela zehaztu du, abeslarien ahots “itzelekin” lagunduta. Bestetik, maiztasun handiz ikusten ez diren dantza berritzaileekin batera antzerkia eskaintzen dute. 

Ikuskizunak suak herrian eduki duen istorioa azaltzeaz gain, bi aldarrikapen barnebiltzen ditu: bata naturarekin lotuta, eta bestea gizabanakoekin. “Gure arbasoek tradizionalki sua nola erabiltzen zuten adierazten dugu, baina honen alde txarra ere erakusten dugu, hain zuzen ere, gaur egun gure basoetan duen eragin negatiboa”, argitu du kideak. Gainera, emakumearen egoera ere helarazten dute, emakumearen indarra. 

Guzti honen aurrean, uste zutena baino askoz hobeto bizi izan dituzte eskainitako emanaldiak; batez ere, publikoarengandik jaso dutenarengatik: “Publikoak eman dizkigun animoak eta berotasuna oso positiboak izan dira; hau asko igartzen da oholtza gainean”, azaldu du Lopezek. Barrutik publikoa nola hunkitzen den ikusteko aukera izan dute, eta une horietan ohartzen da dantzaria duen ogibide politaz.

Sua erdigunean, txapelak, zintzarriak, irrin-tziak, zuhaitzak, udako solstizioa, eguzkia, sorginak, arbasoen ohiturak, akelarreak, egurrak… elementu guzti hauek batuz Meñakoz dantza taldeko kideak Suak su ikuskizunaren birarekin jarraituko dute. Are, Lopezek aurreratu du beste emanaldi bat prestatzen ari direla: Barrikan ekainaren 23an egongo da emanaldi hau ikusteko aukera.