Gizatasunari buruzko interpretazio xumea irudikatu du Felipe Juaristik Piztutako Etxean. Baikortasunak gidatzen duen mundu errealetik jasotako ikuspegia irudikatzen dute poemek. Orobat, gizakiok pairatzen eta bizitzen ditugun pasioez eta desiraz aritu da idazlea: "Bizitzari buruzko ikuspegi bat da poema bilduma. Sentitzen duguna, bizi-tzen duguna? Errealitatea hori da, bizi duguna, eta ez fantasia edo utopia", adierazten du.

Guztira, hogei poemek osatzen dute Piztutako Etxea. Horietan, gizatasuna eta gizakiak dituen kezkei eta desirei buruzko gogoeta irudikatzen du Juaristik. Errealitatea behatzeko bere ikuspegia aurkeztu duela dio, gizaki jakin batek eman dezakeena, alegia. Gizatasunari buruzko hausnarketa bat baino gehiago, pasio horien gaineko burutazioen zertzeladak plazaratu ditu, autoreak berak argitu duenez. Bere esanetan, "oso zaila" da poesiaren bidez gai jakin batean sakontzea: "Hausnarketa egiteko poesia ez da egokiena. Poesiak ez du espaziorik uzten, justu eragina izan dezaketen puntuetara iristen da. Zirrara edo mina egiten duten puntuetara, esaterako".

Askotariko gaiak lantzen dira Piztutako Etxean. Aipatzekoak dira, hala nola, itxaropena, maitasuna, denboraren garrantzia, desirak, poza? Azken honen inguruan mintzatu da poeta: "Pozak irekiagoak egiten gaitu. Pozik baldin bagaude zerbait transmititzen dugu eta ez bagaude, uxatu egiten dugu jendea, ezer ez dugulako transmiti-tzen. Askotan tristura eta haserrea maskarak izaten dira bakarrik, jendeari esateko: begira ze haserre nagoen. Poza ere maskara bat da, baina maskara izanik ere, hobe da beti alaitasunarekin adieraztea".

Ildo honi jarraiki, poema bilduma "baikorra" dela dio. "Badakigu mundua ez dagoela ondo, baina ezin dugu pentsatu: ez dago ezer egiterik; horrek ez baitigu ematen eskubiderik ez saiatzeko". Bere aburuz, poza transmititzea "errazagoa" da gizakiarentzat, baina gaineratzen du gizartean ez dagoela ondo ikusita pozik egotea edo alai ibiltzea: "Toki batean sartu txistua jotzen eta begiratzen zaituzte erotuta bazeunde bezala. Euskaldunoi kosta egiten zaigu barre egitea edo jendearen aurrean barrezka agertzea. Gure tradizioak dira eta horrek ez gaitu txarragoak egiten".

Poeten jarrera Sakontasunak ez du zerikusirik tristurarekin. Hala azaltzen du Juaristik bederen: "Poeten artean jarrera edo moda hau dago: badirudi idazleak triste egon behar duela zerbait idazteko; horrela, poemak zenbat eta tristeagoak, orduan eta sakonagoak dira. Alabaina, uste hori ez da egia". Sakontasuna errealitatea aztertzearen puntu bat dela dio, ikusten dena adierazten denean. Autorearen esanetan, poetek errealitateari ihes egiten diote, oso arrunta, oso azalekoa iruditzen baitzaie: "Ez dagoen zerbait da poetak bilatzen duena normalean, ideal moduko bat, edertasunaren ideal bat, gizatasunaren ideal bat? horregatik poeta tristea da".

Izenburuaren jatorria Liburuxkaren izenburuaren hautapenari buruzko azalpenak ere eman nahi izan ditu: "La Casa Encendida izeneko leku bat dago Madrilen. Terraza handi bat dauka eta Madril osoa ikusten da. Horra joaten nintzen idaztera eta iruditzen zait titulu polita dela". Halere, kasu honetan piztutako hitzak beste esanahi bat daukala zehaztu du: "Piztutako hori argia ematen duena da, seinale moduko bat nora goazen jakiteko?". Izenburuak ere badu nolabaiteko lotura edukiarekin: "Batez ere neure buruari argia eman nahi nion, erakutsi nahi izan dut zer garen". Itxaropenari, askatasunari, gorputzari, desirei buruz, iragana nola pasatu den, geure burua aldatzea zer zaila den? Ikuspegi bat ematea da, eta horretan dena dago". Juaristiri jarraiki, idazterako garaian bi elementu nagusi hartu behar dira kontuan: askatasuna eta lasaitasuna. "Nahiz eta poemak eroak, urduriak izan, poeta beti lasai egon behar da. Ez dago beste modurik idazteko. Inork ez dizu esan behar nondik jo behar duzun, zuk erabaki behar duzu", ondorioztatzen du.