Igeriketan egin eta geldiune batean Elorreta eta Kurutzeberriren tontorrak ikuskatu. Hori da Aretxabaletako polikiroldegian eskaintzen den kirol-esperientzia bereizgarria. Aretxabaleta inguratzen duten mendikateek margo dinamiko bat balitz bezala igerilekuaren pareta bat osatzen dute, erakargarritasun magikoa duen pareta dela esan gabe doa. Izan ere arkitekturak badu gaitasuna, eraikinaren erabilera egokia ebazteaz gain, bestelako balio gaineratuak eskaintzeko, adibide honetan bezalaxe. Horretan datza arkitektoaren erronka nagusia hain zuzen ere, irakurketa propio bat egin eta eraikinari eranstea. Ibarra polikiroldegiaren diseinu gida-lerroak azaltzen saiatuko gara arkitektoaren egitekoa ulertze aldera.
Kontatu dugun leihoaren ikuskizun egoera igeriketaren esperientziara gaineratzeko nahiak polikiroldegiaren erabaki nagusiak arautu dituela baiezta daiteke, leihatearen osaerarako bi gorputz desberdin sortu baitira bata bestearen gainean jarriz. Alde batetik, oinalde bolumen bat, maldaren egokitzapena ahalbidetzen duena, eta bestalde, gorputz lirainago bat paisaiari begira dagoena.
Honela, polikiroldegiak ederki uztartu ditu lekuak dituen ezaugarri berezi bi: topografia malkartsua eta bailara eratzen duten mendilerroen presentzia barneratzea. Leihatearen ikuspegirik erakusgarriena lortzeko altuera irabaztea komenigarria da, beti ere inguruko etxebizitzen altuera-maila gainditu gabe.
Materialtasuna Ideia-motore esaten zaio horrelako helburu nagusi batek arkitektura domeinatzen duenean. Igerilekua paisaia-leiho batez hornitzeko nahiak bolumen eta erabilerak antolatzeko bideak ekarri ditu, topografiaren zailtasunak ebaztearekin batera. Emai-tza ulerterraza den antolaketa argi bat da: urarekin erlazionatutako erabilerak -spa eta igerilekua- goialdean kokatzen dira eta gainon-tzeko zerbitzuak eta kirol-ekipamenduak -gimnasioa, rokodromoa, kirol-kantxa- behealdean. Irakurketa honi lotzen zaio bolumen bakoitzari emandako materialtasuna, helburu berdina indartzeko. Goialdea eta behealdearen arteko desberdintasuna areagotzeko, bata harriarekin eta bestea beiratearekin estali dira.
Aipatzekoa da bestalde, barnealde zein kanpoaldearen akaberek duten erresoluzio elegantea. Gehiegikeriarik gabe, mendien harkaitzei gogorarazten duen gris-tonalitatea nagusitzen da fatxadan, beiratearen gardentasunarekin konbinatuz, eta barnetik pareten egitura zulatua gris tonalitatearekin nahasten da.
Laburbilduz, arkitekturak ahalbidetu du polikiroldegiarekin batera, Aretxabaletako mendikateen begiratoki bat erdiestea.