Txomin Peillen (Paris, 1932) euskal idazle eta euskaltzaina, erizain bidali zuen Frantziako armadak Aljeriara 60ko hamarkadan, hango independentzia gerra bete-betean. Gatazka hartan, frantsesen ikuspegitik harago begiratu ahal izan zuen, arabiar eta berbereekin harremana egiteko aukera izan baitzuen. Hortaz, Aldjezairia askatuta lanak (Txalaparta) testigantza baliotsua ematen digu, alde bietako sufrimendua azaleratzen eta Aljeriako gizartearen konplexutasunaz argibideak ematen baitira, ohiko historia liburuen azalkeriatik urrun. Indarkeria, tortura eta hilketak sala-tzen ditu Peillenek eta herritar xumeen ikuspegitik kontatzen ditu gerrako bidegabekeriak.
Obraren funtsa zortzi ipuin laburrek osatzen dute, Peillenek 1959an eta 1960an, Aljeriako gerran zela idatziak. Garai hartako aldizkarietan argia ikusi zuten istorioetako batzuek eta liburuxka ere atera zen 1982an, baina agortuta dago eta zaila da aurkitzen. Horregatik, ipuinak berriro argitaratzea erabaki du Peillenek, efemeride batzuk kontuan hartuta: "Iaz Aljeriaren bake urtea izan zen", aipatu digu, 50. urteurrena gogoan, "aurten, independentzia eman zion erreferendumarena". Joseba Sarrionandiarekin batera apailatu du lana, Txalapartak argitaratu duena. Sarrionandia, Afrika iparraldeko kultura eta historian lehendik ere murgildua (Moroak gara behelaino artean entzutetsua lekuko), hi-tzaurrearen egilea izan da edizio honetan.
Sarrionandiaren hitzaurrearen eta Peillenen zortzi ipuinen atzetik, Aljeriako gatazka uler-tzeko ezinbestekoak diren argibideak ematen ditu liburuak. Gerra aurreko gizartearen egitura eta ohiturak, gerraren ondorioak eta Abd El Kader Aljeriako nazioaren aitaren biografia laburra aurkituko ditugu, baita 1983an Peillenek Abd El Kaderri idatzitako poema ere, haren heriotzaren mendeurrenean. Txomin Peillenen gogoetak irakurrita, kolonialismoaren kalteaz eta zentzugabeko jardunaz jabetuko gara, baina Aljeriaren independentziak gobernu eredugarririk ez duela ekarri ere jakingo dugu.
HERRITARREN BEGIETATIK Txomin Peillen, beste euskaldun asko bezala, Aljeriara bidali zuten, gerrara. Gazte gehienak soldadu joaten ziren bitartean, Peillenek armadaren erizain jarduteko modua izan zuen, biologoa baitzen ikasketaz eta afizioz. Horrek, borrokaren lehen lerrotik aldendu zuen, baina hala ere, gerraren krudelkeriaz ohartzeko balio izan zion eta hala ida-tzi zituen zortzi ipuinak. "Alferrikako tortura eta hiltzeen aurka nintzen -azaldu digu idazleak-, ordurako bagenekien frantsesak handik joango zirela", kolonialismoaren amaiera odoltsua izan zen, baina. Beste alde batetik, erizain izateak, frantsesekin ez ezik, aljeriar musulmanekin harremana egiten lagundu zion Peilleni, haiek sendatzea egokitu baitzitzaion. "Doaneko Sendatze Zerbitzuan ginenok arabiera apur bat ikasi behar genuen eta zibilekin genituen harremanak; aski ongi moldatzen nintzen baserrietako jendeekin, kristau ala musulman izan".
Hala, Aldjezairia askatuta ipuin bilduman, arabiar eta berbereen ikuspegiak pisu nabarmena dauka, "helburu bat zen magrebtar gizarte horren konplexutasuna erakustea". Ipuin ba-tzuetan, narratzailea europar jatorriko kolonoa da baina, gehienetan, hango biztanleen begirada ezagutuko du irakurleak. 60ko hamarkada hasierako Aljeriako gizartearen egitura, bizi-baldin-tzak, jendearen kezkak gerraz harago, ohitura tradizionalak eta abar jasotzen dira, Peillenek gizarte hura barru-barrutik ezagutu baitzuen. Arabieraz edo berberez dauden esamoldeak tartekatzen dira elkarrizketetan eta Aljeriako mendi idorretako egunerokotasun latza, gerrak are gehiago okertua, kontakizun guztietan ageri da.
Gerran zen artean, Peillen bera frantziar soldaduek aljeriarrei egindako torturen lekuko izan zen. Ipuinetan argi eta garbi azaleratzen du indarkeriaren zentzugabekeria eta alde bateko zein besteko agintarien erabakiek nola eraman zituzten herritarrak sufrimendura. Edozein gatazkatarako balio lezaketen gogoetak eskaintzen dizkigu Txomin Peillenek. Gainera, euskaldunon historiaren zati bat Aljerian dagoela ez genuke ahaztu behar, milaka gazte euskaldun Frantziako armadan borrokatu baitziren. Peillenek, baina, uste du ez dugula informazio egokirik han gertatu zenaz: "Euskaldunek orain arte ezer gutxi argitu dute garaiko Aljerian jendea nola bizi zen, soldadu artean bizi baitziren". Hango kulturaz eta bizimoduaz, Joseba Sarrionandia arduratu dela azpimarratu du, baina ia inor gehiago ez.
Edonola ere, Aljeriako berri izatea, oraindik gaur egun, ez dela erraza salatu du. "Kontsulatuko ba-tzuek gerraterik izan zenik ez dute entzun nahi eta ezin da Aljeria bisitatu; bestetik, lanagatik doazenak, arrautz hauskorrak bezain zainduak dira, integrismoak ez ditu gauzak errazten". Gasa eta petrolioa erruz daude han, baina bizi-baldintzak ez dira hobetzen eta Frantziak badu erantzunkizuna, Peillenen ustez.