Ez dute ni-ren izenean berba egiten Ainhoa Alberdi Gisasolak eta Iraia Elias Muniainek, gu bezala baizik. Ttak teatroko aurpegia izan arren, taldea ez dute biek bakarrik osatzen, antzerki taldearen filosofia lan kolektiboa baita. Sormen lana, alor teknikoa, zuzenketa lanak edota eszenografia lan-talde zabal baten esku dago. Gainera, proiektu bakoitza jende desberdinak osatzen duenez, libreki jolasten dute Ttaken.

Taldearen hastapena 2008an kokatzen bada ere -Eta Karmele lehen antzezlana sortu zutenean-, ofizialki ez dira talde bihurtu iazko udazkenera arte. Zentzu horretan, aldrebesak direla diote: "Guk bilatu gabe etorri zaizkigulako funtzioak". Eta, hori, magikotzat jotzen dute. Bost urte hauetan sortutako obrak irekiak eta libreak izan dira, euren lan egiteko modua ez baita itxia. "Behin egiteko sortu zena ia 100 aldiz egin dugu azken urteotan", kontatzen dute. Urte hauetan guztietan, nortzuk diren galdetu izan dietenetan, "gu Ainhoa eta Iraia gara" erantzun dute. Hortik abiatuta, ofizialki elkartea osatzeko beharra ikusi dute eta bat datoz biak esatean "Ttak izen bat jartzeko beharra baino ez dela izan, akziotik etorri dena". Ttak izenak biek etengabe darabilten adierazpideari egiten dio erreferentzia, alegia, elkar ulertzeko duten hizkuntzako hitz-gakoari.

Emakumearen prisma Antzerkia egiteko estilo propioa dute. Ume txikientzako ikuskizun bat dute, baina beste biak helduentzakoak dira eta hauetan kodigoa teatro absurdoa da. "Ganberroa eta lotsagabea dela esan daiteke". Tamainaren aldetik, formatu laburreko antzerkia egiten du Ttakek. Eszenografiari dagokionez, elementu gutxi erabiltzen dituzte, gauza gutxirekin egitea delako euren filosofia. "Lehenengoan bi aulki, bolante bat eta otartxo bat erabili genituen eta oraingoan bi maleta, pospolo-kaxa bat eta eskutitz-sorta bat". Hori ere bada praktikotasuna bilatzen dutelako. "Gure lehentasuna beti egitea da, ez egitea baino", argitzen dute. Azken finean, edozein tokitan egiteko moduko antzerki obrak sortzen dituzte, gazte-txoko, taberna, gaztetxe zein espazio handietan egiteko modukoak.

Eta Karmele emakumeen tratu txarren ingurukoa da. Ta oain ze? lanak, aldiz, gai asko uki-tzen ditu, oso unibertsalak direnak eta edozeini iristeko modukoak. "Gure barne-ahotsen kanporaketa da, askotan ezkutuan izaten ditugun gure itzal horiena". Ahots horiek ardatz gisa hartuta, maitasuna, giza harremanak edota heriotza bezalako gaiak lantzen dira. Onartzen dute gai sakonak direla eta, gaineratu dutenez, umoretik landu dituztela, "sarri umore bortitzetik". Obran gure alde desberdinek askotan aurrera egiteko boikotatu egiten gaituztela adierazi nahi dute, baita gu izan gaitezkeela gure etsairik handienak ere. Biak emakumeak izatean, emakumeen sentimenduak eta barne-kezkak azaltzen dira batean zein bestean, eta fikzio kutsua izan arren errealitatetik abiatutakoak dira bi an-tzezlanak.

Malgutasuna eta auzolana Arte eszenikoetan antzerkiak baduela tokia uste dute Ttakekoek. Eskaintza badago eta publikoak eskatu egiten du. Hala ere, bereizketa ikusten dute eurek egindako antzerkiaren eta profesionalaren artean. "Gu mugitzen garen espazioetan, alegia, taberna, gaztetxe eta era desberdinetako txokoetan jendea an-tzerkia ikusteko gogotsu dago. Kultura egarriz eta antzerkia ikusteko interesez dago jendea". Antzerkia istorioak kontatzeko tresna indartsua izanik, gauzak esaterakoan gizartean antzerkiarekin kontatzen dela aitortzen dute. Dena den, ez dakite antzerkia hedatzeko behar bezain beste lan egiten den, eurak mugitzen diren esparruan zein esparru profesionalagoan.

Une honetan, Berria egunkariaren 10. urteurrenaren harira, Zertarako Hegoak lana aurkezten dabiltza Euskal Herriko hainbat herritan. Ekainean, Ta oain ze? lanari eutsiko diote berriz, Gernikako Trinkete Antitxokoan an-tzeztuko baitute ekainaren 8an. Hortik aurrerako bidea ez dute programatuta, emanaldiak egiterakoan oso malguak direlako. "Harreraren arabera, baina edozein tokitara eta ahal denik eta gehienetara heltzea da gure nahia". Alabaina, badakitena da, izen handiko taldea izan ez arren, teatroa enkantuarekin egin ahal izateko talde-lanean funtzionatzen jarraituko dutela, hori delako euren arima elikatzen duena.